2015eko uztailaren 1etik indarrean izan arren, iragan urritik aurrera hasi dira iristen argindarraren faktura berriak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko etxeetara. Fakturaren guztizkoa kalkulatzeko sistema da berrikuntza nagusia, baina iraganeko estetikak eta lehengo gabezia bertsuek jarraitzen dute oinarrian: prezioen manipulazioa, gardentasunik eza eta fakturatutako kontzeptuen argitasun falta. Argiaren ordainagirian eragiten duten elementuak eta egoera iraultzeko alternatibak ditugu aztergai lerrootan.
1997an hasi zuen Jose María Aznarren Gobernuak (PP) Espainiako Estatuko merkatu energetikoaren liberalizazioa, egun ustelkeria kasuek zanpatuta duten Rodrigo Rato Ekonomia ministro eta presidenteorde ohiaren eskutik. Prozesu horrek ez du etenik izan ordutik, eta kolore ezberdinetako gobernuek idatzi dituzte istorio lazgarri horren hurrengo kapituluak. “Lazgarri” diogu, merkatu energetiko espainiarraren oligopolioa osatzen duten korporazio handientzat zorion iturri izan arren herritarren patrikak odolustearen kronika delako, nagusiki.
“Tarifaren defizita” ezarri zuen Ratok, eta bere promesa izan zen tranparen lehen amua: “Hartuko ditugun neurriekin argindarraren ordainagiria ez da igoko KPIaren gainetik”. Finean, argindarraren kontsumitzaileak ez zituen ordaintzen horren kostu guztiak, eta estatuak hartzen zituen bere gain, zor modura, konpainia elektrikoei aurrerago ordaintzeko. Fakturaren atxikitze irreala eragin zuen horrek, 2004az geroztik nabaritzen hasi zena. 2011rako 20.000 milioi euro ingurukoa zen Espainiako Estatuak argindar konpainia nagusiekin zuen zorra, 2015erako ia bikoiztu egin dena. Hari horri tiraka ulertu daiteke 2003tik hona erreziboaren batez bestekoa %83,2 igo izana; %10etik gora azken lau urteotan.
Kontsumitzaileak ordaintzen duenaren %35 inguru baino ez da kontsumitutako energiaren kostea. %21 zergak dira, eta geratzen den %44, gutxi gorabehera, ordainsariak. Aipatu ordainsarietan sartzen dira “extra penintsularrak” –Iberiar penintsulatik kanpoko espainiar lurraldeei ematen zaien ordainsaria–, 1997an onartutako “luzamendu nuklearra” –energia nuklearra aitzinatzeko inbertsioak bertan behera uzteagatik Unión Fenosari, Iberdrolari eta Endesari ematen zaien konpentsaziozko ordainsaria–, elektrizitatearen garraioa eta distribuzioa, enpresa industrial handiei egiten zaien tarifa berezia, energia berriztagarriak garatzeagatik ematen diren sariak –horien %80z gaindi jasotzen dituzte konpainia nagusiek– eta arestian aipatutako tarifaren defizita.
Horri gehitu behar zaio oro har herritarrek duten argindarraren kontsumo eredua. Izan ere, urte luzez zer ordaintzen den ez jakiteak inolako kontzientziarik gabe kontratatzera bultzatu ditu erabiltzaileak: 102.259 megawatt daude kontratatuta Espainiako Estatuan, inoizko kontsumo handiena 45.450ekoa izan denean, 2007ko abenduaren 17an. Ez dirudi Euskal Herriko erabiltzaileen kontsumo eredua oso bestelakoa denik.
Fakturaren guztizkoa kalkulatzeko sistema berriak ordukako fakturazioan dauka berrikuntza nagusia, eta Balore Merkatuen Batzorde Nazionalak ezartzen duen PVPC (Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa) tarifari atxiki zaizkion eta kontagailu elektronikoa duten erabiltzaileei eragingo die batez ere. Horietarik askok berau existitzen denik ere ez daki. Areago, amarru bat dago kalkuluan. Izan ere, neurri hau onartu aurretik kontratatutako potentziaren eta kontsumitutako energiaren prezioak aldatu baitziren 2014ko abuztuan, Industria Ministerioaren bultzadaz. Hala, kontsumitutako energiari %11ko jaitsiera aplikatu zioten, baina kontratatutako potentziaren prezioak %63ko igoera jasan zuen. Erabiltzaileek apenas aurreztuko duten ezer, hortaz.
Ekologistak Martxan elkarteko Marisa Castrok argindarraren fakturaren inguruko tailerrak ematen ditu. Argi dauka arazoa heziketa kontua ere badela: “Ez zaigu erakutsi beharrezkoa kontsumitzen. Kontrakoa, nahi adina gastatzera bultzatzen zaigu”.
Castrok ez du zalantzarik egiten alternatibak aipatzean: “Norbere kontsumoaren autogestiotik hasi. Konprobatu zer potentzia behar duzun eta ez ezazu gainetik kontratatu. Kudeatu zure kontsumoak, egin eskura duzuna. Hurrengoa da oligopolioko enpresetatik ihes egitea. Baina nora? Energia berdea saltzen duten enpresak daude. Hori berez ekologikoki oso ona da”.
Alta, urrats bat harago joatera animatzen ditu herritarrak: “Energia berriztagarrien kooperatiba batera joatea da beste aukera, Goiener edo Som Energia kasu. Erabakiak hartzeko garaian ahalmena izateaz aparte, horiek ziurtatzen dute energia berriztagarria dela. Azken hori bera Iberdrolak eskaintzen dizu, baina Iberdrolarekin kontratatzen baduzu, ez da inoiz ezer aldatuko. Guztiok energia nuklearrik edo ziklo konbinatuko zentralik erabiltzen ez duten kooperatiba batera bagoaz, aldiz, sistema aldatzeko gai izango gara. Kooperatiba bati edo konpainia handi bati erosteak ez du hainbesteko alde ekonomikorik. Benetako aldea sortzen den kultura da. Kontsumoa kontzientea izatea”.