argia.eus
INPRIMATU
Noren esku dago?
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2016ko urtarrilaren 14a

Polarizazioa. Alderdi zaharrak eta berriak. Sistemak berdin jarraitzearen aldekoak eta aurkakoak. Horixe da Espainiako komunikazio-etxe handiek sortu eta kanpainan behin eta berriro elikatu eta puztu dutena. Etsaia irudikatzea ez da zaila izan batzuentzat eta besteentzat. Mezua garbia zen: datozen hauteskundeek benetan eragingo dute zure egunerokoan, une historikoa da eta ezin zara etxean geratu. Gainera, duzun alderdi-sorta berri honekin, topatuko duzu zure neurrikoa izan daitekeena.

Polarizazio horren sareetan jausi gara euskal herritarrok ere. Podemos izan da aldaketa nahia ondoen kapitalizatzen jakin duena eta bozak estatuan deseroso dauden lurraldeetan lortu ditu batik bat. Horretarako, ordea, anemometroa fin duela erakutsi behar izan du. Haizea nora, mezua hara.

Alderdi morearen lehenengo urratsetan estatuko nazioen afera saihestu beharreko gaia zen. Erabakitzeko eskubidea hasieratik erabili dute hitzetik hortzera, baina lurralde arazotik bereizi nahian eta “guztia” erabakitzea estalki hartuta. Hori garbi ikusi zen Kataluniako hauteskunde-kanpainan. Herria plebiszitu usaindun zitarako prestatzen zen bitartean, lehentasuna beste bat zela esan eta esan ibili zen Pablo Iglesias. Gizarte premia larrien haize hotzak ufada independentista apaldu zezakeelakoan zeuden. Emaitzetan jasotako zartadak argi erakutsi zien ezetz, batak ez duela bestea kentzen.

Orduz geroztik diskurtsoa erabat moldatu du Podemosek. Erreferendum loteslearen alde lerratu da. Beste indar batzuekin aliantzak ahalbidetzeko ez zitzaien beste erremediorik geratzen eta Kataluniak Espainiako Kongresuan duen eserleku kopurua ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Espainiako hauteskundeen ostean ere “marra gorritzat” ezarri du kontua, alderdi sozialista higatzeko posizio eroso batean.

Nolanahi ere, Senatuan alderdi popularrak duen gehiengoarekin, erreferenduma aldarrikatzea haizea orraztearen parekoa da. Badakite aldebiko onarpena duen galdeketa gauzatu ezina dela gaur gaurkoz. Hori bideratuko lukeen Konstituzioaren 92. artikuluari egiten diote men, baina argazkian Espainiaren batasun banaezinaz mintzo den 2. artikulu pleonastikoa baino ez da agertzen.

Hego Euskal Herriko lurraldeetako balizko galdeketa bati buruz, berriz, ez dute txintik esan, ez behintzat Madrilgo liderrek. Eta hemen ez da egon ez Colaurik ez marearik, hemen hauteskundeak Madrildik irabazi dituzte. Erreferenduma Kataluniako “arazoa” konpontzeko tresna gisa aurkezten dute, baina une honetan Euskal Herria ez da “arazo”. Erabakitzeko eskubidearen prismatik irakurketa baikor samarrak egin dira Podemosek Nafarroan eta EAEn lortutako emaitzen harira. Nago, mugimendu independentista indartsu bat izan ezean, zaila izango dela hortik aurrerapauso esanguratsuak lortzea.

Zentzu horretan, aintzat hartzekoak dira EH Bildu koalizioak izandako emaitza kaskarrak. Ezker abertzaleak tentuz jarraitu beharko du Podemosen bilakaera. Batetik, Nafarroan gertatu bezala, aukera berriak sor daitezke justizia sozialaren eta gizarte eraldaketaren aldeko koalizioak egiteko. Bestetik, ostera, aliatu taktiko koiunturala izan arren, ezkerreko mugimendu independentistarentzat beti izango da aurkari jomuga estrategikoan.

Espainiak aurpegi atsegin eta pertsuasiboago bat topatu du, unionismoa aldeztuko duen adar demokratikoagoa. Kontua da horrek zenbat ahitu dezakeen independentziaren aldeko nahia, lehentasunak beste batzuk direla aitzaki hartuta. Espainian beti egongo da zer konpondu, beti egongo da epe motzera garrantzia duen beste zerbait. Gerta daiteke Podemosek Espainia ez aldatzea, baina bai Katalunia eta Euskal Herria. Gure herriaren etorkizuna... noren esku dago?