argia.eus
INPRIMATU
Lohitzune Zuloaga. Delinkuentziaren pertzepzio itxuragabeaz
"Delitua eraikuntza soziala da, unean uneko akordioen ondorioa"
  • Ez da legelaria, ez da kriminologoa, baina delitua aztertzen du soziologiaren ikuspuntutik. Egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten du lan, akademian aritzeak sortzen dituen estutasun ekonomikoak lagun. Iruñeko Katakrakek antolatu Zelatatu eta zigortu jardunaldietan ezagutu genuen Zuloagaren azken lana: El espejismo de la seguridad ciudadana. Claves de su presencia en la agenda política (Hiriko segurtasunaren ilusioa. Agenda politikoan duen presentziaren gakoak). 

Arantza Santesteban @a_santesteban 2016ko urtarrilaren 13a
"Segurtasun gabezia sentipenak ez du zerikusirik delitu kopuruarekin; eraikitakoa da".Josu Santesteban

Segurtasunari buruz ditugun pertzepzioak okerrak direla diozu.

Hori esan ahal izateko urteak eman ditut gaiaren inguruan ikerketa egiten. Guztia bildu dut liburu honetan, azken batean nire doktore tesiaren bertsio murtxikatua da, hizkuntza ulergarriagora ekarria. Herritarren segurtasunaren ilusioaz hitz egiten dut, hori delako nire kezka nagusia: zein da jendearen beldur sentsazioaren eta kriminalitate tasen artean dagoen harremana? Nire hipotesia hasieratik honakoa izan da, segurtasun gabezia sentipen horrek ez duela zerikusirik delitu kopuruarekin; eraikitakoa dela. 

Esan nahi duzu norbaitek erabakitzen duela beldur sentsazioa eduki behar dugula?

Esan nahi dut segurtasun ezaren eraikuntzan hainbat eragilek parte hartzen dutela. Beldurra sentitzen dugu gure ingurune sozial hurbilekoak balizko arriskuez ohartarazten gaituenean: “Itxi ongi leihoak, lapurreta asko daude azkenaldian” edo “ez ibili gauez bakarrik, bortxaketak egon litezke eta”. Horrek beldur sentsazioa eragiten du. Horrez gain hedabideak daude, sarritan, delituen kronikak gertakarien sailetan etengabe bilduz, arazoa handiesten dutenak. Azkenik, nire senak ohartarazi bezala, alderdi politikoen eragina dago: haien eragina uste baino handiagoa dela ohartu nintzen hasieratik, komunikabideena baino askoz handiagoa. 

Nola ohartu zinen horretaz?

2003. urtean Espainiako Zigor Kodearen erreforma onartu zen. Bereziki gogorra izan zen zigorraren aplikazioari zegokionez. Horren aurkako erreakzioak batez ere Zuzenbidetik etorri ziren. Alabaina, ez zen egon analisi soziologikorik, ez eta erreforma horiek eman ziren testuinguru soziopolitikoa aztertzen zuenik ere. Zein izan zen gogortze horren arrazoia. Zer garrantzi izan zuten horretan komunikabideek, alderdi politikoek eta kriminalitate tasek. 

Zure tesia baieztatzeko aukera izan zenuen orduan.

Hala da. Kriminalitate tasak aztertu nituen eta une horretan Espainiako Estatuak Europar Batasuneko tasarik txikienetarikoa zuen. Zigor Kodearen gogortzea ezin zitekeen izan delitu kopuruaren igoeraren ondoriozkoa. Komunikabideak aztertu nituen, eta zehazki, gaiari buruz argitaratutako 11.500 izenburu. Orduan konturatu nintzen ñabartu beharra zegoela komunikabideen eragina, izan ere batzuetan izenburuen ondoriozko legediak egiten dira, baina kasu honetan legediaren araberako izenburuak eraiki ziren.  

Zergatik eragin dezake alderdi politiko batek segurtasun eza herritarrengan? 

Esan bezala, azterketa honetan konturatu nintzen alderdi politikoek aurrea hartua zutela. Ustekabe handia izan zen niretzat. 2000n PSOEren barruan Zapaterok hartu zuen lidergoa, alderdia oso ahul zegoenean. Testuinguru horretan, beste herrialde batzuetan funtzionatu zuen estrategia berbera abiatu zuen. Erresuma Batuan Tony Blairrek Alderdi Laboristaren lehentasunezko gaien artean herritarren segurtasunaren auzia jarri zuen; erakutsi nahi zuen ezkerrak hobeto kudeatu zezakeela arazoa eskuinak baino. Zapaterok antzeko zerbait egin zuen, eta orduan hasi zen segurtasuna erdigunean jartzen. 2003an PPk bere egin zuen gaia; PSOEk eskuinaren esku utzi zuen kontrola. Aznarrek esandako hitz hauetan laburbildu daiteke kontua: “Delinkuentzia ezabatuko dugu kaleetatik”. 

Garai hartan PPk fronte ugari zituen zabalik.

Bai, oso egoera zailean zegoen. Prestige auzia bor-bor zegoen, baita Irakeko gerraren kontrako masa kritikoaren loraldia ere. PPk delinkuentziaren aurkako borrokaren bandera atera zuen, eta arlo horretan lidergoa bere gain hartuz Zigor Kodea zurrundu zuen delinkuentzia, terrorismo eta sexu indarkeria kasuetan. Ordutik Espainiako Estatuak Europako legedi gogorrenetakoa dauka; delitu tasa txikia eta kode zurruna. Delitu berdinengatik kartzelan askoz denbora luzeagoa igarotzen da hemen. Delituak oso garesti ordaintzen dira. 

Zein da gaur egungo panorama enegarren aldiz Zigor Kodea gogortu ondoren? 

Espainiako Estatuan berriki onartu den Zigor Kodearen azken erreforma Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministro ohiaren dimisioaren ondoren etorri zen. Rafael Catalák hartu zuen erreleboa abortuaren legearekin izandako hanka sartzearen ondoren, eta apurka mota guztietako gogortze politikak eta zigor berriak saldu zizkigun. Hain errentagarria zaien terrorismoaren gaiarekin eman zioten azken bultzada. Oroitu dezagun erreforma hau Gallardónek berak proposatu zuela eta ez zuela harrera onik izan esparru juridikoan. Baina aukera aukera da. Egin kontu, Parisko gertakarien ondoren gehiago gogortuko dituzte legediak. Baina funtsean, zein da mehatxu errealaren eta segurtasun ezaren sentsazioaren artean dagoen harremana? Delitua eraikuntza soziala da, unean uneko akordioen ondorioa. 

Ezkerreko alderdiek alternatibarik ez

“Oro har, kontserbadoreak ez diren indar politikoek ez dute kartzelari alternatiba emango dion eredurik proposatzen delituaren aurrean. Azkeneko hauteskundeetan programa politikoak aztertu nituen eta inork ez zuen alternatibarik proposatu. Ez dut eredurik aurkitu ezkerreko alderdi politikoetan, eta existitu existitzen dira irtenbide ez-zigortzaileak”.