Laster beteko du hamarkada bat Italiako Parma hirian dagoen Artlab zentro sozialak. Urteak aurrera, Emilia Romagna eskualde italiarrean erreferente bihurtzen joan da gune okupatua, integrazio eta etxebizitza eskubideen aldarrikapenean.
Parmako ikasle batzuek euren ekintzak aurrera ateratzeko unibertsitatearen eraikin bat okupatu ostean hasi zen ibiltzen zentroa. Gaur egun, herritartasun ugariko lagunak biltzen dituen komunitatea osatzen du Artlab-ek, baina hastapenetan, gazte ugarik Parman bizitzeko zituzten arazoekin lotu zuten okupazio proiektua. Unibertsitate tasa altuek, langabeziak eta prekarietateak gogor kolpatzen zituzten gazteek alternatiba sendoa eraikitzeari ekin zioten. Egoerari soluzio berriak eraikitze bidean, berehala ohartu ziren sistemaren kontraesanek beste komunitate bat zigortzen zutela bete-betean: etorkinak. Gainera, instituzioek horiei bideratutako prestazioak murrizten ari dira, hirian migratzaileak gero eta gehiago direnean.
Italiara migratutakoek bizi duten arazoa Parmako beste arazo sistematiko bat bezala lantzeari ekin zioten zentro sozialean, egoerari modu globalean erantzun behar zioten bertatik bultzatutako proiektuek. Geroztik, migratzaileen eskubideen aldeko iniziatibetan oso aktiboki hartu dute parte, tartean Lampedusako Gutunaren eraketan eta migratzaile eta errefuxiatuenganako elkartasun karabanetan. Parmako egoera aldatu nahian, jatorri anitzetako komunitateen elkarteekin harremanetan jarri dira eta gune okupatuaren ateak ireki dizkiete, denek har dezaten parte egitasmoan.
Errefuxiatuen krisi globalak eragin nabaria izan du Italian, eta ondorioz, baita Artlaben egungo jardueran ere. Matteo Renziren Gobernuaren ezintasuna ikusirik, Artlab eta beste zentro okupatu italiarrak, Gobernuak babestu ezin dituen errefuxiatu askoren aterabide bihurtu dira azken hilabete hauetan. Errefuxiatuen etorrera bideratzeko Italiako gobernuz kanpoko beste hainbat erakunde eta eragilerekin batera Stop war not people kanpaina jarri dute martxan. Krisia gestionatzeko instituzioak izaten ari diren hutsuneak betetzeko sortu da ekimena.
Nazioarteko ikuspegia daukan baina alternatiba lokalak eraikitzen eta hiri italiarra eraldatzen diharduen tresna eta familia bihurtu da Artlab. Izaera ugaritako gero eta iniziatiba inklusibo gehiago eskaintzen dizkio elkarte autonomoak Parmako hiriari.
Elkarteko militante asko ikasleak dira eta astean bitan irakasle bihurtzen dira: italiera eskolak ematen dituzte. Eskolak doakoak dira eta maila ezberdinak daude. Hasiberrientzako maila dago, Parmara etorri berri direnentzat. Hizkuntza hobeto menperatzeko bigarren maila bat ere badago. Duela bi urtetik hona, egitasmoa arrakasta handia izaten ari dela aitortu digute irakasle lanetan ari diren gazteek. Trukean, italiera ikasten duten hainbat migratzailek arabiera klaseak eskaintzen dituzte.
Arrazakeriaren aurkako La Paz futbol taldea eratu dute zentro sozialeko kide batzuek, beste hainbat errefuxiatu eta migratzaileren laguntzarekin. Italiako maila erregionalean jokatzen du taldeak, eta emaitzetatik harago, futbola kultura ezberdinen arteko elkarbizitza indartzeko tresnatzat darabilte partaideek.
Hirian alokairua ezin ordaindurik eta etxe-gabetzea sufritzeko arriskuan dauden familia eta ikasle prekarioentzat unibertsitateak abandonatuta zeukan beste eraikin bat eraberritu du elkarteak. Eraikinaren gestioak sortzen dituen gastuak ordaintzeko, alokairu sinboliko bat ordaintzen dute bizilagunek. Nomas izena hartu duen eraikinean auzolanean bizi dira ikasle, migratzaile eta familiak.
Artlab gune autogestionatuak integrazioa eta borroka soziala Parmako biztanleen egunerokoan txertatzea lortu du eta Salbini ultraeskuindarra buru duen oldarraldi xenofoboari aurre egiteko baliabide bikain bihurtu da. Txikitik eraikiz, norbanakoen bizi-baldintzak hobetzeko tresna da, finean. Eta errefuxiatuen krisiarekin trabatuta dagoen Europa honetan, instituzioetatik harago soluzio lokalak aukera ona direla erakutsi dute.