"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea"

  • Oraindik ez da aparretatik jaitsi, goizegi da Gipuzkoako txapeldun berri izateak zertan eragin dion tentuz aztertzeko. Hori jakinda, finalaz ahalik eta gutxien eta bertsolaritzaz ahalik eta gehien hitz egiten saiatu gara. Atera diren gaiak: belaunaldi berria, kolektibotasuna edota bertsolarien inertziak, besteak beste.

Beñat Gaztelumendi:
Beñat Gaztelumendi: "Gauza asko daude birpentsatzeko: adibidez, gizonok tratu txarrei buruz kantatzen dugunean emakumearen larrutik egin ohi dugu beti. Beti gizonetik kantatzen dugu, eta emakumetik aritzea justu biktima garenean, 'emakumea' eta 'biktima' lotuz, arriskutsua iruditzen zait".Dani Blanco

“Ajearekin erantzun zitian finalari buruzko galderak. Gutxienez burua argi duela erantzun ditzala finalaren ajeari buruzkoak”. Inesen ahotsa mintzo zitzaidan, ohi bezala, aholkuaren eta sermoiaren arteko marra fin horretatik. “Hobeto pentsatuta, galde iezaiok edozertaz finalaz izan ezik. Eraman ezak gustura sentituko den toki batera, Añorgako mendialde horretan bazaudek makina bat. Zergatik ez duk probatzen, adibidez, Lukainkategi erretegiarekin? Bere jaiotetxetik 50 metro eskasera zagok, eta badakik zer, lehengoan Jakoba Errekondo topatu nian bertan. Hura joaten bada toki ona izango duk, ziur. Ba al dakik nondik datorren Lukainkategi izena? Istorio polita duk. Ostiral Santu batez bertako Praxku in fraganti harrapatu omen zitean lukainka puska bat jaten, eta geroztik...”. Gauza gutxi dago belarri-ertzeko marmar etengabea baino gogaikarriagorik. Isiltzeko, otoi, agindu nion Inesi, baina ez zegoen Inesik inguruan. Haren ordez, Beñat Gaztelumendi eta grabagailu piztu bat neuzkan aurrean, lehenengo galdera noiz egingo zain.  

Munduari kantatzeko zure tokia topatu omen duzu txapelketa honetan. Ahots propioa. Nola lortzen du hori bertsolari batek?

Bertsoak bi ezaugarri ditu: teknika –neurriz eta errimaz osatua– eta hor barruan sartzen duzun edukia. Lotuta dauden arren, bi lanketa desberdin dira. Teknika denok antzera ikasten dugu bertso-eskolan: errima zerrendak eginez, doinuak landuz... Beti egongo dira bertsolari teknikoagoak, baina txapelketan gabiltzan guztiok daukagu esan nahi duguna esateko gutxiengo teknika. Auzia da teknika hori zertarako erabiltzen duzun. Bertsoa da esan nahi duzun hori esaten saiatzea, jakinda ez duzula inoiz lortuko, teknikoki ez zarelako iritsiko, aukeratzen dituzun hitzek ez dutelako esango justu zuk buruan zeneukana, hitzek beren pisu ideologiko propioa dutelako. Txapelketan saiatu naiz une honetan mundua ikusteko daukadan posiziotik kantatzen, esan nahi nuen horretatik ahalik eta hurbilen. Saiatu naiz gaiei ertzak bilatzen, pertsonaien larruan sartzen, ahalik eta bertso errealistenak osatzen, apaingarririk gabeak. Zeure buruarekin etengabe borrokan aritzea da bertsoa, eta, normalean, zuk galtzen duzu.

Badago, orduan, esan nahi duzunari buruzko aurre gogoeta bat. Bertsolaria igaro al da modu intuitiboago batean kantatzetik modu premeditatuago batean kantatzera?

Zer esan nahi dudan baino gehiago da nondik esan nahi dudan. Ahalik eta garbien edukitzea munduan non gauden kokatuta, nondik ari garen hitz egiten. Bertsotan hastean ez dut pentsatzen “mezu hau bota nahi dut”. Bertsolariek oro har ez dute hori egiten, eta, egingo balute, ez litzateke ona. Egia da bertsokera aldatzen ari dela: lehen bukaerak gehiago kargatzen ziren, arrazoi absolutuagoak kantatzeko joera zegoen. Orain, diskurtso potolo bat bota beharrean, diskurtso horren ertzak bilatzera jotzen da, arrazoi maiestatikoak albora utzita. Inertziek hor jarraitzen dute, noski, eta are indartsuagoak dira txapelketan: hainbeste lagun aurrean edukitzeak nahi gabe eramaten zaitu arrazoi zabalak botatzera, ahal den jende gehien kabitzeko. Baina arrazoi zabal horien ertzak bilatzean ari naiz benetan ondo. Hori da gutxitan lortzen dudana, eta benetan egin nahiko nukeena.  

Aipatu dituzun ezaugarriak orokortu al daitezke, gutxi asko, zure belaunaldira?

Belaunaldi berriak nola kantatzen duen ez dakit. Agin Laburuk modu batera, Alaia Martinek beste era batera... Kritiketan aipatu zen Alaiak eta biok antzera heldu geniola kartzelakoari, eta izan daiteke, baina plazan nabaritzen dira desberdintasunak. Belaunaldiez aritzea baino interesgarriagoa da bakoitzak bere ekarpena egitea, barrura begiratuz eta bertsolaritza ikusteko leku desberdin bat topatuz.  

Bertsolariaren ikuspuntutik bai, ziur asko, baina kritikariarenetik joera orokorrei erreparatzea da benetan interesgarria. Kasu isolatuetan oinarrituta zaila da kritikarako elementuak sortzen.  

Bai, eta Gipuzkoako Txapelketa honek eman ditu irakurketa globalagoak: adibidez, ia ez zaio kantatu euskal gatazkari, presoak ez dira ia aipatu ere egin. Tematika aldatu da, batetik, jarri diren gaiek oso gutxitan ukitu dutelako hori, eta, bestetik, gai irekietan –kartzelakoetan, esaterako–, bertsolariari hautatzea egokitu zaionean, ez duelako hortik jo. Aldiz, asko kantatu zaie bikote harremanei, familia barrukoei, lagun artekoei... Ez da bertsolaritzaren kontua bakarrik, gizartea aldatu da.

Belaunaldien arteko harremana ulertzeko modua –zaharrek gazteei lekukoa pasatzea, mugimenduaren jarraikortasuna azpimarratzea– eta horrek berarekin dakarren kultur teorizazioa –transmisioaren ideia, eta abar– oso zabaldua eta konpartitua da bertsolaritzan. Euskal kulturgintzako eredu apropos bezala jarri ohi da maiz. Iruditzen zaizu beste kultur diziplinetara esportagarria dela?

Diziplina bakoitzak du bere kodea. Bertsolaritzaren kodea oso aproposa da transmisio horretarako, sorkuntza prozesua bera elkarbanatzen dugulako: belaunaldi eta mundu ikuskera oso desberdineko jendea gabiltza oholtza berean, eta behartuta gaude denon artean saioak eraikitzera. Bestalde, bertsolaritza ezin da beste hizkuntza batean egin, euskaraz izan behar du derrigor, eta horrek ere asko errazten du. Bertsolaritza eredutzat jartze hori ez dut uste guregandik datorrenik, nik behintzat ez dut horrela bizi. Are gehiago, ez zait gustatzen bertsolaritza kultur eredu esportagarritzat saltzen denean, ez zaidalako iruditzen hala behar lukeenik. Diziplina bakoitzak bere erara funtzionatu behar luke, bere kodeen arabera, bere beharren arabera. Uste dut diziplinen arteko zubi gehiago eraiki behar genituzkeela, eta horretarako ez da ona inor eredu bezala jartzea.

Finalaren osteko elkarrizketetan asko azpimarratu duzu bertsolaritzaren balio kolektiboa, beti konnotazio positiboz. Bururatzen zaizu kolektibotasun horrek izan dezakeen arriskurik?

Kolektibo izateak badu arriskua politikoki zuzenera erortzekoa, edo mugimendua jartzekoa sortzaile bezala izan ditzakezun asmoen gainetik. Dena dela, kolektibotasuna eta norberekotasuna lotuta doaz beti. Bertsoa ez da kolektiboa bakarrik. Nik, adibidez, oso intimoki bizi dut bertsoa, nire esperientziei oso lotua. Baina bertsolaritza zerbait pertsonal bezala ulertzea ere ez da zuzena, hankamotz geratzen da mugimendurik gabe. Ilunben 7.000 lagun hunkitzen direnean, ez dira soilik hunkitzen entzun duten bertsoa barruraino iritsi zaielako, baita ere seguru asko lau urtean ez dutelako aukerarik izan halako nukleo batean biltzeko, euskara hutsezko ekitaldi batean. Ezin dira bi gauzak bereizi. Bertsogintza ezin da ulertu bertsolaritza gabe.

Unai Gaztelumendi

Bertso batek, ona izateko, besteak beste entzulearengana iritsi behar duela esan izan duzu. Entzulearengana iristeko modu asko daude, ordea, eta horietako bat izan daiteke hura deseroso sentiaraztea, bere balioak eta usteak zalantzan jartzen saiatzea. Irudipena daukat ez dela hainbestetan hartzen bide hori.

Batzuetan zaila da barruko inertziei aurre egitea. Bertso on batek erabaki hori du barnean, ea bertsolaria gai izan den aukeratzeko publikoak eroso entzungo duen zerbait kantatu nahi duen ala zerbait deserosoa. Erabaki hori inertziaz hartzen denean nabarmen gelditzen da. Bururatzen zaizkit, hala ere, une deserosoen adibide batzuk: 1997an, Donostiako Belodromoan, Jon Maiari eta Unai Iturriagari jarri zieten gai bat, gutxi gorabehera zioena: “Zuek bi neska zarete, orain arte oso lagunak. Orain, ohartu zarete lagunak baino zerbait gehiago zaretela”. Gaia entzundakoan publikoa barrez hasi zen. Jon Maiak lehen bertsoa bukatu zuen esanez “ez dut ulertzen zergatik ari zareten denok barrez”. Badago hor bide bat bertsolaritzarentzat: kilimak eragiten saiatzea, eraikitako ideia batzuk kolokan jartzen saiatzea. Ahalegindu behar genuke horretan, beti ere kontuan edukita gaia entzun eta hamar segundotara hasi beharra dagoela kantuan. Baina badaude kasu gehiago. Ez dut uste, adibidez, Maialen Lujanbiok BECen gauza erosoak kantatu zituenik gai gehienetan.

Ziur asko azken urteotan ahots deseroso nabarmenenak feminismotik etorri dira. Haiek ausartu dira komunitate baten balioak hankaz gora jartzen, asko oso deseroso sentiaraziz.

Bai. Gauza asko daude birpentsatzeko: adibidez, gizonok tratu txarrei buruz kantatzen dugunean emakumearen larrutik egin ohi dugu beti. Beti gizonetik kantatzen dugu, eta emakumetik aritzea justu biktima garenean, “emakumea” eta “biktima” lotuz, arriskutsua iruditzen zait. Kartzelako batean, interesgarria litzateke gizon batek tratu txar emaile baten paperetik kantatzea. Nola pasa zara kolpetik halako zerbait egitera? Botere harreman hori nola eraiki duzu? Noski, hori hiru bertsotan azaltzeko oso ona izan behar duzu –Unai Iturriagak egin zuen BECen 2009an–. Hor espektro handi bat zabaltzen da kantatzeko. Bidea urratzeko, ordea, zeure buruarekin oso seguru egon behar duzu. Zalantzak baldin badituzu ea gai izango zaren hiru bertsotan hori egiteko, zaila da hortik jotzea. Balio handiko ahalegina litzateke, baina jaialdi batean egiteko errazagoa. Jaialdietan aurpegiak ikusten dituzu, badakizu noraino jarrai dezakezun tenkatze horretan. Txapelketako hasierako sentsazioa beldurra izaten da, ez erortzen saiatzea, eta hortik zaila da deserosotasuna bilatzea. Baina badaukat gogoa saiatzeko. Segurtasun hori bilatu nahi nuke.


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-12-16 | Bertsozale.eus
Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Donostia Arena bertsozalez bete da larunbat arratsaldean: 6.500 lagun elkartu dira bertan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken egunaz gozatzeko; Alaia Martinek jantzi du txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz-burukoa jokatu ostean.

2024-12-11 | Bertsozale.eus
Prest dago Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

 Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Maddi Agirre Epelde. Bertsolari matematikari kantari
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]


2024-11-18 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandiak finalerako pasea eskuratu du
Oiartzungo finalaurrekoa irabazita, zuzenean sailkatu da Gaztelumendi. Datorren igandean izango da hurrengo saioa, Zarautzen.

2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


2024-11-04 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak
Azken final-laurdena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Oihana Iguaran Barandiaranek irabazi du Irungo saioa
Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Iguaran. Irungo final-laurdena azken aurrekoa izan da: datorren astean ezagutuko dugu finalaurrekoetara sailkatuen zerrenda osatua.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Unai Mendizabal Jauregi nagusitu da Azkoitian
Hirugarren final-laurdena jokatu da larunbatean Baztartxo Antzokian. Final-laurdena irabaztearekin bat, finalaurrekoetara sailkatu da Mendizabal.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandia nagusi Errenterian
Bigarren final-laurdena jokatu da gaur Errenterian. Gaztelumendik, irabaztearekin batera, finalaurrekoetarako txartela lortu du.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Eibarko lehen final-laurdena
Lehen final-laurdena izan da larunbatekoa. Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Martin. Igandean izango da hurrengo saioa, Errenterian.

2024-10-07 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak
Azken final-zortzirena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-09-30 | Bertsozale.eus
Eneritz Artetxe Eizagirre nagusi Hondarribian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur Hondarribiko Itsas Etxean. Artetxe, saioa irabaztearekin bat, final-laurdenetara sailkatu da.

Eguneraketa berriak daude