Onddoak beste edozein jaki bezala basaka edo makatza bada hobe. Barazkiak, animaliak, arrainak... dena etxekotu eta itxituretan, kaioletan, hidroponikoan... azken beltzean kartzelatan hazten ditugu. Gero ahosabaian zer gustu utziko digute ba? Honela elikatzen ditugu gure gorputza eta arima.
Makatza den edozer, baita onddoak ere, etxekotuko bagenitu, ez lirateke, inolaz ere, berdinak izango. Ezin da berak hazten diren ekosistema osotasunean kopiatu, eta gutxiago hidroponikoan. Nik ez nuke horrelakorik jango. Eta merkezurrekoak izango liratekeenez, jangai exkax bat bezala ikusiko genuke, orain txanpinoiekin edo barrengorriekin gertatzen den bezala.
Mendira joan, onddo edo perretxiko basatiak bildu, sukaldean prestatu eta jatea bezalako plazer gutxi ezagutzen dut mundu honetan. Gaur bertan bildu ditut galanperna eder batzuk, sekula jangabeko lagun batzuek dastatu dituzte eta haien aurpegia ikustekoa zen...