Judith Jaureguik “toke” ederra du, hau da, noraino sakatu behar den tekla bakoitza, ze indar, ze tentsiorekin… hori guztia kontrolatzen du erabat. Horren ondorioz, soinu polita eta biribila ateratzen du pianotik, berak nahi duen soinua. Eta ez hori bakarrik, mila bertute ditu Jaureguik pianoaren aurrean. Baina, beharbada, soinuaren edertasunak ito dezake diskurtso musikala. Pianoaren munduan badago soinuaren halako mitifikazio bat. Berez, tekla bakoitzaren mailuak soinu lehorra ateratzen du (aldeak badaude piano batetik bestera, noski; ez da gauza bera Bösendorfer bat edo Yamaha bat), eta, gauzak horrela, piano jotzailearen abilidadea da lehortasun hori nolabait leuntzea, pultsazio eraginkorraren bidez. Hau oso ondo asimilatua du Judith Jaureguik. Horren truke, soinuaren etengabeko arreta horrek tentsio musikala makaldu egiten du batzuetan. Eta hauxe gertatu zen Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera eman zuen azken kontzertuan. Mozarten 24. Kontzertu atsegin eta akatsgabea entzun genuen, baina, puntu bateraino, aspergarria ere bai. Dena polit-polita, fina, ondo egina, baina tentsiorik gabea. Ez ulertu, mesedez, saio txarra izan zela. Bertsio delikatu eta dotorea entzun genuen, zalantzarik gabe. Halere, ez da niri gehien gustatzen zaidan bertsioa. Agian nahiago nuke ukitu maskulinoagoa. Propina gisa, beste gutizia bat, aurrena bezain delikatua: Mompouren Scènes d’enfants liburuaren zatitxo bat, argitsua, fina, ñabarduraz betea. Jauregui Euskal Herriko pianista onenetako bat da eta halaxe demostratzen du errezitaldi bakoitzean.
Giroa erabat aldatu zen saioaren bigarren zatian. Bruckneren 3. Sinfonía re minorrean entzun genuen, erraldoia, Wagneren eragin handia duena. Erik Nielsen, BOSeko zuzendari titular berriak interpretazio freskoa egin zuen. Lanak duen barneko dramatismoa leundu egin zuen, nolabait distira vienarra kanporatzeko. Oso dotorea.
Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Erik Nielsen.
Piano jotzailea: Judith Jauregui.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data: abenduaren 11.