Soinu egin du sakelakoak. SMS bat jaso berri du Albertok. WhatsAppa bolo-bolo dabilen garaian, gero eta bakanago bihurtu da SMSak bidaltzea. Jasotzea. Ongi daki hori telefono zaharrarekin baitabil bera oraindik, eta, zorioneko aplikazioa ez duenez, egunak (eta asteak) egiten ahal ditu mezurik hartu gabe.
Gaur, ordea, soinu egin du: “Kutxabank publi: zure Gabonetako erosketak Kutxabank maileguekin. Eska ezazu zure bulegoan”. Zur eta lur gelditu da. Are, gur eta mur. Eguberrietan egin “behar” diren erosketak egiteko zerbitzu bikaina eskaini nahi bide du EAEko kutxa nagusiak: (aski) sosik ez duenari zorretan egoteko bide ziurra eman, nonbait.
Albertoren iritziko, erakundearen izenaren bigarren zatia gailendua zaio lehenari: kutxa izatetik zetorren, baina gero eta bankagoa dugu. Telefonoan jasotako mezuak ildo –barkatu termino anakronikoa– kapitalista berresten du. Badago makurragorik, hala ere, zeren eta Kataluniako Centre Delás elkarteak egindako ikerketaren arabera, Kutxabang armagintzan parte hartzen duten finantza-erakundeetako bat da.
Bere lekuan utzi du Albertok sakelakoa. Bolbora usain ulertezin bat gelditu zaio esku artean.