argia.eus
INPRIMATU
Komikilariak Errekondoren kontsultan
Jakoba Errekondo 2015eko abenduaren 22a

Ilargiak nola ez du ba eragina izango guregan!

Nik, hala ere, eragin horri aurre egiten ez nuke ezta indar zipitzik ere baliatuko. Gaizki erabilia eta alferrik galdua izango litzateke. Ilargiak bihurtzen bazaitu otso ahobero, azeri zeharbegiratzaile, azkonar maltzur, bele pinpirin, katu atzapar erraz... edozein animaliaren planta hartzea hobea da, eguneroko zozo pandero zanpana izatea baino. 

Ilargiak, beteak bezala berriak, eraldatuko zaitu, nahi ez baduzu ere. Baliatu. Lortu nahi duzuna lortu nahi duzula, lortzen baduzu zeure ahalegina eta abileziagatik izan da eta lortzen ez baduzu ilargiaren eragin txatxu horri egotzi errua. 

Ilargi amandrearen eraginari ez egin aurre, bere lagun egin zaitez. Eta jakin, zeu ere batzuetan bete baina beste batzuetan berri ere izaten zara. Ikasi, berarekin, zenbaitetan gora eta gero behera eta gero gora eta... Ilargia zeu zara.