argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunde promesak bete
Juan Mari Arregi 2015eko abenduaren 22a

Hauteskunde gaua igarota, orain eduki sozio-ekonomikoez hain kargatuta egon diren promesak betetzeko ordua da. Eskuinetik ezkerrera, alderdi guztiek agindu dituzte neurriak desoreka sozialaren, pobreziaren, langabeziaren, prekarietatearen eta murrizketa sozialen kontra; eta soldata nahiz pentsio duinen, gutxieneko soldata baten eta prestazio sozial altuagoen alde, baita migratzaileak hartu eta integratzearen alde ere. Hemendik aurrera horiek bete ditzatela exigitu behar diegu gobernu eta erakundeetan agintean daudenei.

Errealitateak esaten digu krisitzar honekin aberatsenek etekinak lortu dituztela. IBEX-35ean kotizatzen duten enpresek 30.000 milioi euroko irabaziak izan dituzte urtarrila eta iraila artean, aurreko urtean baino %14 gehiago. Bitartean, desberdintasun soziala Euskal Herrian hedatu da, eta beste behin langabeziak (200.000 lagun), pobreziak (140.000 pertsona) eta prekarietateak emakume aurpegia ditu. Emakumeen artean enplegua handitu bada ere, kaskarragoa eta behin-behinekoagoa da. Emakumeek gizonek baino %52 gehiago egiten dute lan, baina %24 gutxiago irabazten dute. Pentsioak izoztuta daude eta hamar pentsionistatik zazpik (665.000 guztira) hileko mila euro baino gutxiago kobratzen dute. Egungo gutxieneko soldatarekin (648,6 euro), berriz, ezin da inor bizi.

Ia inork ez du esan nola finantzatuko dituen bere hautes-promesak. Oso gutxi entzun dugu bankuei, multinazionalei eta enpresa edo fortuna handiei zergak jartzeaz, edo ustelkeriaren eta iruzur fiskalaren kontrako neurriak hartzeaz, edo Monarkiari eta militarrei gastuak murrizteaz. Frustrazio berrien aurrean prest egon behar al dugu? Denborak esango digu.