argia.eus
INPRIMATU
Txanponaren beste aldeak
Herritarrek gazteei mailegua interesik gabe
Itsaso Zubiria Etxeberria 2015eko abenduaren 17a
Ipar Euskal Herriko barnealdean gazteen ihesa saihestu eta  hauek lurraldeko jardun ekonomikorako agente izan daitezen, herritarren elkartasunezko aurrezki sistema jarri du martxan Euskaldun Gazteriak.
Ipar Euskal Herriko barnealdean gazteen ihesa saihestu eta hauek lurraldeko jardun ekonomikorako agente izan daitezen, herritarren elkartasunezko aurrezki sistema jarri du martxan Euskaldun Gazteriak.

Ipar Euskal Herri barnealdea. Baxenabarre. 1966tik lanean den Euskaldun Gazteria taldeak 2009an eragin esparru berri baten beharra ikusita jada Zuberoan martxan den Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT) sortzeko hautua egiten du. Urte aldrebes samarrak bizi ditugu, ez gazteok bakarrik, baina jendarteko zati honi heldu dio Euskaldun Gazteriak –azaldu beharrik ez dago zergatia, izenari erreparatuta soilik nahikoa izango da–. Zonaldean gazteen ihesa egunetik egunera goranzko joeran ikusita, enpresa txikiak ixten ari direla, etorkizun ez oso urrunak kolore ilunak erakusten ditu herri batentzat. Behar garbia eta lan egiteko gogo faltarik ez.

Hemen lan eta bizi

Inguruko gazteak lurraldeko aktibitate ekonomikoko agente izan daitezen sortutako elkartea da GALT. Gazte batek lehendik datorren enpresa baten testigua jaso edo enpresa berri bat sortzen duen momentutik bere herrian toki bat izango du. Bertan lan egin eta bizi ahal izateko aukera.

Bultzada hori emateko GALT elkartasunezko aurrezki sistema jarri dute martxan Nafarroa Beherean. 2011-2013 epean lau proiektu lagundu dituzte eta 2015ean jarraipena eman diote bigarren GALT batekin.

Pertsonak dira, herritarrak, gazteari mailegua ematen diotenak. Diru bat aurreratzen diote enpresari heltzeko lehen sarrera izan dezan, eta aktibitatearekin hilabete batzuk daramatzala interesik gabe itzultzen joango da jasotako dirua.

Urteko 180 euro jartzen ditu laguntzaile bakoitzak, baina nahi izanez gero hilabetekako ordainketa egin dezake –15 euro hilean–. Talde tekniko batek aztertu eta hautatzen ditu proiektuak; talde hori Euskaldun Gazteriak, Euskal Herriko enpresen zentro bultzatzaileak, banku ordezkari batek, kontulari batek eta lurraldearen garapenaren alde ari diren zenbait herritarrek osatua da.

Luzera begirako enpresak sortzea da helburua, pertsonak zentroan jarriko dituztenak, lurraldeko dinamika ekonomikoan parte hartuko dutenak, ingurumena errespetatzen dutenak, eta hau guztia lurraldean elkartasun mekanismoak martxan jarrita.
 

Gazteendako aurrezkirako lekuko taldea

Programa: Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT).

Antolatzailea : Euskaldun Gazteria.

Eragite eremua: Nafarroa Beherea

Helburua: Baxenabarreko 35 urtez beherako gazteek enpresa bat sortu edo berriz hartzeko laguntza jasotzea, herrian lan eta bizi ahal izateko.