argia.eus
INPRIMATU
Duela 5.000 urteko haurtzaindegia
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko abenduaren 17a
Eshnunnako indusketa lanetan egindako aurkikuntza (1930-1936).
Eshnunnako indusketa lanetan egindako aurkikuntza (1930-1936).

Irak, 1930eko hamarkada. Irango mugan ia, Diyalah ibaitik hurbil, Eshnunna sumertar hiriaren arrastoak induskatzen hasi ziren, Chicagoko Unibertsitateko Ekialdeko Institutuaren gidaritzapean. Sumertar arrastoak nahasita aurkitu ohi dituzte, eraikinak zaharkituta zeudenean birrindu eta txintxorren gainean berria eraikitzeko ohitura zutelako. Horregatik zaila izan ohi da eraikinen mugak zehaztea, eta Chicagoko Unibertsitateko arkeologoek aztarnategia alderik alde zeharkatzen zuen bost metro inguruko lubaki zabala induskatu zuten. Interesgarria iruditzen zitzaien zerbait aurkituz gero, bilaketa eremua zabaltzen zuten.

Horrela, hiriko agintari nagusiaren jauregia aurkitu zuten, eta, alboan, hiria babesten zuen Ninazu jainkoari eskainitako tenplua. Tenpluaren geletako batean objektu bitxiak aurkitu zituzten: terrakotaz egindako arkumeak, gazelak, elefanteak, txakurrak, lehoiak eta beste zenbait animalia. Ez zekiten eskultura txiki horiek zertarako erabiltzen zituzten eta, arkeologoek halakoetan maiz egiten duten moduan, kultu objektu gisa katalogatu zituzten. 

Duela urte batzuk, ikerlariek objektuok berriro aztertu zituzten, eta pieza batzuek gurpilak –orduan asmatu berriak– edota uztaiak zituztenez, jostailuak zirela ondorioztatu zuten. Paul Kriwaczek historialariak, Babylon: Mesopotamia and the Birth of Civilization (2012) liburuan, horrela deskribatu zuen gurpildun jostailuetako bat: “Hamahiru zentimetro inguru da luze, terrakotaz egina dago, eta ahari buru txiki bat dauka gorputz zilindrikoari itsatsita. Lau gurpil meheren gainean dago eta aurreko aldean soka lotzeko zuloa du. Jostailu soila da, 3-5 urteko haurrek gozatzeko egina. Eta imajinatzen duzu ume bat, duela 5.000 urte, aharia herrestan eramaten hautsez betetako patio batean edo hiriko kale jendetsuetan”. Edo haurtzaindegi moduko batean, jostailu guztiak eraikin baten barruan aurkitu baitzituzten.

Sumertarrak haurren zaintzaz kezkatzen ziren, besteak beste haurren heriotza-tasa oso altua zelako. Inguru zingiratsu haietan gaixotasunak eta infekzioak oso erraz zabaltzen ziren, eta, ondorioz, pubertarora iristen ez ziren haurren portzentajea oso altua zen. Horregatik, bitartekoak zituztenek ahal zutena egiten zuten seme-alaben heziketa eta osasuna zaintzeko. Hala, Mesopotamiako beste hiri bateko garai bertsuko familia aberats baten langile eta esklabo zerrendan inudeak, haurtzainak eta sendalariak aipatzen dira.

Horrek guztiak ondorio honetara eraman ditu ikerlariak: Eshnunnako haurrentzat –aberatsenentzat behintzat– ezagutzen dugun lehen haurtzaindegia antolatu zuten Ninazuren tenpluko gela hartan.