argia.eus
INPRIMATU
Bonbardatzeko eta hiltzeko zergak
Juan Mari Arregi 2015eko abenduaren 17a

Europar Batzordean zerga arauak sakratuak dira, bonbardatzeko eta hiltzeko izan ezik. Erakunde honek bere bazkideen defizit publikoaz politika oso zorrotza darama eta gobernuek murrizketa sozialak justifikatzen dituzte (enpleguan, menpekotasuna arintzeko laguntzetan, pentsioetan, osasungintzan...) esanez Bruselak inposaturiko defizit helburuak bete behar dituztela. Defizit sakratuarentzat ez dago salbuespenik, ez behintzat gastu soziala handitzeko. Hertura eta murrizketak beste irizpideen gainetik daude, salbu eta armetan eta defentsan gastatu behar denean, orain Frantzian bezala, Estatu Islamikoak erasoa izan denean. Europar Batzordeak defizit publikoan zituen exigentziak ez betetzea baimendu dio Hexagonoari: Barne Produktu Gordinaren puntu erdi edo 10.000 milioi euro esan nahi du horrek. Armak erosteko zergetan bidea libre du Frantziak beraz, bonbardatzeko eta hiltzeko. AEBen, Txinaren eta Errusiaren ondoren, Frantzia da aurrekontu militar handiena duen herrialdea –62.000 milioi euro urtean, BPGren %2,2–.

Ezagun ditugu Europako ateetan oso tantaka hartzen ari diren Siria, Irak eta Afganistango errefuxiatuen dramak. Europar-amerikarren politika kolonialista, inperialista, geoestrategiko eta belikoaren biktima dira, baina haientzat ez dago dirurik. Bai ordea herri haiek bonbardatu eta hiltzeko. Europar Batzordea koherentea da arma industriaren lobbyekiko eta den bezalakoa azaldu zaigu: merkatuen Europa, kapitalaren Europa. Ez dago dirurik politika sozialentzat, defizit publikoaren helburuak bete behar direlako. Badago dirua bonbardatzeko eta hiltzeko, defizitak ziztuan gora egiten badu ere.