argia.eus
INPRIMATU
Zinema eta krispetak 1929an ezkondu ziren
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko abenduaren 09a

1929ko Wall Streeteko porrotak eta ondorengo krisialdi ekonomikoak batu zituen zinema eta krispetak. Lehenago, arto lehertua kalean jateko ohitura zabaltzen ari zen, baina zinema mutua elitistegia zen oraindik, mokadu xumea aretoetan baimentzeko.

Film soinudunei esker,  zinema nabarmen jendarteratu zen, baina krisia izan zen krispetak aretoetan sartu zituena: zinema denbora-pasa merkeenetakoa zen, artoa ere merke zegoen, eta krispetak oso erraz prestatzen dira. 

Harremana Bigarren Mundu Gerran estutu zen, azukre eskasiak jokoz kanpo utzi baitzituen gozoki eta freskagarriak. Orduz geroztik binomioak telebista izan du etsai, eta mikrouhin labea aliatu.