Franco hil ondorengo urteetatik hasi eta gaur egunera artekoak irudi bidez kontatuta. Mimoz egindako argazki erakusketa baten aurrean egon gara Hernanin. Garai haietako Euskal Herriko herri mugimenduaren gorabeherak, horiek Hernanin izandako bilakaera eta herriak jokatutako papera. Horixe azaldu digute azaroaren 30ean, Kultur Etxean, ARGIAk eta Hernaniko Euskararen EgunaK ekimenak elkarlanean antolatuta.
Trantsizioak. Euskal Herriko historia hurbilari begirada selektiboa erakusketa ARGIAko argazki artxibotik bildutako irudiz osatuta dago, paneletan gaika banatuta. Hernanin Urko Apaolazaren azalpenak lau lagunek osatu eta historia herrira gerturatu dute: Ixiar Pagoagak (Hernaniko Berdintasun Kontseiluko kidea) eta Horten Bañosek Euskal Herriko eta Hernaniko mugimendu feministaz hitz egin dute, Agustin Ezpondak (Hernaniko alkate-ohia) orduko langile mugimenduaz eta Hernaniko Orbegozo lantegiaz, eta Pello Zubiriak (ARGIAko kazetaria) euskal prentsaren bilakaeraz eta Hernaniko Kronikaz.
“Garaipen txiki eta ez horren txikiak izan dira 70eko hamarkadatik hona, nahiz eta asko dagoen egiteko”, azaldu du hizlarietako batek. Baina kuriosoa da aldarrikapen batean baino gehiagotan argazkiari begiratuz urteek aurrera egiten ez dutela iruditzea. Feminismoaren borroka nagusietako bat izan da abortu librea, eta tamalez gaur egun oraindik ere bada, eta ikusi 80ko hamarkadako manifestazio bateko eskuak eta 2014an Iruñean egindako agerraldi jendetsukoak, eta argazkiaren kolore-kalitateak besterik ez ditu egiten desberdin.
Erakusketa zure herrian paratu eta bertako gairen batzuk herriko eragileek azaltzea, hori da erakusketa honen planteamendua. Antolatzeko interesa duen talde edo norbanakoak jarri harremanetan: sustapena@argia.eus -era idatzi edo 943 37 15 45 -ra deituta.