Italian zein etorkizun daukate asilo politikoa eskuratzen duten errefuxiatuek? Bruselatik bidaltzen den dirua ez doa iheslarien beharretara. Turingo esperientzia egin behar ez denaren adibidea da.
Olinpiar kirolarien egoitza izateko eraiki zen, baina gaur egun 1.000 errefuxiatu baino gehiagoren bizitokia da. Turingo MOI edo merkatu ohia, huts egindako gentrifikazio prozesu baten irudi garbia da. Bertako eraikin abandonatuak 30 herrialdetatik ihes egindako gazteek okupatu dituzte. Saharaz Hegoaldeko errefuxiatuak dira gehienak, emakumeak, gizonak eta haurrak. Udaberri arabiarrak eztanda egin zuenean amets europarrari ekin zioten. Lau urteren ondotik, askok babes politikoa eskuratu dute, baina bizitza berri bat hasteko aukera ukatu diete.
Bishara Txadekoa da eta 2011n iritsi zen Libiatik Italiara. Integrazio programen porrota salatu du: “2013an amaitu egin zen iheslariei laguntzeko iristen zen dirua, eta egun batetik bestera, kalean aurkitu ginen. Gehienei ez ziguten italiera erakutsi eta erakunde publikoek euren ardurari iskin egin zioten”. Hala, Turinen trabatuta zeuden ehunka iheslarik erabaki zuten 2006ko neguko olinpiar jokoetarako eraiki ziren instalazio abandonatuak okupatzea. “Diru publikoaren kudeaketa ilunaren isla dira”, azaldu du Niccolò Vasile ekintzaileak, “eraikinak korrika eta presaka eta kalitate txarreko materialak erabiliz eraiki ziren, beraz, olinpiar jokoak amaitzean inork ez zituen apartamentuak erosi nahi izan”. Vasilek italiar askori buruan dabilkion galdera plazaratu du: nora joan da 2011n errefuxiatuei harrera eskaintzeko bideratu zen laguntza europarra? Ekintzaileak badu erantzunik: “Afrika Iparraldeko Larrialdia izeneko programa martxan jarri zenean Italiako Gobernuak hainbat elkartez osaturiko partzuergo bati eman zion errefuxiatuei laguntzeko diruaren kudeaketa. Diru hori desagertu egin da”.
Horrenbestez, kirolarien egoitza ohia autogestio proiektu bat bilakatu da. “Turingo Udalaren eta eskualdeko gobernuaren laguntza, ura eta argindarra ordaintzera mugatzen da. Ur hotza, hori bai”. MOIko eraikinak zatika erortzen ari dira eta apartamentu bakoitzak mundu bat islatzen du. Diru pixka bat aurreztu duten familiek sukalde elektrikoak, ur-berogailuak eta garbigailuak dituzte. Beste batzuek, berriz, soilik lurrean jarritako koltxoiak”.
Edifizio bakoitzaren beheko solairuan, errefuxiatuek hainbat zerbitzu martxan jarri dituzte, besteak beste jangela, zapata-denda eta informatika gela. 30 ekintzaile italiarrez osaturiko talde batek laguntza eskaintzeko bulegoa ireki du: “Aholkularitza legala eskaintzen duten abokatu batzuk ditugu, italiera eta ingelesa ikasteko eskola zabaldu dugu eta gida-baimena eskuratzeko ikasgaiak ematen ditugu. Halere, guretzat lehentasuna da iheslariei lana bilatzen laguntzea”, adierazi du Vasilek.
Boluntarioei oso garrantzitsua iruditzen zaie iheslariak gainontzeko hiritarrengandik ez isolatzea: “Turingo herritar askorentzat hobe litzateke errefuxiatuak ez ikustea, baina guk ez dugu apartheid soziala bultzatu nahi. MOIaren ghettizazio prozesuak biziki arduratzen gaitu”. Izan ere, eremu guztia poliziaz eta militarrez inguratuta dago. Vasileren aburuz, “bizilagunen aurrean erakutsi nahi dute ordena publikoa eta segurtasuna bermatuta daudela, baina segurtasun indarren presentziak tentsioa areagotzen du”.
Bisharak uste du pobrezia, langabezia eta integrazio falta eskutik doazela: “Ez dugu Italian geratu nahi, baina zeharo blokeatuta gaude. Hemen eskuratu dugu asilo politikoa, beraz, hemen bizitzera derrigortu gaituzte. Arazoa da oso zaila dela lana aurkitzea. Europan zehar bidaiatzeko baimena badaukagu, baina soilik hiru hilabetez eta turista gisa”.
Vasilek ere gogoz kritikatu du Europako integrazio politiken malgutasun falta: “Gazteak nazkatu egiten dira egun guztia ezer egin gabe egoteaz. Askok alde egiten dute, baina beste herrialde batera iristean bueltan ekartzen dituzte edo klandestinitatera igarotzen dira”.
Zorte gehiago dutenek behin-behineko kontratuak lortzen dituzte uzta bilketetan. Kiwiak Piemonten, sagarrak Trentito-Adigen, tomateak Apulian eta laranjak Calabrian. Eguneko batez-beste 30 euroren truke, MOIko errefuxiatuek Italia zeharkatzen dute unean uneko fruituak eta barazkiak jasotzeko. “Krisi humanitarioa hasi zenetik okerrera egin dute lan baldintzek. Lurren jabeek soldatak jaitsi dituzte, baina lanorduak handitu. Badakite errefuxiatuak edozer gauza egiteko prest daudela”, adierazi du Mohamed izeneko etorkin marokoarrak. Mohamedek hamar urte daramatza Italiako eskualde gehienetan uztak biltzen eta ez zaio egungo egoera gustatzen: “Errefuxiatuak barrakoietan bizi dira eta baldintza jasanezinetan lan egiten dute. Ezkutuko legezko esklabotza da”.
Bishara ados dago: “Ez dakit beste aukerarik ba ote dagoen, nik ez dut ikusten. Asilo politikoa eskuratu nuenean ziur nengoen dena errazagoa izango zela, halere, esplotazioak eta miseriak bere horretan jarraitzen dute”.
Nolanahi ere, Italian alarmak piztu dira azkenaldian. Iragan abuztuan lau errefuxiatu hil ziren Apulian mahatsa biltzen ari zirela intsolazioak jota, eta giza eskubideen aldeko erakundeek Erromako gobernuaren laguntza eskatu zuten. Saluzzon, Piemonteren bihotzean, proiektu berri bat jarri da martxan boluntario italiarrek errefuxiatuen lana ikuskatu eta gehiegikeriak sala ditzaten. Iheslari gehienek, ordea, aspaldi galdu zuten bizitza duin bat izateko esperantza. Bisharak argi dauka: “Europak huts egin digu. Ametsa, amesgaizto bihurtu da”.
Eta Europara iristean zer?: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-3
Euskal Herrian ere zail dute errefuxiatuek: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-2
HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]
Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.