argia.eus
INPRIMATU
Alda dezagun sistema eta ez klima
Juan Mari Arregi 2015eko abenduaren 09a

Milioika lagun ari dira mundu osoan mobilizatzen, baita Euskal Herrian ere, lurraren berotzeak sorturiko klima aldaketak mehatxaturik dagoen gure planetaren defentsan. Askoz garbiagoak eta jasangarriagoak diren energia berriztagarrien aurrean, erregai fosilak sustatzen (petrolioa, ikatza eta gasa) dituen sistemaren biktima da planeta. Etengabeko degradatzea ikusita 1980tik klimari buruzko mundu mailako gailurrak egiten dira, baina ez dira gutxieneko adostasunak lortu, bereziki AEBak, Txina eta EB buru diren industrializaturiko herrialdeen artean. Egun batzuk barru amaituko da Parisen munduko 195 herrialde bildu dituen klimaren azken gailurra. Baina beldur gara berriz ere ez ote den porrota izango, edo asko jota, “asmo onen” argazkia baino ez, duela 35 urtekoa bezalaxe.

Zergatik ez da aurrera egiten sistema aldatu eta energia berriztagarriak erabiltzeko bidean? Beti bezala, arrazoi ekonomikoak daude tartean. Munduko gobernu guztien atzean multinazional handiak daude. Erakunde horiek ez ditu inork aukeratu, baina gobernuei euren energia sistema inposatzen diete. Eta gaur, erregai solidoetan besterik ez dute negoziorik ikusten. Berriztagarrien alde egingo balute, haien pribilegioak arriskuan jarriko lituzkete. Aldaketa klimatikoaz hitz egingo dute negozio-aukera bihurtzen denean (bio-erregaiak, deribatuen merkatua, hondamendientzako aseguruak, labore inteligenteak...), ez lehenago.

Bitartean, aldaketa klimatikoa dagoenik ere uko egiten dute eta milioika diru inbertitzen dute euren ideiak zabaltzeko. Parisen, lobby negazionistak jo eta su ari dira, eta hala jarraituko dute gailur gehiago antolatuz, argazkia atera eta euren sistemari eusteko.