ETBko gaztelerazko Teleberri emanaldian entzun nuen Parisko sarraskiaren salatzeko agiri bateratu baten plazaratzea ez zutela lortu Gasteizko Legebiltzarreko parlamentariek. Ez ziren akordiora iritsi sozialistak, mende erdian lur hau ukitu zuen ondorio kriminalekiko fanatismo oldea inplizituki aipatzen zuen perpausa EAJk eta EH Bilduk baztertu zutelako.
Pantailaren aitzinean ttattit geratu nintzen: zepoan geunden, kontxo, berunezko txapa ideologikoa astuna hor zegoen oraindik, batasuna ezinezkoa baldin bazen Parisko atentatu itsu eta odoltsuak gaitzesteko. Ikuskizun penagarria, demokrazia nagusitu arren. Minberatasunek indarrean diraute argiki eta batzuetan gaizki plazatuak direla ezin uka.
EAJk eta EH Bilduk, etxeko terrorismoaren errealitatea begi hotzez ikustea pasatua neutraltasunez aztertzeko ekina onartu beharko dute noizbait. Bake prozesua egiaztatuko da bestearen –etsai ohiaren?– zilbor-zauria norberarena bezain garrantzitsua dela pentsatuko dugun unean.
Lasai: aste bete eskas eta fanatismoarekiko agerpenak ezabatuz alderdi guztiek adostu idazkia atera zuten. Ez dugu etsitzeko arrazoirik, iragan hurbilean ez zitzaigun ezer gertatu.