argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azokan
Erein kazetaritza independentea
Itsaso Zubiria Etxeberria 2015eko abenduaren 02a

Zita garrantzitsua bilakatu da azoka azken urteetan gure euskal mikro mundu honetan. Bezero bezala ia nahitaezkoa dirudi egunen batean Durangora gerturatzeak, eta zer esanik ez saltzaile papera jokatu behar dutenak; bakoitza bere berrikuntza nagusienarekin, krisiak krisi azokak eta erostunen karterak beteta jarraituko duten esperantzan. Saltzea baino zerbait gehiago ere badugu buruan, ordea. Durangoko azoka ARGIAkook –harpidedun, kolaboratzaile, kioskero, langile...– elkartzeko gune aproposa dugu. ARGIAko standean ikusiko dugu elkar.

Erein kazetaritza independentea

Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea liburuz eta astekari eraberrituz osatuko da ARGIAren stand-a. Aurtengo uzta. Erein kazetaritza independentea leloak batuko ditu Bizi Baratzea eta ARGIA proiektua eta Ainara Azpiazu “Axpi”ren marrazkiek emango die berezko izaera, bizia, guneari.

Astekari berritua zer iruditu zaizu?

ARGIA proiektuaz hitz egiteko, iritziak jasotzeko eta astero-astero babesa emanez harpidetza mantentzen dutenei eskerrak emateko lekua izango da ARGIAren gunea. 

Astekari eraberritua argitaratzeko emandako urte beteko prozesuan kazetaritza independentearen ideia jorratu da ARGIAren barren-barrenetik hasita. Astekari berritua eskuetan dugunez, bakoitzaren iritziak eta ekarpenak jasotzeko garaia da.

Errekondoren kontsulta zabalik

Urteko produktu izarra izan da Bizi Baratzea, eta ikusita nolako harrera izan duten liburuaren aurkezpenek, Jakoba Errekondo egunero egongo da ARGIAren postuan. Aukera ederra duzu etxeko landareez kontsulta egiteko.