Ekainean EAEn haustura hidraulikoa erabiltzea eragozten duen legea onartu zen, baina horrek ez ditu aldarazi Eusko Jaurlaritzak –eta bereziki hidrokarburoei buruzko politika ezartzen duen Ekonomia Garapen Sailak– onarpenaren aurretik zeuzkan planak.
Joan den astean jakin zenez, Jaurlaritzaren menpeko Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuak egindako txosten batean oinarritu ditzake bere egitasmoak epe laburrean. Txostenak frackingaren industriak erabili ohi dituen argudio guztiak jasotzen ditu.
Horrez gain, Orkestra Institutuak beste azterketa bat egin du EEErentzat, frackingerako pizgarri ekonomikoak emateko aukerak aztertuz. Jaurlaritzak gutxienez 161.000 euro bideratu ditu azterlan horiek ordaintzera.
Frackingari buruzko EAEko legeak hilabete inguru zuela, Espainiako Gobernuak iragarri zuen helegitea aurkeztuko zuela haren aurka, aurrez beste batzuekin egin bezala, tartean Nafarroakoa.Baina Madrilek ez du mehatxua bete momentuz. Horren ordez, Espainiako Estatuko eta EAEko administrazioen arteko Bitariko Lankidetza Batzordeak iragarri du frackingaren aurkako legeaz negoziazioak hasiko dituela. Orain arte ez da negoziazio horien berririk zabaldu, ez eta hasita dauden ere.
EAJ abstenitu egin zen frackinga eragozteko legearen bozketan, baina haren alde agertu izan da publikoki. Horregatik larriagoa da urri amaieran Maria del Carmen Lopez de Ocariz PPko parlamentariak Legebiltzarrean egindako salaketa. Lopez de Ocarizek esan zuen Espainiako Industria Ministerioari behin baino gehiagotan deitu diola EAJk, haren aurkako helegitea aurkez dezan eskatuz. Azaroaren 13ko osoko bilkuran, adierazpen horiez galdetu zioten Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileari, baina hark ez zuen erantzun argirik eman.
Argiago mintzatu zen aste batzuk lehenago Arantza Tapia Ekonomia Garapen sailburua, EH Bilduk egindako galderari arrapostuz. Tapiaren esanetan, SHESA enpresa publikoak bere egitasmo guztiei eusten die –haustura hidraulikoa erabiltzea aurreikusten dutenak barne–. Eusko Jaurlaritzak 2016rako egin duen aurrekontu proposamenean ere SHESAren hainbat esplorazio proiektutarako gastuak mantentzen dira.