Segurtasunaren izenean zenbait askatasun indibidual eta kolektibo murriztea onartu du, gehiengo handiz, Frantziako Asanblea Nazionalak. Erabakiarekin ados omen dago herritar ugari, galdeketa baten arabera. Ez alferrik, beste gai batzuetan egin ohi den lasaitasunerako deiaren ordez, arma kimikoak edota atentatuak jasateko aukera handia dituzte ahotan agintariek egunotan.
Boko Haramek 30 lagunetik gora hil eta 80 inguru zauritu ditu Nigeriako atentatu suizidan. Malin berriz, bahitutako 27 pertsona eta 13 terrorista hil dituzte Bamakoko hotel batean, eraso yihadistak eraginda.
Siriako Ar-Raqqa hirian 60 bonba jaurti zituen, hiru egunez jarraian, Frantziako armadak. 220.000 biztanle baino gehiago bizi dira hiri horretan. Eraso gehiago iragarri dituzte.
Berehalako atentatu baten aukera argudiatuta, ekitaldi asko bertan behera uzteko agindu dute Belgikako hiriburuan, eta militarrez eta poliziaz josia ikusi dugu hiria, izuak hartuta.