argia.eus
INPRIMATU
Dantza hasi da
IƱaki Odriozola Sustaeta @Inaki_Odriozola 2015eko azaroaren 25a

Katalunian gertatzen ari diren garai zalapartatsuei begira egon naiz, artikulua idatzi aurretik, ez pentsatzen dudalako zerbait lortuko dutela, baizik eta agerian uzten ari direlako espainiar erresumako elite eta politikarien jarrera zapaltzailea, berriro ere.

Harritzen nauena, ordea, hauxe da: euskal gatazkaren inguruan ibili den euskaldun askok, prozesu honi buruz daukan ingenuitatea. Alboan ikusten ditut, azken urteetan gertatutakoa eta Espainiako XX. mendeko “historia”  ahaztuaz, pentsatuz jendarte katalanak, era baketsu eta demokratikoan, bozen indarra bakarrik erabiliz, lortuko duela independentzia.

Oraintsu arte, Espainiako Erresumak urratsik eman ez duenez, ematen zuen prozesua aurrera zihoala. Niretzat, bai gure jendeak, bai katalanek sentsazio hori izan dute: milioi eta erdiko manifestazioak egin, izugarrizko jende erakusketak, bozka egin azaroaren 9an, bozka egin autonomikoetan, eta ez da ezer gertatu izan. Ez zegoen bestaldetik erreakziorik.

Barkatu inozo guztiok, baina, katalanek azken lau urteetan ez dute euren burua animatu besterik egin –“Ez da gutxi! Nahiko genuke geuk ere, egoera horretan egotea”, esango dit norbaitek–. Baina, hotzean, jakin behar dugu, gogorra egiten bazaigu ere, horrek politikoki tamaina gutxiko garrantzia izan duela. Ez dira egitura juridiko-politikorik aldatzen saiatu, duela bizpahiru astera arte. Orduan hasi da dantza.

Parlamentu katalanak erabaki duenean prozesua benetan martxan jartzea, azkar asko ikusi dugu, ustezko gibel-handiek nola jokatu duten. Demokrazia derrepente ez da bozka egitea, ez da herriari iritzia eskatzea, legea –Espainiako lege sakratua– onartzea baizik. Parlamentuak, herriak aukeratutako ordezkarien bidez, gehiengoz onartu duena estatu kolpe bihurtu da, eta hori egiten dutenak autoritarioak dira, desorekatzaileak eta amildegira eramango gaituztenak.

Hau da hau, hitzen esanahi eta diskurtsoak hankaz gora jartzea, indarra erabiliko dutenak, berriro ere, demokrata agertu ahal izateko. Gutxiengoa direnak, espainiar zaleek, bozen bidez lortu ez dutena, indarraren bidez lortuko dute, legearen indarrez, diruaren indarrez, eta behar izanez gero, armen indarrez.

Espainia denboratik at dagoen kontzeptua da, nazio milenarioa, odol eta suz egindako inperio dekadentea, eta katolizismoaren zutabe unibertsaletako bat, obispoaren esanetan: Ongi Morala.

Zuek uste, herritar moderno zarpaildu batzuek erabakitzeko ustezko eskubidea hartu nahi dutelako, Egia Oso hori guztia desegingo dutela? (Nahiago nuke, lau edo bost urte barru, gaur esandakoak irentsi behar izatea, baina oraintxe    bertan ez daukat zalantzarik).