argia.eus
INPRIMATU
Bi sasoi
Edu Zelaieta Anta 2015eko azaroaren 25

Gero eta okerrago daramatzazu eguraldiaz entzuten diren ohiko komentario batzuk. Hemengo eguraldiaren ustezko eskasa salatu nahi duten adierazpen zozoek petraltzen zaituzte gehien: “Hemen ez dago udaberririk, negutik udara zuzenean pasatzen baikara”; “hemen ez dago udazkenik, udatik negura zuzenean pasatzen baikara”. Bi sasoiko eguraldia omen da gurea, argindar-etengailu baten pare dabilena: off-on. Bi aukerakoa. 

Eztabaidatxoa izan zenuen lehengoan lankide batekin. Hura ere hemengo eguraldiaren bitasunaren aldezle porrokatua izaki, lau urtaroen kontua eskolan ikasitako gezurtzat zeukan, haurrentzako ipuin gozotzat. Umorea eta hiperbolea alde batera utzita, defendatzen ari zen iritziaren frogagarri, arropa-dendetako paisaia aurkeztu zizun ebidentzia gisa: “Bertan, bi sasoiko arropa baino ez duzu aurkituko: negukoa eta udakoa”.

Eguraldiaz mintzatzeko arropa-dendak erreferentzia nagusitzat hartzeak harritu zintuen, baita pixka bat sumindu ere. Geroago, ordea, argigarri gertatu zitzaizun pasartea, lanetik ateratakoan: eguraldia ez da gehiago eguraldi; hura nahierara ez menperatzeak sortzen digu arrangura, nonbait, oporrak amets dituen jendarte honetan.