argia.eus
INPRIMATU
Lakari bat babarruna
Itsaso Zubiria Etxeberria 2015eko azaroaren 19a
Lakari denda ekologikoaren berezitasuna da saldu gabe geratutako produktuentzako aterabidea badutela: sukaldea jarri dute maskaltzen hastera doazen jakiekin eguneroko otorduak prestatzeko.
Lakari denda ekologikoaren berezitasuna da saldu gabe geratutako produktuentzako aterabidea badutela: sukaldea jarri dute maskaltzen hastera doazen jakiekin eguneroko otorduak prestatzeko.

Ordenagailu aurrean nagoen honi Zarautzen irekitzera zihoazen dendaren izena aditzean barre txikia egin zitzaion. Gure etxean lakari txitxiei eta ipurdi ederrei deitzen baitzaie. Eta pentsatu nuen, zein kuriosoa izena elikadura osasungarrirako denda baterako. Ezjakina ni. Aiton-amonek hau irakurriko balute... Lakaria garai bateko neurketa mota bati deitzen omen zaio, eta ni enteratu gabe; 3,6 kg inguruko neurriari hain justu. Neurketa egiteko egurrezko kaxaren irudia ikustean, ordea, ezagutu dut tresna, eta orduan ulertu dut Lakariren logoa. 

Total, facebook-ean jarritako eguneko menuak ikusita joan naiz Zarautzera, zer dagoen ikustera.

Ale soltea

Orain hilabete ireki dute denda, eta ni bezala lehen aldiz gerturatutakoak asko ziren. Lau langileak zera azaldu, bestea erakutsi eta hura saldu ari ziren bitartean eman dut lehen itzulia dendan barrena; eta estreinako begiratura ale soltearen papera gustatu zait. Ohiko denda ekologikoetan zer edo zer ikusten hasiak bagara ere, normalean kontatutako produktu batzuk besterik ez ditugu soltean erosteko moduan; eta Lakarin esfortzu bat nabari da zentzu horretan. Kontsumo jasangarriagoaren bidea hortik ikusten dute Lakariko langileek: bakoitzak nahi eta behar duena hartu, markatzen dizuten kantitaterik erosi behar izan gabe, eta noski, askotan janaririk ekologikoena izanik ere plastikozko poltsetan munduari bira emanez iristen zaizkigun produktuen jatorria behintzat kontutan hartuz –nahiz eta horrelako batzuk ere aurkituko dituzun dendan–.    

“Eta zer da bere landareak zaintzen dituen inguruko baserritarrak bildutako produktua baino ekologikoagorik?” diote. Basobeltz baserria, Zarautz; irakurri dezakegu hainbat produkturen informazio-txartelean. Beste hainbaten artean produktuak saltzeko zuzeneko tratua egin duten baserrietako bat da. Ez dute izaten, beraz, neguan tomaterik edo udan kiwirik. Garaian garaikoa da filosofia. 

Bertan prestatutako janaria

Elikagaiek frigorifikoan hilabete aldaketa txikirik jasan gabe pasa dezaketela sinestarazi digutenean, Lakarin frigorifikoetan gutxi xamar inbertituko zutelako-edo, baina lehenago hasten dira maskaltzen. Hortik sukaldea jartzearen ideia. Ia saltzeko ez baina jateko moduan dauden elikagaiak bildu eta egunerokoan otorduak prestatzen dituzte. Hori da nik facebook-en ikusitako menua, Lakarin prestatutako elikagaiena. Saldu gabeko produktuei irteera emateko aukera moduan planteatu zuten, eta badirudi harrera ona izan duela.

Lakari

Kokalekua: Zarautz.

Helburua: Kontsumo-eredu jasangarria, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasungarria sustatuko dituen, eta ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituko den merkataritza-heziketa gune bat sortzea da.

Dendako espazioak: Salmenta gunea, sukaldea, dietetika gunea eta hitzaldiak, eztabaidak, bilerak, emanaldiak egiteko sala.

Ekonomia eredua: Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea. OlatuKoop sarearen barruan daude.