argia.eus
INPRIMATU
Janztearen mugarriak
Jakoba Errekondo 2015eko azaroaren 19a

Hedabideek zientziarekiko duten jarreraz eta zientzialariek bere lanaren hedatzeari buruz duten jarreraz aritzeko deitu didate Donostiara, Natur Zientzien 2. Topaketara. Sumatzen dudanez, nik hedatzen ditudan ideia batzuk “oso zientifikoak” ez ote diren egotzita. 

Han eta hemen, urteak daramatzat gure kultura harrotu eta zabaltzen. Bai, nekazaritza baita gure kulturaren alor garrantzitsuena. Gure lurrarekin dugun lotura horri zor diogu garena. Amona Joxepa zenaren gonapean, ume purtzil muturzikin bat nintzela, baratzean letxuga “frantsesak” aldatzen laguntzen nionez geroztik, ikasi besterik ez dut egin. Etengabe. Beti gustatu izan zait han-hor eta hemen jendeak gauzak nola egiten dituen ikusi-entzun eta jasotzea. 

Gero, irrati batean eta bestean, idatzizko hedabideren batean eta bestean, eta esku artean duzun ARGIA astekarian hasi nintzen landareei buruzko gorabeherak azaltzen. Eta agerian jartzean hasten dira komeriak. Gauzak nola esan, nola azaldu, zer azaleratu eta zer ezkutatu, zer itxura eman, naizena zenbateraino azaldu... Baina esanez; jendea jantziz. Eta kritika. Kritika beti gozoa iruditu izan zait. Badira, ordea, mugarriak jarri nahi dituztenak: hau esan eta hau ez!  

“Zientzian” lan egiten duten askok dituzte mugarriak gustuko, baina zientzian ere artea etorkizunerako bideak proposatzea eta aurreikustea da. Mugarrietatik haratago. Artea. Izan ere, zer da zientzia?