Aurten urte oparoa izan da, oro har. Lurra lantzen dutenentzat bezala, irakurtzen ari zaren ARGIA aldizkari honetan ari garenontzat ere. Fruitu ugari eman du; baita lurrak ere. Kolko-sagar, hur eta besteren artean, intxaurrik ez da falta gure ganbaretan. “Intxaur urte, elur urte”. “Intxaur urte, arto urte”, urtea poliki dator bai, datorrenez, artoan ere. Bele saldoa gozo dabil bestetxeko atariko artasoroan, ale heldu berriei mokoka.
ARGIA berri hau egin denetik ez oso urruti bizi naizen etxeko atari aurrean badira intxaurrondoak, jende askoren etxe ondoetan bezala. Ez du, ordea, lagun on fama, inondik ere auzolagun txarra, nonbait: “Intxaurra, etxe ondoan txarra”. Intxaurrondoak taktika eraginkorra du lurreko jakiak urrituko lizkiokeen landare konpetentzia eragozteko: berde dituen atal guztietan lika pozoitsu berezi bat jariatzen du, eta euria edo ihintza denero hura lurrera. Ondorioz intxaurrondopea libre. “Intxaurraren azpian lo egitea txarra” eta “intxaur arbolak ez du lagunik nahi” ere esaten da.
Intxaur alea biltzen duen zokotena ere berdea da; esaeratik esaerara, “intxaur zokolina janez gero, hil”. Zokotenak eta eragiten duen orban beltzak badute “lepotarka” izen: intxaur-mozkorra, zokolin, zokotin, zokoton, sokolin, sokoten, sokote, zoketen, mozkotz, moskol, moskolo, moskoron, moskaran, mozkan, moskan, moxkan, sokaran, sokaan, sokan, sokada, sakarin, nato, txakarin, txukaran, txokaran...
Garrantzi handiko fruitua da intxaurra, bestela ez litzateke esaera hauetarako erabiliko: “Zorroan abarrots asko, baina intxaur gutxi”, “itzaur guti eta arroitu anitz” edo “intxaurrak baino hotsak handiago”. Beste aldaera hau ikasi genuen guk ikastolan: “Intxaurrak bost, hotsak hamabost”.
Eta hamabost izen baino gehiago du, bai, aleak berak ere: intxaur, eltzaur, eltxaur, intxaus, unsaur, untxaur, giltzaur, giltzagur, intzaur, inzaur, insaur, entzagur, entzuur, etsagur, etzagur, etsabur, etxagur, etxaur, etxabur, exabur, etzaur, intxoor, intxor, intxur, intsaur, intzagur, intzagor, intzaor, itxaur, itzagur, itzaur, itzigur, inttur, heltzaur, heltzur...
Baina, “hiru edo lau intxaur nahiko”.