Emakume laborarien lana ez da ikusten. Bere ekarpen ekonomikoa ez da inon kontatzen: asko eta asko ez dira ageri ez Gizarte Segurantzan, eta ez dira ekoizpenen titular. Emakume Baserritarren Estatutuak egoera hori orekatzen asmatuko ote du? Gizarte matxistaren ondorio den ikusezintasun honez gain, Europatik bultzatu den nekazaritza ereduak ere emakumeak nekazaritzatik bota ditu. Aldiz, ertz-ertzekoak diren emakume baserritarrek argi dute nekazaritzaren etorkizuna eurek landu izan duten ereduak duela.
Emakume laborarien lanak ez du ikusgarritasunik. Euren egungo egoera ongi islatzen dute Isabel de Gonzalo Aranoak eta Leticia Urretabizkaia Gilek Las mujeres baserritarras: análisis y perspectivas de futuro desde la Soberanía Alimentaria (Emakume baserritarrak: analisia eta etorkizun ikuspegiak Elikadura Burujabetzatik) liburuan. Sexuaren araberako lan banaketak ekarri du familia ekoizpenetan bereizi egin direla lan produktibo eta erreproduktiboak, eta bakoitzaren errekonozimendu sozioekonomikoa ezberdina izan da. Baserriko bizimoduari eusteko beharrezkoak diren zaintza lan gogorrak badira, eta gainera, lotura zuzena dute aktibitate produktiboarekin. Hirietan bezala baserrietan ere, lan hauek ez dira “lan”: Espainiako Estatistika Institutuak (INE) dio etxeko lanak ez direla nekazaritza lanen barruan kontuan hartuko.
Baina horrez gain, emakumeek baserrietan egiten duten lan produktiboa ere ezkutatuan dago: askok ez dute Gizarte Segurantzan kotizatzen, eta emakumeek egin izan dituzten lan produktiboak ez dira nekazaritza jarduera gisa hartu izan (ez INEren estatistiketan, ez legeetan), nahiz eta etxeko ekonomian pisua baduten: esaterako, eraldatutako produktuak ekoiztea (txerrikiak, gazta...) edo zuzeneko salmentan aritzea.
Gainera, ekoizpena gizonaren izenean egon ohi da gehienetan. EAEko landa eremuan egindako azken erroldaren arabera, ustiategien %68 gizonen izenean dago, eta %32 baino ez emakumeen izenean. Ekoizpenaren titularitaterik ez izateak desorekak sortzen ditu etxe barruan, esaterako, jardueraren gestioan erabakiak hartzerako orduan.
Aitortza legal, ekonomiko eta sozialik ez izateak dakar euren langile izaera ez ezagutua izatea. Emakume baserritarren lana ez da lan profesionaltzat hartzen, “etxerako laguntza” gisa baizik.
Zergatik ez dira ageri Gizarte Segurantzan?
Industrializazioak baserrietatik hirietara eraman zuen populazioa, eta nekazaritza ustiategiak langilez hustu zituen. Nekazaritza industrialak, aldi berean, emakumeak ustiategietatik atera ditu. Arantza Arrienek kontatu digu bilakaera, Ozetan (Araba) sagar zukua auzolanean botilaratzen duten bitartean: “Gizarte Segurantzan izena emanda askoz baserritar gutxiago gara egun, eta horien artean emakumeak %30 inguru gara (nahiz eta esaten den azken urteetan emakumeok pixkatxo bat gora egin dugula). Mekanizazio handia eman den tokietan, adibidez, Arabako lautadan, mekanizazioak emakumea jarduera horretatik kanpo utzi du”. Zergatik ez diren ageri Gizarte Segurantzan? “Nekazaritzan etekinak ez dira handiak, eta batzuetan sakrifikatu egiten da etxeko baten Gizarte Segurantza; eta emakumearena izaten da. Zerikusi handia du errentagarritasunarekin eta beste zatitxo batean, gizarte matxistarekin: nahiago izaten da traktore bat erostea, etxekoa Gizarte Segurantzan egotea baino”.
Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Emakume Baserritarren Estatutuak, eskubideetan ezberdintasunak sortzen dituen ikusezintasun egoera honi egin beharko dio aurre. Horretarako, emakume nekazariek Gizarte Segurantzan kotizatzea bultzatzeko laguntzak eskainiko ditu. Bestetik, emakumeak ustiategien titular bezala agertzea –euren kabuz, edo modu partekatuan– bultzatuko du: emakumeen titulartasuna duten baserri eta nekazaritza enpresek puntu gehiago jasoko dituzte lehiaketa publikoetan edo diru-laguntzetan.
Lege honen arabera, gutxienez urteko errentaren erdia nekazaritza jardueratik lortzen duten emakumeak ustiategien jabetzan parte izango dira. Baina zein dira –eta zein ez– “nekazaritza jarduerak”? Alazne Intxauspek azaldu digu gakoa: Intxauspe laboraria da, Iurretako (Bizkaia) baratzeetan landutako fruituak otzaretan saltzen ditu. Nekazaritza iraunkorra bultzatzen duen Etxalde mugimenduko emakumeen taldeko kidea da. Adierazi du euren eskaria izan zela estatutu honetan nekazaritza lan gisa kontuan hartu daitezela baita ere nekazaritza produktuak eraldatzea eta merkaturatzea. Eta pozik dira, estatutuan ikuspegi hori txertatzea lortu dutelako: “Izan ere, bestela oso zaila da emakumeen lanaldia lurrari soilik lotua izatea, horrek hektarea askoko jarduera intentsiboa eskatzen du”.
Intxauspek positibo baloratu du baita ere estatutuaren arabera, nekazaritzarekin zerikusia duten erakundeetan, lau urte barrurako ordezkaritzaren %40 emakumea izan beharra –bestela ezingo dute diru-laguntzarik jaso–.
Noraino lortuko duen estatutuak egoeran eraginik izatea? Zuhur ageri da Intxauspe: “Ezagutzen ditugun beste esperientzia batzuek zalantzan jartzen dute antzerako estatutuen eraginkortasuna. Guretzat estatutua erreminta bat da; lege hau hobetu daiteke, noski, eta hobetzera joango gara, baina eskatzen duguna da behintzat dagoen hau baliabidez hornitzea, aurrekontu bat jartzea eta indarra ematea”.
Europako diru-laguntzek (ikus aurreko orriko koadroa) bultza duten nekazaritza eredu industriala “ez da emakumeona eta ez da gizartearentzako ona”, adierazi digu Arrienek: “Emakumeak ez gaitu erakartzen nekazaritza horrek; diru handiak eskatzen dituena, inbertsio handiak... Gurea gehiago da inbertsio txikiak egitea, ikusten joatea, aldatzea, partekatzea...”. Datuek erakusten dute zenbat eta ustiategi handiagoak izan lur eremutan, emakume gutxiago direla bertako titular. Arrienen hitzetan: “Emakumeak titular diren ustiategiak askoz (baina askoz, e!) txikiagoak dira lur eremutan, eta askoz dibertsifikatuagoak dira. Gizonak ari diren jarduerak askoz espezializatuagoak dira. Emakumeen ustiategietan, normalean, badira loreak, bada baratzea, baratzeko produktuen eraldaketa, oilo apur batzuk, lehortzen dira sendabelar batzuk... Nekazaritzak bereak dituen askoz eremu gehiago hartzen dute. Eta emakumeen ustiategietan gizonenetan baino askoz gehiagotan zuzena da salmenta Beraz, herritarren gehiengoarentzako ona den nekazaritza ereduak antz handiagoa dauka emakumeen ustiategiekin, gizonen ustiategiekin baino”. Filosofia tira, eta errentagarritasuna? bestela ezin dela iraun, hori izan ohi da ustiategi handien argudio: “Handi zein txiki, irabazi garbi denok antzekoparezido egiten dugu” erantzun du Arrienek. “Batzuek diru gehiago ikusi bai, ikusten dute mugitzen, baina ez dira errentagarriagoak”.
Intxauspek ere argi du: “Elikadura burujabetza ezin da ulertu feminismorik gabe. Nekazaritzak emakume aurpegia du. Gure baserri eredua emakumearen eredua da. Nekazaritzak iraungo badu, ereduz erabat aldatu beharra daukagu. Eredu intentsiboa, hektarea askokoa, monolaborantza, ongarri eta pestizida kimikoak behar dituena, gastu pila dituena... Nekazaritza horrek dakarren bakarra da nekazaria langile prekario bihurtzea. Erdian dagoen industriak kontrolatzen du dena, kapitalak”. Etorkizuneko nekazaritza iraunkorra dela baieztatuta, bere oinarriak laburbildu ditu Intxauspek: “Baserriak ezaugarritzat izan duen autonomia berreskuratu behar dugu. Hori izan da emakumeak egin duena historian. Eredu hori soilik da iraun dezakeena. Autonomoa dena, kasik ez duena kanpoko inputik behar, ez hazirik erosterik eta abar. Dibertsifikatua dena eta zikloa baserrian bertan ixten duena”.
Etxalde nekazaritza iraunkorraren aldeko mugimenduaren baitan, emakume laborarien dinamika indarra hartzen ari dela kontatu digu Intxauspek: “Euskal Herri osoko 70 emakume baserritar gaude sare honetan, eta normalean elkartzen garenak 10-15 gara “. Mugimendu guztiek dituzte garai biziagoak eta iraupenezkoak, eta aurten Emakumeen Mundu Martxak dinamika azkartzen lagundu dielako esker oneko dago: “Aurtengo Emakumeen Mundu Martxako ikurretako bat haziak izan direnez eta elikadura burujabetza landu dutenez, ikusi dugu bete-betean guri ere bazegokigula parte hartzea. Hazien bilketan parte hartu dugu eta Bilboko jaian bizitzaren jasangarritasunari buruzko gure ikuspegia aurkeztu dugu”. Eguneroko jardunean feminismoa euren gogoetetara ekartzen eta baserriko emakumeen artean ezagutzera ematen saiatzen dira, “denetariko emakumeak baikaude baserritarren artean”. Emakumeen Mundu Martxan martxa hartuta, urte osoko plangintza osatzera jarri dira: “Bi lan ildo zehaztu ditugu: batetik, gure taldea indartzeko ekintzak. Horren baitan, oso garrantzitsutzat dugu formazioa. Abenduan ziberaktibismo ikastaroa egingo dugu, internet eraginkorrago erabiltzen ikasteko, bideo motzak egiten trebatzeko... Bigarren ildoa sentsibilizazioa da, taldez kanpoko emakumeei zuzendua. Horretarako, Kubako Campesina a campesina formazio eredua hartu dugu oinarri: Akademiko bat ekarri beharrean bere teoriak kontatu ditzan, beste baserri batera joaten gara han nola lan egiten duten ikustera eta elkarrengandik ikastera”.
- Diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonen %32 dira emakumeak eta %68 dira gizonezkoak.
- Emakumeek diru-laguntza poltsaren %23 jasotzen dute. Batez beste, gizonek 4.814,92 euro jasotzen dituzte eta emakumeek 3.100,27 euro.
- Emakume baserritarren %45,28k 1.000 eurotik beherako laguntza jasotzen du. Eta 1.000-5.000 euro artean emakumeen %33,04k. 20.000 eurotik gorako laguntza jasotzen dutenak, emakumeen %2 dira.
Ekoizpenen %29an emakumeak dira titularrak eta %71 gizonak. Emakumeak titulartasunean nagusi dira, ekoizpen hauek ez direnean etxeko diru-iturri nagusia. Ekoizpenaren dimentsio ekonomikoa handitzen den heinean, gutxitu egiten da emakumeen parte-hartzea bai gestioan eta baita erabakietan ere. Autokontsumora bideratutako lurrak gehienbat emakumeek kudeatzen dituzte.
Iturria: Las mujeres baserritarras: análisis y perspectivas de futuro desde la Soberanía Alimentaria.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]
“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]
Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik. Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]
Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.
EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]
Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]
Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.
Ekolurrak irailaren 23a, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna, aprobetxatu du tresna berria aurkezteko. Elikagai ekologikoak kontsumitzeko erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, Sareko bilatzailearekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizle ekologikoen 269... [+]
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.
Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.