Ane Rodriguezek duela hiru urte hartu zuen Tabakalerako proiektu kulturalaren lema. Bere eskutik iritsi da egitasmoaren jendarteratzea irail honetan. Flashak eta elkarrizketa asko, baina hasierako zarataren ondoren zer? Hauek dira Donostiako kulturgune handienaren barrenak.
“Gauzak azkar doaz, ez du denborarik ematen komunikazioan eta euskarrietan daukagun gogoeta ondo islatzeko” dio Ane Rodriguez Tabakalerako kultur proiektuko zuzendariak lehen galderari –orain arteko balantzea nolakoa den– erantzunez. Eraikineko hirugarren pisuko bulego batean gaude. Sartzean ikusi ditugu lan taldeko kideak buru-belarri euren ordenagailuetan; loft itxura daukan espazio estreinatu berria, uda txikiko egun horietako bat, giro lasaia, argia sartzen sarrera nagusira ematen duen leiho zabaletik. Hilabete eta erdi pasa da inauguratu zutenetik, hasiera jendetsuaren ostean pixkanaka forma hartzen ari da kultura garaikideko gunea, baina oraindik falta dira gerora eraikinean garrantzia izan behar luketen zenbait osagai. Esana zuten: irekitzea ez da iraileko zita nagusiarekin bukatu, udazken osoan estreinatu nahi dute tabako fabrika zaharberritua.
Hainbat inaugurazio egiteko adina metro behintzat badago hemen. Handiegia ere ez ote den. Donostian, are Gipuzkoan honelako zerbait edukiz betetzeko adina masa kritiko ez sortzeak kezkatzen ote duen galdetuta ezetz dio, “ardura partekatua” delako. Alegia, dena ez dago Rodriguez eta bere ekipoaren esku, eraikinaren laurdena da gutxi gorabehera kultur proiektua.
Apuntea hartzen dugu: ondo desberdindu behar da zer den Tabakalera –eraikina– eta zer Tabakalera –egitasmo kulturala–. Bata espazioa, bestea dinamika; bata eskaparatea, bestea barruan aurki dezakezunaren parte bat, Euskadiko Filmategiak, Zineuskadik, Zinemaldiak, Kutxak eta Etxepare Institutuak egingo dutenarekin osatuko dena, baita beste zenbait ekimenekin ere. Edonola, Rodriguezek uste du ez direla behar bezala desberdintzen oraindik: “Edifizioaren izen bera edukitzea bada zama, kultur proiektua epaitzen delako gainontzekoaren baitan”. Estreinatu eta berehala ikusi dute, moda desfile bat egiteko Tabakalerako espazio bat alokatu dutenean: “Ez genuen guk antolatu, baina ezinbestean jendea Tabakalerara baldin badator gurekin lotzen da. Gauza horiek probatu egin behar ditugu, funtzionatzen duten ala ez; ditugun osagaiekin gauzak nola egin ikusi, ea gatz pixka bat gehiago behar duen edo olioarekin pasa garen”.
Potentziala ez da txikia honelako espazioa eskura edukita. “Publikoen arteko harremana” aipatu du Rodriguezek indargune gisa. Eraikinean sartzen denak egin ditzakeen zirkuituak ditu buruan: “Kutxaren ikasgeletara datorren norbait gero liburutegitik pasa daiteke eta ondoren zineman ze programazio dagoen ikusi; edo alderantziz, gure erakusketa bat ikustera datorren kanpoko komisario batek hemengo zerbait ezagutu”. Asmo oso desberdinekin joango diren pertsonek elkar kutsatzea da xedeetako bat.
Esatea erraza da, baina publikoaren parte handi batek “arte” hitza entzun eta ondoren etor daitekeenaren beldurrez eskuak belarrietara eramateko joera daukan herri batean, hesi asko bota beharko dira. “Nik uste konplexu asko ditugula. Eta nire burua zakuan sartzen dut. Jakin behar dugu gauzak lasaitasun handiagoarekin ikusten”, dio Rodriguezek. Erakusketa garaikide baten aurrean “gustatzen zait” edo “ez zait gustatzen” esatearen alde agertu da, adibidez. Hobe da hori bere ustez, “ez dut ulertzen” esan eta bertan goxo geratzea baino.
Gomendioa praktikan jartzeko lehen aukera, Tabakaleraren estreinako erakusketa. Ikus-entzunezkoen aldiriak intentzio-deklarazio gisa ulertu behar ote den galdetu diogu zuzendariari, ez baita, nolabait esateko, oso erakusketa “komertziala” –eta irekitzean gauza mainstreamago bat egitea barkagarria izango zen–: aztertzen ditu, besteak beste, ikus-entzunezko artearen ekoizpen, erreprodukzio eta transmisio baldintzak, bisitariari hasieratik ahalegina egin dezan eskatuz. “Hau beste lan batetik dator, Apologia/Antologia, eta bi urtean aritu gara horretan lanean. Nahiko logikoa iruditu zitzaigun etxean abiatutako erakusketa bat egitea eta ez enkarguzko zerbait”. Koldo Mitxelena, Kutxa Kubo aretoa eta San Telmo ere hor daude, beraz Tabakalerak bere eredua aurkitu behar du, sorkuntza berriko erakusketak eginez; edo sorkuntza bultzatzen dutenak; edo ikerketa baten ondorioz presentatuko duten zerbait: “Gu ez gatoz jada egiten diren erakusketak egitera”.
Baina, Ikus-entzunezkoen aldiriakera itzuliz, aitortu du: “Bai, arreta eskatzen du. Eta guk hor erakunde bezala mediaziorako erremintak eskuragarri jarri behar ditugu. Ez da gure nahia, inondik inora, erakusketa itxiak egitea. Baina diskurtso bat egin nahi dugu erakusketak planteatzen ditugun heinean. Ikasiko dugu erakusketa batetik bestera komunikazioa hobetzen; ariketa egin behar dugu testuek ere lur har dezaten.Bestela elkarrizketa mozten da eta ez da inora ailegatzen”.
Azken udal eta foru hauteskundeen kanpainan 15 minutuko fama izan zuen Tabakalerak, Markel Olano Gipuzkoako EAJko zerrendaburuak Egiako eraikina “ikus-entzunezko puntako sormen gune” bihurtzeaz hitz egin zuenean, gaur egungo proiektuarekin bat egiten ez duen zerbait, alegia: momentuz diziplina ugaritako praktika artistiko garaikideak dira ardatza, ez bakarrik ikus-entzunezkoak, ezta produkzioa huts-hutsean ere. Jakina denez, gero Olanok hauteskundeak irabazi zituen eta eraikineko administrazio kontseilua osatzen duten beste bi erakunde publikoak ere –Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza– EAJren esku daude.
Abiatu eta segituan aldatzen hasi behar? Rodriguezek bi partetan esplikatu du gaiari buruzko bere iritzia, egun zentroak dauzkan helburuak gogora ekartzearekin batera. Bat: “Horiek aldatzea erabakitzen bada edo negoziatzea tokatzen bada, negoziatuko da. Nik ulertzen dut agintari bakoitzak badauzkala helburu finkatu batzuk; eta hori horrela izanda, negoziaketa batean sartu behar zara”. Bi: “Baina Tabakalerak hamalau urte behar izan ditu irekitzeko. Denbora behar da proiektua mamitzeko. Hasi aurretik elementuak aldatzen hasiko bagina, atzerapausoa izango litzateke”.Horrelako aldaketarik egiteko saiakerak izan ote diren galdetuta Rodriguezek ezetz dio: “Saiakerak baino, badaude helburu desberdinak finkatuta legegintzaldi batetik bestera”.
2012an hartu zuen proiektuaren gidaritza Rodriguezek, panorama instituzional arrunt diferentearekin –Bilduren esku zeuden Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala; PSE-EEren gobernua zeukan Eusko Jaurlaritzak–. Lau urtean behingo aulki jokoaren ostean agintari berriekin harreman ona daukala dio, “erotzeko moduko uda” izan dute inaugurazioarekin eta horren ondoren eseri dira zuzendaria eta instituzioak. “Konbertsazioa” da harremana definitzeko erabili duen hitza. Zaintzea komeni den elkarrizketa, kulturgune honek eduki dezakeen proiekzioa edozein agintarirentzat karamelua baita. “Hala da. Eta ez hemen bakarrik: Espainiako Estatuan ere horrelako proiekturik ez da ireki”.
Elkarrizketa hau Donostiak Europako Kultur Hiriburuaren banda jantzi baino aste batzuk lehenago ari da grabatzen. Hiriko programazio kultural publikoak koordinatzeko premia sortuko du zitak eta 2016aren bulegoak hartu du bere gain ikuspegi orokorra emateko zeregin hori. Tabakalera tartean dago noski, eta beste erakundeekin egiten ari den lana esplikatu du Rodriguezek. Azaldu duenez, ez dago organismorik erakunde arteko harremanak bideratzeko: “Nik uste 2016ak utzi beharko lukeen legatu horietako bat hori izan beharko litzatekeela, metodologiaren bat denon artean gauzak pixka bat koadratzeko”. Ebentoa pasako baita, baina egitasmo asko irauteko asmoz jarri dira martxan.
Aldaketa urtea izango da hortaz 2016a. Eta edozer kanbiatzen hasten denean bezala, erresistentziak sortu dira. Lagin bat, Nosferatu zine zikloa Antzoki Zaharretik Tabakalerara eramatearekin gertatu dena: saio batean zenbait ikusle lekurik gabe geratu zirelako zurrumurruren bat entzun da, garrantzi gutxiko kontua, baina aukera ematen duena galdetzeko ea Egiakoa bezalako espazio batek Donostiako eskaintza larregi zentralizatu ote dezakeen. “Horrelako proiektu bat irekitzeak ekartzen du hirian gauzak birpentsatzea” Rodriguezen ustez, “baina ez litzaiguke gustatuko beste espazioak edukiz hustea”.
Pieza asko ari dira mugitzen Donostiako kultur eskaintzan eta Tabakalerak dantza horretan bere pausoa markatu beharko du, zentroaren nazioarteko izaera ahaztu gabe eta herritarrak erakartzen saiatuz. Seguruenik ideiak argiago iritsiko dira urriko egun honetakoa bezalako isiltasunarekin, lehen asteetako zaratatik urrun, eta datorren urtean espero daitekeen espektakuluaren aldirietan.
Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]
Azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dute kultura feministaren jaialdiko aurtengo edizioa, Donostiako Tabakaleran. Ahoa narras lelopean, egitarau oparoa antolatu dute: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak eta beste eskainiko dituzte 25 bat artista, pentsalari... [+]
Hemezortzi egileren lanak biltzen ditu Emma Kunzen unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin elkarrizketan erakusketak. Emma Kunz (1892-1963) ikertzaile eta sendalari suitzarrak pendulua erabiliz egindako tamaina handiko irudiek dute zentraltasuna, eta artista... [+]
Iaz Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan lehen aldiz Sail Ofizialean lehiatu ostean, Euskal Herrira itzuliko da aurten Claire Simon zinema zuzendaria. Tabakaleran haren filmografia osoa proiektatuko dute apirilaren 7tik aurrera eta maiatzaren 28an, Récreations filmaren... [+]
Sismika leloa hautatu dute aurtengoan Plazandreok antolatzaileek, eta 30 artista, aktibista eta pentsalari baino gehiago egongo dira hitzaldi eta ekitaldietan.
Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]
Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]
Izenburu horren pean hasi zen 2018an Tabakalerako zinema ziklo feminista. Gaur egun, Artiumekin elkarlanean antolatzen da, eta hilean behin eskaintzen diren filmek eta hauei buruzko hitzaurreek osatzen dute. Kanonetik kanpo gelditu diren emakume zuzendarien pelikulak ezagutzera... [+]
Uda garaiko egun bero horietako bat da, Kontxako hondartza jendez lepo dago, eta egunero bezala, aldiro, megafonia pizten da. Megafoniatik entzuten diren hasierako hiru tonuen ondoren, ohiko ahotsaren eta mezu programatuen ordez, guztiz ezezaguna egiten zaigun ahots bat entzuten... [+]
Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]
Maider Oleaga, Leire San Martin eta Maider Fernandez Iriarteren arteko solasaldi digitala antolatu du Tabakalerak ostiral honetan. Bakoitzak film baten pasartea aukeratuz, 19:00etan abiatuko da erreferente zinematografikoak ardatz izango dituen saioa eta streaming bidez jarraitu... [+]
Kulturan lan egiten dutenentzat ere greba eguna izan da osteguna. Donostian ikusi, entzun eta sentipentsatutako gauzen bilduma da ondorengoa.
Filipa César artista eta zinemagile portugaldarra da. Egun baina, Berlin eta Ginea Bissau artean bizi da, azken herrialde honetako historian ari baita lanean 2011 urtea geroztik, Ginea Bissauko zinema artxibo militantea bere ikerketaren zutabe bilakatu zuenetik... [+]