argia.eus
INPRIMATU
Zergatik dut min barrabiletan?
Jabier Agirre 2015eko azaroaren 04a

Barrabil bat bestea baino beheraxeago kokatua egotea ez da inola ere kezkatzeko arrazoia, batzuk pentsatzen duten bezala, ezta alde bateko barrabilaren eta beste aldekoaren tamainak diferenteak izatea ere,  kasu gutxi batzuetan izan ezik.

“Barrabilak fetuaren sabel barruan sortzen dira, eta pixkanaka beherantz jaitsiz doaz, jaio aurretik barrabil-zorroan kokatzeraino. Litekeena da bietatik bat bestea baino gehixeago jaistea, baina eskrotoaren barruan dauden bitartean ez dago patologiarik”. Madrilgo Gregorio Marañón Ospitaleko Urologia Zerbitzuburu Carlos Hernándezen hitzak dira. Behin edo behin, barrabiletakoren bat edo biak ez dira zorroraino jaisten –kriptorkidia esaten zaio horri, “ezkutuko barrabila” esan nahi du– eta orduan bai, barrabil hori jaistea lortu beharra dago nola edo hala, kasurik gehienetan ebakuntza kirurgiko baten bidez, batez ere bi urtetik gorako mutikoen kasuan.

Tamainari dagokionez, ez dute aparteko galderarik izaten urologia kontsultetan, bolumenean izandako handitzea edo txikitzea oso-oso nabarmena ez bada behintzat. “Gizon gazteek egiten dizkigute kontsultak gai horren inguruan, barrabiletako minbizia usuagoa baita horien artean, batez ere molestiaren bat edo koskorren bat edo aldaketaren bat sumatzen badute”,  Hernándezen esanetan.

Bere esperientzia profesionalean oinarrituz, Hernándezek dio gizonezkoak ez direla asko kezkatzen barrabilen tamaina eta itxuragatik, eta jarrera desberdinak izaten direla adinaren arabera. “Paziente gazteak gehiago kezkatzen dira kontu horiez, ez ordea urte gehiago dituztenak”.

Traumatismoen erdia, kirolean

Traumatismoak, inflamazioak, tumoreak, barikozeleak (barizeak) edo likido-pilaketak (hidrozelea) dira barrabiletako patologiarik usuenak. Traumatismoen %50 kirola egiten den bitartean gertatzen dira eta %9 motor edo auto-istripuetan.

Patologiaren arabera sintomak desberdinak dira. Barikozeleek min arina eragin dezakete, baina min zorrotzik ez. Hanturak –orkitisa esaten zaio– tamaina handia, min bortitza eta batzuetan sukarra ere ekar ditzake. Barrabiletako minbiziak, berriz, ez du minik eragiten; tamaina handituak eta ingurua gogortzeak emango digute minbiziaz susmatzeko arrazoia.

Zer egin min gogorren bat edo sintoma arraroren bat agertuz gero? Bat-bateko min gogorra hantura edo infekzio batek sortua izan daiteke, edo barrabiletako tortsio edo bihurdura batek bestela. Ez bada denbora laburrean baretzen edo desagertzen, larrialdi zerbitzura joan behar da, behar bezala diagnostikatzeko. Izan ere, barrabiletako tortsio bat ez bada aurreneko sei orduetan diagnostikatu eta konpontzen, barrabila galtzeko arriskua dago, organora odolik ez baita iristen, eta lesioak atzeraezinak izatera irits baitaitezke.

Ez utzi medikuarengana joateari lotsagatik

Laburbilduz, espezialista batengana joatea komeni da beti, molestia horiek, tamainan edo sendotasunean barrabiletan gertatutako aldaketa horiek aztertu eta kasuaren garrantzia baloratu dezan. Ez da komeni sintoma horiek gutxietsi eta, lotsa edo ezjakintasunagatik, geroko luzamenduetan ibiltzea. Mina, maiz izan arren, ez bada handia, edota barrabilak tamainaz handituta egonik ere minik edo gogortasun berezirik ez badago, espezialistaren balorazioa gerorako utz daiteke.