Donibane Lohizune, 1976. Euskal Konfederazioko eleduna. AEKko irakaslea da, Azkaine eta Senpereko Gau-eskolen arduraduna. Bere aburuz, Baionan urriaren 24ko manifestazioan entzun ziren “Euskara hizkuntza ofiziala!” eta “Euskal Herri Elkargoa!” lemak
Ipar Euskal Herriak behar duen instituzioaren aldeko deiadar ozenak dira.
7. Deiadar ekitaldiak milaka lagun batu zituen Baionako karriketan. Euskal Konfederazioko eledun Sébastien Castet honela mintzatu zitzaigun manifestazioaren biharamunean: “Deiadar manifestaldien historian lehen aldikoz, lurraldetasunaren problematika hizkuntzarenari gehitu zaio. Ondoko hilabeteak erabakigarriak izanen dira. Herri kontseilu guztiek Ipar Euskal Herrirako Elkargo bakarraren alde edo kontra bozkatu beharko baitute. Urriaren 24an bildutako 5.000 pertsonek “baietz” argia eman zuten.
Manifestazioa Euskal Konfederazioak eta Baterak elkarrekin deitua izan zen. Zer adierazten du horrek?
Bateraren sorreran hainbat eragilek parte hartu zuten. Euskal Konfederazioa hastapenetik da haren kide. Azken urteetan Euskal Herriaren instituzionalizatzea da gehien aipatutako gaia, alta, oroitu behar dugu Baterak lau aldarrikapen dituela: berezko unibertsitatea, Laborantza Ganbara, Euskal Instituzioa eta euskararen ofizialtasuna. Azken eskakizun horren eramailea Euskal Konfederazioa da. Lau sektoreek elkar osatzen eta sostengatzen dugu. Laster, Batera karabanaren bidez Elkargo bakarraren aldeko sozializazio lana eginen da herriz herri, helburu argi batekin: ahal bezainbat herriko kontseiluk Elkargoaren alde bozka dezaten heldu den udaberrian, Elkargoaren sortzeak euskararentzat suposatzen dituen onura guztiekin.
Nola dago Euskal Konfederazioa?
Indartsu. 20. urtemuga bete du aurten. Euskararen alde edo lanean ari diren elkarte guztiak federatzen ditugu: AEK, Seaska, Euskal Haziak, eskola elebidunak, Berria egunkaria, Euskal Irratiak, Bertsularien lagunak... Elkarte guztien onerako, botere publikoen lanaren akuilua gara, bereziki legeen esparruan laguntzen duena.
Herritarrek euskararen inguruko interesa atxikitzen dute? Euskalgintza osasuntsu al dago?
Egoera ez da idilikoa, baina 20 urtetan urratsak eman dira. 2005 urtea mugarria izan zen, orduan sortu baitzen Euskararen Erakunde Publikoa (EEP); hizkuntza politika garatzeko ardura duen erakundea. EEPren eskutik heldu zen Hizkuntza Kontseilua. Horiek sortu bagenituen, euskalgintzan eramandako lanari esker izan da.
AEKko langilea ere bazara. Euskara ikasteko eskaera mantentzen da?
Bai. AEKn 1.000 ikasle ari dira Gau-eskoletan, eta paraleloki, formakuntza ematen dugu herriko etxeetako langileentzat, baita administrazioaren hainbat langilerentzat ere. 200 langile inguru formatzen dugu euskaraz urtero, beraz, guk eskaerari ongi erantzuten diogu. Bestalde, irakaskuntzan, Seaska ikastoletan murgiltze eredua hautatzen duten gurasoen eskaera emendatzen ari da; eskola pribatuan nahiz publikoan ere elebitasuna handitu da. Eskaera badago, baina horretarako egiturak sendotu behar dira: AEK-k 30 langile ditu, Euskal Irratiak elkarteak beste hainbeste. Adibide bi baino ez dira. Egun, ekimen berriak garatzen eta koskortzen ari dira. Baina, egia da, gero eta proiektu gehiago garatzen ari gara, eta horiei ekiteko baldintzak ez dira onenak. Hau da, legeari eta finantzazioari dagokienean blokeo egoera batera iritsi gara.
Hain zuzen ere, EEPk abiatutako hizkuntza politikak eman zezakeen guztia eman du, dirudienez.
EEPk sabaia jo du gure ustez. EEP sortu bezain laster, Euskal Konfederazioan ari garen kideak deitu zituen arloz arlo, haiek garatu nahi zuten hizkuntza proiektua bideratzeko. Eratu zenetik gaur egunera aurrerapausoak eman dira, hizkuntza publikoa eramateko ez baitzen deus egituraturik, hau da, sortu zenean dena egiteko zegoen. Abantzu hutsetik abiatzen garenean erraza da aitzinatzea, haatik, une batetik goiti, legea ez badago gure alde eta diru baliabideak eskasak badira muga jotzen dugu. Guri hala gertatu zaigu.
Gure ustez, beste fase batera pasa behar dugu. Esaterako, eguneroko beharrei lotzeko, ezinbestekoa da euskal instituzio politikoa izatea. Izan ere, batetik, instituzio horrek erabakiko luke zenbat diru esleitzen dion hizkuntza politikari, eta bestetik, finantzamenduak negoziatuko lituzke Estatuarekin eta Erregioarekin bereziki. Euskarak hats eta bultzada berriak behar ditu. Iparralderako instituzio politiko sendoa behar dugu, hizkuntza politika ausartagoa aitzina eramateko.
Anartean, Hautetsien Kontseiluak kudeatzen duen proiektuko ekimen gutxi izanen dira finantzatuak. Zer gertatu da?
Oroitu behar dugu Garapen Kontseiluari galdetu izan zitzaiola ekarpen bat egiteko. Lurralde Kontratua sinatzeko zorian zen orduan, eta hainbat atelier muntatu ziren. Euskarari buruzkoa izan zen horietako bat. Euskal Konfederazioak parte hartu zuen horretan beste eragile batzuekin batera. Atelierretik atera ziren ondorioetan oinarriturik, Hautetsien Kontseiluak euskararen aldeko ituna proposatu zuen. Ituna Lurralde Kontratuan negoziatu behar zen, hiru atal zituelarik. 1. atala: Hezkuntza Ministerioarekin lehentasunezko norabideen negoziatzea, irakaskuntza esparruan. 2. atala: euskararen formakuntza profesionala. 3. atala: EEPren aurrekontua emendatzea.
Horiek horrela, gure sektoreak 3 milioi eurotik 6 milioira pasatzea eskatu zien espresuki Lurralde Kontratuaren partaideei: Estatua, Erregioa eta Departamenduari. Alabaina, itun horretako lehen bi puntuei buruz ez daukagu inolako berririk. Hezkuntza Ministerioarekin negoziaketak ba ote diren ere ez dakigu. Profesionalen formakuntzaz deus ere ez. Azken hilabete honetan jakin dugun bakarra da, EEPk erranik, hiru instituzio horietatik heldu behar zen dirua ez dela emendatuko.
Hala ere, Hautetsi eta Garapen kontseiluek dena ez dute ezkor baloratu. Euskalgintzako kideekin adostutako klausula baten bidez negoziatzen segi dezaketela adierazi dute.
Guk egiten dugun konstatazioa hauxe da: euskararen inguruko negoziazioek porrot egin dute. Eragileen aldetik bazegoen konstatazio hori, baina klase politikoak ere badaki jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman behar zela euskararen alde. Hautetsi batzuek gainera azpimarratu zuten euskara Lurralde Kontratuaren funtsezko atala dela, euskarak egiten duela Lurralde Kontratua berezi. Beraz, euskarari negoziaketan ez bazitzaion behar duen garrantzia ematen, batzuek erran zuten ez zela Lurralde Kontratua izenpetu behar. Negoziazioek porrot egin dute, baina Lurralde Kontratua izenpetu dute.
2017an Kontratua berrikusteko itxaropena atxiki dute, nonbait.
Bai, hori entzun dugu. Orduan Kontratua aztertuko dela berriz ere. Hau, hori eta beste erran dute, baina euskarak ezin du gehiago itxaron. Blokeatuta gaude. Lege esparruan ez bada aurreratzen Parisen, bederen bien bitartean diru funtsak desblokeatu ditzatela, EEPk hizkuntza politika hobeto eramateko eta euskalgintzako eragileek ditugun hamaika proiektu garatzen laguntzeko, ezinbestekoak baitira.
Pays egitura gaindituta dago eta trantsizio garaia da oraingoa. Arriskutsua eta erabakigarria.
Eragile guztiek hori diote. Nik ez dakit arrisku momentua den, ezta Pays egitura gaindituta dagoen. Nire ustez, bidegurutze batean gaude, erabakigarria naski. Gisa guztiz, bizi dugun kinka aldatuko da. Eta aldatzeko parada badago, iraganean bai klase politikoaren bai jendartearen –Lurralde Kolektibitatearen aldekoak– adostasun zabala izan zelako gure aldarrikapenak erdiesteko.
Frantziako Gobernuak Lurralde Kolektibitateari ezetza eman zion eta prefetaren bidez alternatiba berri bat proposatu du orain.
Eta guk oraindik ez dakigu nola deitu hortik aterako den egiturari. Baina, funtsean, Elkargoak bakarra izan behar du Euskal Herriarendako. Batera eta Konfederazioko kide bezala diot: guk Euskal Herriak instituzio bat izateko aukera ikusten dugu. Elkargo hori Lurralde Kolektibitatea erdiesteko bitarteko etapa bezala ikusten dugu oraingoa. Elkargo bakarrak pauso koherenteak eta ongi koordinatuak emanez gero, gutxieneko garapen harmonizatua izaten lagundu behar digu arlo guztietan, gutxieneko instituzio hori behar dugu bide egiteko. Erran gabe doa, Pays egituran gure burua arras mugatua ikusten dugu. Ezin dugu 2017 urtera arte itxaron.
EEPko buru Frantxoa Maitiak errana: “Lurralde Kontratuak ez du diru gehiago eman behar euskarazko irakaskuntzan, herri elkargoek baizik.
Guretzat instituzio bakoitzak bere erantzukizuna dauka, kasu horretan Akitania Erregioak. Frantxoa Maitiak Lurralde Kontratuaren negoziaketa eta euskararen aldeko ituna aipatzen ditu. Alta, Estatua, Erregioa eta Departamendua dira itun horren partaideak, eta ez herrien elkargoak. Arras tronpatu da hori erranez. Hautetsien Kontseiluak hiru instituzioei eskatu die EEPren aurrekontua bikoiztea. Noski, herri elkargoek dirua eman nahi dutela? Bada, bikain. Baina herriak eta herri elkargoak ez dira Lurralde Kontratuaren partaideak. Beraz, EEPren ikusmoldea ez da zuzena, ez dira gauzak nahasi behar. Estatuak, Erregioak eta Departamenduak Hizkuntza Politika ontzat eman dute, baina orain, dirudienez, ezin dute lortu behar den finantzazioa, eta beraiek hitzartutakoa ezin dute bete. Beraz, hor badago inkoherentzia bat: ontzat ematen dute hitzartua, baina aldi berean ez dute sosa ematen.
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]
Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.
2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.
Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.
Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]
EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legean edo Administraziorako Euskararen Legean eragin nahi du Kontseiluak; Nafarroan, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jarri; eta Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea... [+]
Pantailaldiaren Arabako ordezkaria izan da Mitxel Elortza Exea. Ekimena arrakastatsua izan dela uste du herritarren parte hartzeagatik, baina astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik ikusteko erronka egunerokoan bete dadin lan asko geratzen da egiteko Elortzaren ustez... [+]
Euskararen Legea aldatzeko eskatu du Euskaltzaindiak eta bat egin du Euskararen Nafar Kontseiluak irailean egindako adierazpenarekin. Gogorarazi du euskararen akademia dela lurralde guztietan, hizkuntzari dagokionez, "instituzio aholku-emaile ofiziala".
Arangurengo Gongora jauregian Irulegiko eskuaren aurkezpenean María Chiviteren diskurtsoa izan da, askoren harridurarako, Aranzadiren aurkikuntzaren garrantzia azpimarratzeko indartsuenetakoa eta mamitsuenetakoa.
Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrenean, Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dute XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia, XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta... [+]