Egunero sortzen delako

  • Irudikatu 1.700 metro koadro artea eta kulturaren bueltako proiektuen zerbitzura. Irudikatu hutsik zegoen eraikin bat dozenaka sortzaileren esku. Donostiako Tabakalera burura etorri bazaizu, ez zoaz bide onetik. Iruñean, askoz ere zalaparta eta baliabide gutxiagorekin, bi urteko ibilbidea egin du jada Jazar sormen guneak. Erakundeen esku hartzerik gabe; autogestioa eta asanblearismoa oinarri. 

Orekari estudioko kideak Jazarren lanean: Iruñeko espazio autogestionatuak eman die elkarrekin lan egiteko aukera.
Orekari estudioko kideak Jazarren lanean: Iruñeko espazio autogestionatuak eman die elkarrekin lan egiteko aukera.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gero eta ugariagoak dira co-working, sormen laborategi, hub eta antzeko izenekin bataiatutako lekuak. Haietako askok sormenaren bueltako proiektuak haizatzeko bokazioa dute, bai; baina askotan elkartzen dira horren politak ez diren beste hitz batzuekin: start-upak, ekintzailetza, mezenasgoa, instituzionalizazioa, bertikaltasuna…

Iruñeko sortzaile multzo handi batek ordea, enpresetan baino herri mugimenduetan ohikoagoa den egiteko moduari heldu dio bere beharrei erantzuteko: antolakuntza eta autogestioaren bideari. Horren fruitu da bi urteko lanarekin Jaso ikastola izandako eraikinean garatu duten proiektua, Jazar sormen gunea.

Jasotzeko, lehenengo erein

“Aspalditik sumatzen zen Iruñean bazegoela artistek eta sortzaileek lan egin ahal izateko leku baten beharra, espazio fisiko baten falta”. Hala aitortzen du Jazarren buru-belarri dabilen Xabier Urroz Zabalzak. Hutsune hori osatuko zuen proiektua ez zen, hala ere, instituzioen makro-planen eskutik etorri. Etxabakoitz auzoko Jaso ikastola izandakoaren paretik egunero igarotzen zen kide batek izan zuen ideia: zergatik ez diogu erabilera emango utzita dagoen espazio horri?

Bi aldiz pentsatu gabe bildu zen eraikinaren jabetza zuen guraso elkartearekin. Jatorrizko ideia azaldu, konbentzitu eta lortu zuen alokairu merkea adostea, eraikina bi urtez erabiltzearen truke. Orduan hasi zen Iruñeko eta inguruko ehunka artistari eta egileri aukeraren berri ematen. 

Hasiera hori zirraraz gogoratzen du Urrozek: “Ahoz aho zabaltzearekin batera, asko hasi ginen asteroko bileretara etortzen, nahiz eta oso argi ez izan zer topatuko genuen. Tartean bazegoen etxebizitza proiektu bat buruan zuenik, baina azkenean,  eta bilera askoren ondoren, sortzaileentzako eta sormenerako leku bihurtzea erabaki genuen”.

Lehenengo bilera haiek baliatu zituzten 13 urtez hauts dezente pilatzen ari zen eraikina txukuntzen hasteko. “Bertan geundenon beharrak identifikatu genituen eta hasi ginen pixkanaka auzolanean espazioak horri erantzuteko prestatzen”. Horregatik guztiagatik guraso elkarteko kideak haiekin pozik daudela dio. “Lasaitzeko motiboa ere izan gara. Utzitako eraikin batek arriskuak baditu, eta orain badakite guk ondo zainduko dugula”. 

Nola egin bideragarri?

Lehen pauso horiek pixkanaka definitu zuten gaur egun Jazarren antolaketa eredua dena. Espazioaren antolaketari dagokionez, beheko bi solairuak denek erabiltzeko espazio komuna dira. Tartean badaude auzolanean eta zerotik atondu dituzten jantokia, plaza handi baten tamainako skate parkea, entsegu aretoak, eskalatzeko txokoa ere baduen gimnasioa, eszenatokia, sukaldea, liburutegia, baratzea… Baita, gehiago edo gutxiago, gehienek erabiltzen dituzten lan-gelak ere: estanpazio eta serigrafia tailerra, brikolaje tailerra, argazki estudioa…

Baliabide horiek nahi beste erabili ahal izateko, Jazarreko bazkide egin beharra dago, 25 euroko hileroko kuota ordainduz. Urrozekin eta beste bi kiderekin batera Jazarren arkitektura estudioa sortu duen Ioar Cabodevillaren arabera, mesedegarria izan da erabaki hori: “Horrela tailerrak erabiltzen dituzten guztiek asanbladetan parte hartu eta proiektuan sinestea lortzen dugu, arduratsuagoak izatea”. Hala ere, Jazarretik kanpoko makina bat kolektibori uzten diote maiz behar duen oro erabiltzen.

Aldizkako lanak egiteko nahikoa baliabide badaude espazio komunetan, baina hala nahi dutenentzat, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera ere badago. Bigarren, hirugarren eta laugarren pisuan dauden ikasgela izandako 30 eta 60 metro karratuko gelak prestatu dituzte horretarako. Txikienengatik hilean 50 euro ordaintzen dute, eta 100 handiagoen truke. Diru horrekin eraikinaren alokairua eta gastu komunak ordaintzen dituzte.

Besteak beste, arkitektoak, txalapartariak, garagardo egileak eta argazkilariak egunerokoa konpartitzen jarri ditu eskaintza horrek. Gaur gaurkoz txoko guztiak hartuta daude, eta itxaron-zerrenda ere bada.

Autogestioa: eguneroko erronka

Espazioaren handitasunaz gain, erabakiak hartu eta proiektua norabidetzeko moduak bereizen du Jazar. Duela bi urte arte apenas elkar ezagutzen zuten dozenaka lagunek asanblada bidez ematen diote forma etengabe garatzen ari den ideiari. Bi asteroko formula probatu ostean, asteroko asanblada egiten dute orain. Horrez gain, eguneroko beharrei erantzuteko lan-taldeak ere badituzte: administrazioaz arduratzen dena edo komunikazio lan-taldea, adibidez. Tailer komun bakoitzak ere bere lan-taldea du.

Asanblada gisa funtzionatzeak etengabeko moldaketa eskatzen duela argi du Cabodevillak. Taldea oso anitza dela dio, bai adinari, bai jatorriari dagokionez ere. “Badaude gaztetxeetan urte luzez aritu direnak, eta beste batzuk hemen izan direnak lehenengo aldiz asanblada baten parte. Batzen gaituena sormena eta autogestioan sinestea da”.

Zentzu horretan, aitortzen du beti ez dela erraza aniztasun hori kudeatu eta erabakiak hartzea. Bi edo hiru aldiz aldatu behar izan dute garbiketa txandak antolatzeko eredua, eta badaude kuota ordaintzerik ez dutela-eta zorra pilatu duten bazkideak. Baina zailtasun horiei aurre egiteko ahalegina egiten dute, asanbladen bidez, enpatia landuz eta elkar lagunduz. “Interesgarria da sormena ardatz duten aktibitateetan aritu arren beste pertsona batzuek oso ikuspegi desberdina dutela ikustea, eta haiena ere entzuten jakitea”. Gauza bat da ziurra: beste edozeinek bezala gatazkak eta une loriatsuak dituen elkarbizitza horretan sortu diren harremanek eta sareek askoren proiektuak indartu eta berriak sorrarazi dituela. Eta jarraituko dutela, autogestioak ematen dien askatasuna baliatuta, helburu eta erronka berriei aurre egiten. 

Orekari: Jazarri esker sortu zen arkitektura estudioa

Lilia Aizkorbe, Xabi Urroz, Ioar Cabodevilla eta Itsaso Iturriozek arkitektura ikasi zuten Donostian, eta Iruñera lehenengo praktikak egitera itzultzean, ez zitzaien lan munduan aurkitu zutena gehiegi gustatu. Orduantxe ezagutu zuten Jazar, eta karrera amaierako proiektua aurrera eramateko leku aproposa izan zitekeela otu zitzaien. Bide batez, lizentzia eskuratu ahal izateko, eraikina egokitzeko proiektua hasi ziren sortzen. Horixe izan zen batera egin zuten lehenengo lana, eta lan horrekin hasitako dinamikatik etorri zen Orekari izendatu duten arkitektura estudioa. Beste lanak utzi, eta estilo finez atondu duten 60 metro karratuko txokoa hartu zuten Jazarren.

Beste lekuetan pentsa ezinak liratekeen sinergiak Jazarren sortzen direla diote, lan eta proiektu asko etorri zaizkiela horri esker. “Asko laguntzen diogu elkarri hemen gaudenok, eta gainera, proiektu komunaren parte ere sentitzen gara”.

Tropi Mukiak: “Inor ez besteen gainetik”

30 metro karratuko txokoaren alokairua ordaintzen dutenetako bat da Tropi.  Han darama aurrera serigrafia eta ilustrazioa uztartzen dituen Mukiak proiektua. Mundu horretan barneratu nahi zuela erabakita zuen Jazarren gertatzen ari zenaren berri izan zuenerako. “Lehenengo urteurreneko festara hurbildu nintzen jakin-minez, eta izugarri gustatu zitzaidan bertan aurkitu nuena, Mundu berria ireki zen nire begien aurrean”.

Asteroko asanbladetan hartzen du parte, baita jantokiko lan-taldean ere. Autogestioaren oinarrian komunitatea dagoela dio, eta sormen gunean norberak asko jasotzeko aukera duen arren, eman ere egin behar dela. Baina hori bai: “Hemen ez dago inor besteen gainetik. Ez du axola hasieratik hemen zauden edo geroago etorri zinen; lan egiteko prest bazaude, taldeko kidea zara, beste guztiak bezala”.

Mukiak proiektuak Jazar gabe bide zailagoa izango zuela uste du. Batetik, antzeko kezkak eta egoera bizi duten pertsona askorekin ideiak konpartitzeko aukera ematen diolako, eta bestetik, beste edozein lekutan baino inbertsio txikiagoa egin behar izan duelako. 75 euro hilean ordaintzen ditu denera, 25 euroko bazkide kuota, eta 50 txokoaren truke. “Baina garrantzitsuena honetan jartzeko indarra eman didan giroa topatzea izan da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura kulturalak
Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-13 | Iñaki Barcena
Megaproiektu Turistiko Antidemokratikoa

Duela bi urte Urdaibai Guggenheim Stop! plataforma herritarra sortu zenetik, Urdaibai ez dago salgai! leloa nonahi ari gara entzuten. Joan den urriaren 19an Gernikan milaka lagun bildu ginen proiektu horri ezetza emateko eta, nire aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak... [+]


2024-10-23 | Julene Flamarique
Greenpeacek salaketa aurkeztu du Urdaibaiko Guggenheimen aurka, Kosta Legea urratzen duela eta

Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]


Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz

Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke. 


Urdaibai eta Guggenheim aurrez aurre

 “Bi urteko gogoetaldia” iragarri zuten urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak. Horrez gain, uda betean,... [+]


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Urdaibaiko Biosfera Erreserba kontserbatzeko 1.300.000 sinadura lortzeko kanpaina abiatu dute

Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako... [+]


Urdaibaiko Guggenheimek eta Donostiako Santa Klara uharteak bandera beltza jaso dute, iaz bezala

Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.


Tabakaleran diziplina anitzeko ‘Atenea’ espazioa zabalduko du Kutxak 2026an

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]


Eguneraketa berriak daude