argia.eus
INPRIMATU
Euskaldun bat Erromako portuaren jabe
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko azaroaren 04a
Zacarías González Velázquez (1763-1834) margolariaren lan honetan, Kapitain Handia ageri da Alexandro VI.a aita santuaren parean, alboan Menaldo Guerri belauniko eta lotuta duela.
Zacarías González Velázquez (1763-1834) margolariaren lan honetan, Kapitain Handia ageri da Alexandro VI.a aita santuaren parean, alboan Menaldo Guerri belauniko eta lotuta duela.

Ostia (Italia), 1497ko otsailaren 20a. Erromako portuko setioa abiatu zuen Gonzalo Fernández de Córdoba “Kapitain Handia”-k, Menaldo Guerri buru zuten tropa frantziarren aurka.  

Ezer gutxi dakigu ziur Menaldo Guerriri buruz, izenetik bertatik hasita. Menoldo gisa ere ageri da, eta abizenaren hainbat bertsio jaso dituzte iturriek: Guerri, Guerra, Gurres edo Agirre. Haren jatorria ere ez dago garbi. Iturri gehienek bizkaitarra zela diote, gutxi batzuek nafarra, eta ziurrenik azken hori da zuzena, euskal herritar guztiei bizkaitar esateko garai hartako ohitura medio. Gaskoia zela esaten duenik ere bada.

Haren lanbidea ere ez dago garbi. Batzuek karrera militarra egina zutela zalantzan jartzen dute, baina Hernán Pérez del Pulgar (1451-1531) gaztelarrak, Kapitain Handiari buruzko kronika garaikidean, Guerri kapitaina zela dio. Denborak aurrera egin ahala, ordea, historiografiak “kortsario” eta “pirata” deitu dio gehienbat, bien arteko aldea ahaztuz; hala egin zuen Manuel José Quintana (1772-1857) idazle eta politikari ilustratuak Vidas de españoles celebres mardulean, adibidez. Guerri kortsarioa zela esateak badu zentzua, Ostiako portua Frantziako errege Karlos VIII.aren izenean hartu baitzuen. Kontua da haren berri zeharka jaso dugula soilik, Gonzalo Fernández de Córdobaren loria puzten duten testuetatik nagusiki. Guerri haren arerio izanik, iturriek nafar-bizkaitarra gutxiesteko joera dute.

Ostiako portua hartuta, Frantziako erregearen esku uzteari uko egin omen zion, goarnizioa piratez eta gaizkilez gizendu omen zuen –gehienak “bizkaitarrak”–, Alexandro VI.a aita santua iraindu zuen publikoki eta, trukean eskumikua jaso zuenean, ez omen zen kezkatu. “Tiranoen maltzurkeria eta bidelapurren basakeria” biltzen omen zituen Guerrik, Quintanaren hitzetan. Bihozgabe, harroputz eta harrapari ere esaten dio aipamen laburrean.

Ostiako setioa aste gutxian amaitu zen, 1497ko martxoaren 9an, espainiarren nagusitasun nabarmenak bultzatuta Guerriren armada errenditu zenean. Orduan, herritarrak bibaka zituela, Kapitain Handia Erroman sartu zen, Guerri atzean preso zeremala. Pulgarren kronikaren arabera, “zaldi mehe baten gainean kateatuta” zeramaten; Quintanaren hitzetan “traza kaxkarreko” zaldia zen, galtzailearen irudi patetikoa areagotu nahian edo. Guerri Córdobaren gurdiari lotuta zeramatela ere esan izan da, Zesarrek Vercingetorix galiarra bezala; susmagarria da kontakizunek gertaera haren geroz eta antz handiagoa izatea.

Alexandro VI.arengana iritsita, Guerrik bizia barkatzeko eskatu omen zion. Beste batzuen arabera, Fernández de Córdobak eskatu omen zuen Guerri ez hiltzeko. Pulgarren kronikak dio aske utzi zutela eta Frantziara joan zela; Quintanak aldiz, “bere herrialdera” itzuli zela, eta bizi osoko kartzela zigorra Xativan (Valentzia) bete zuela diote beste iturri batzuek. Azkenean, Gonzalo Fernández de Córdoba aita santuak emandako Urrezko Larrosarekin irten zen handik. Menaldo Guerri, aldiz, bizirik irten zen, eta ez da gutxi.