Irauten duen gauza bakarra aldaketa omen da eta ideia horri jarraituz, datorren astetik aurrera itxura aldatuta jasoko duzu aldizkari hau. Diseinu berriaren gakoak azaltzen saiatu gara hurrengo orrialdeetan.
Eskuetan hartzen duzunetik nabarituko duzu: tamainaz konpaktuagoa den Argia jasoko duzu datorren astean eta aldizkariaren izena letra larriz agertuko da berriro azalean hurrengo zenbakitik aurrera. Ez da itxura-aldatze hutsa, aldizkari honen ondareari omenaldi txikia ere egingo diogu, ia mende batez irakurle euskaldunengana iristen aitzindaria izan den medio honen izena horrela agertu izan baita lehen orrian. Handinahikeriarik gabe, hori bai: letra-tipo soil eta eraginkorra hautatu dugu aldizkariaren fase berrirako. Etxeko beste marka, azken hamarkadetan mantxeta osatzen duen bonbilla, hortxe aurkituko duzu, pixka bat txikiago –aztarna ekologikoa gutxitzea logotipoen ardura ere bai baita–.
Berrikuntza nabarmenenetako bat aldizkariaren hasierako partea da. Panorama izeneko sail berria estreinatuko dugu azaroaren 15eko zenbakian, asteroko albiste, adierazpen eta datuak bilduko dituen aktualitate atala. Informazioaren munduak hartu duen abiada dela-eta, jabetzen gara geroz eta zailagoa dela edonorentzat hemen eta munduan gertatzen dena taxuz segitzea. Dena ezin da irakurri, dena ezin da kontatu, baina garrantzia duena behintzat ez dadila oharkabean pasa: erronka hori jarri diogu gure buruari. Asteko argazkiarekin irekiko dugu saila, pil-pilean dagoen gai baten isla. Albisteak, analisi laburrak, infogramak, sarean arrantzatutako adierazpenak… Bizi dugun garaiaren pultsua, erredakzioak hartua.
Gaurkotasunari eskainitako atal horretara etorriko dira orain arte aldizkaria itxi duten bi artikulu ezinbesteko. Xabier Letonaren Maltzagatik analisi politikoa –aurrerantzean Gaztelu plazatik– eta Pello Zubiriaren eskutik bestelako munduaren berri ematen duen Net Hurbil erreportajea. Asisko Urmenetaren asteroko bineta ere aurreko orriotara ekarri dugu, ez dadila umorea falta.
Aste honetako zurrunbiloak utzi duena argitzen saiatu ostean, patxada pixka batekin irakurtzeko zerbait eskainiko dizugu: Jendeak sailarekin orain arte Pertsonaia atalean argitaratutako elkarrizketen onena hartu nahi dugu eta zerbait gehiago erantsi: egile-kazetaritza da bete-betean, esateko zerbait daukaten norbanakoekin solasean ondua, orain argazki ikusgarriagoekin, baita protagonistak hizpide izango dituen gaiak lehen begi-kolpean kokatzeko erraztasun handiagoekin ere.
Diseinu aldetik egin dugun hautu inportanteenetakoa da hori, Jendeak sailean eta beste hainbat artikulu, elkarrizketa eta erreportajeetan ere erabiliko duguna. Argian informazioa lantzeko dugun moduarengatik, kazetaritza klasikoaren kanonek ezartzen duten gai bakarreko kokapena zurrun samar geratzen zaigu. Zehar-lerroen bila gabiltza, kulturari buruzko artikulu bat idazteak ez du esan nahi politikaz ere idazten ez dugunik; nazioarteko analisiak egiten ditugu genero-ikuspegiarekin. Hori hobeto islatuko dute orrialdeen goiko partean paratuko ditugun etiketa tematikoek.
Gaikako sailkapen hori gure lan egiteko modu berriaren ispilu ere bada. Paperezko Argia eta webgunea hobeto koordinatzeko lan talde tematikoak osatu ditugu, bi euskarrietan batera ariko direnak. Eta zehar-lerro ugari ukituko dituzten artikuluak izango dira aldizkariaren erdigunea: erreportaje nagusi batek astero gai baten inguruan sakontzeko aukera emango digu eta atzetik beste zenbait artikuluk gurean ardatz diren ildoak landuko dituzte.
Ez dira faltako gure orrietan jada klasikotzat jo ditzakegun atalak. Jakoba Errekondok astero-astero idazten duen artikulua indartu nahi izan dugu, Lurrak irauliko gaitu sailarekin. Bizi Baratzea liburuaren egilearen artikuluak topatuko dituzu bertan, baita landareekin zerikusia duten beste hainbat kontu interesgarri ere. Bestalde, Nagore Irazustabarrenak historiaren zirrikituetatik urrea ateratzen jarraituko du bere Denboraren makinarekin.
Aldizkariaren azken orrietarako ere erreserbatu dugu berrikuntzarik. Hasteko, zuzeneko emanaldien, filmen eta beste zenbait kultur adierazpideren kronikak argitaratzen hasiko gara, gurean ohikoak diren liburu eta diskoei eskainitako orrialdeen osagarri. Argia osatzen dugun guztiok –harpidedun, langile, irakurle, iragarle...– gure txoko partikularra izango dugu astero argitaratuko den Komunitatea orrialdearekin –bertan bilduko ditugu proiektu komunikatibo honetan ematen diren berrikuntzak eta inguruan txikitik eragiten ari diren guztien testigantzak–.
Postrerako berriz, bi gutizia berri –tira, bat berri berria eta bestea, nola esan, birziklatua–. Argikontra elkarrizketa bereziak astekariaren eduki serioei akabera emango die: bertan elkarrizketatuek, lan arlo edo kezka oso partikularretatik, mundua begiratzeko beste modu bat erakutsiko digute. Azken orria aldiz, erredakzioan bilketa selektiboarekin eta berrerabilpenarekin daukagun konpromisoaren erakusgarri da. Jakingo duzue honezkero duela urte batzuk gorbatadun grazioso-usteko batzuek web telebista saio bat egin zutela Argiaren webgunean. Bada, aurrekontu faltagatik kameraren aurrean berriz jarriko ez badira ere, aukera utzi diegu aldizkari berrian orrialde satiriko bat egiteko: beste zereginen bat bilatzeko esan nahi genien, baina Beranduegi zen.
Prozesu gisa planteatu genuen Argiari soineko berria josi behar hau. Zeregin horretaz arduratuko zen lan talde bat sortu genuen iaz, kurtso hasieran eta hilabeteetako lana izan da, profesional bikainei esker gauzatu ahal izan dena: Ametzagaiña taldean bazkide dugun Antzako kideak.
Kazetaritza alorreko premiak asetzeko forma egokienaren bila aritu gara, edukietatik abiatu den gogoetan. Zer argitaratzen dugun baita garrantzitsuena guretzat. Baina, jakina denez, edukiak huts-hutsean zaila dauka gaur egun irakurlearengana iristeko, hura milaka estimulu komunikatiboz inguratuta bizi baita. Ikusgarritasunean irabaziko zuen maketa behar genuen beraz. Berehala ohartu ginen ordea, lehen momentuan deigarrienak egiten diren aurkezpenak nekagarri suerta daitezkeela denborak aurrera egin ahala. Asteroko erronkari eusteko, maila berean behar genituen ikusgarritasuna eta iraunkortasuna.
Lortu dugulakoan gaude: datorren astetik aurrera jasoko duzun aldizkariaren itxurak indartsua izan nahi du irakurlearen begietan, baita dotorea ere; eta uste dugu denborak mesede egingo diola.
Aldaketaren lekuko izateko aukera ere eskaini nahi dizugu: etorri azaroaren 12an 18:30ean Lasarte-Oriako gure egoitzara eta eman zure iritzia Argiaren itxura-aldaketaz.
Kritika artean abiatu dira Gasteizko Arana klinika zena Nazioarteko Babes Harrera Zentro bilakatzeko obrak. Ez auzokideak, ez errefuxiatuekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak, ez PSEz bestelako alderdi politikoak ez daude ados proiektuarekin: makrozentroen ordez,... [+]
Joan den asteko kaleratze "ilegala" salatzeko, manifestaziora deitu dute ostiral arratsalderako.
Nortasuna Sarean jardunaldien 10. edizioa egingo dute asteazken honetan Donostiako San Telmon, KomunikaziONA bideguruatzean izenburupean. Egungo komunikazio joerak aztertu eta "alternatiba osasuntsuagoak" topatzen saiatuko dira. Hainbat hizlari gonbidatu dituzte, euren... [+]
Horrela adierazi du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak.
Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]
Espainiako hedabideetan aurkitu dugu albistea, salaketa egin dutela Fotocasa eta Idealista etxebizitza-atarien kontra, prezioak manipulatzen dituztelakoan. Salaketan ez dugu manipulazioaren deskribapen zehatzik aurkitu, baina Ameriketako Estatu Batuetan agertu den salaketa... [+]
Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko... [+]
Ekrem Imamoglu Erdoganekein lehiatzekoa da hurrengo presidentetzarako bozetan, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdiaren hautagaitzara aurkeztu den bakarra baita. Ustelkeria eta "terroristekin kolaboratzea" egotzi diote, eta bere atxiloketaren ostean piztutako... [+]
Astelehen arratsalde-gaueko negoziaketa bilera luzearen ostean aurreakordiorik lortu gabe, EAEko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak izan dira berriz ere; urtea hasi denetik bosgarren greba eguna izan da asteartekoa. Lanuzteek %75eko jarraipena izan dutela adierazi... [+]
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
Azken astean ezagutarazi moduan, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak txosten banatan aitortu ditu estatuaren biktima gisa. Justizia sailburuak ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie dokumentuak.
Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Hitlerren armadak milioika sobietarren heriotza ekarri zuen Bigarren Mundu Gerran Sobiet Batasuna inbaditu zuenean. Gerra amaituta, Iosif Stalinen obsesioa zen Alemania eta Errusia artean babes herrialde-lerro bat osatzea; horra, besteak beste, Varsoviako Itunaren sorrera... [+]
EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer... [+]