Amama filma ikusteko aukera izan dugu hil honen 16an Legazpin, Asier Altunak berak aurkeztuta: a zer oparia! Nahiz eta egia izan askok daramagula baserritar bat geure barruan, hori batzuon kasuan are egiazkoagoa da, baserrian jaio eta bizi izan ginelako, nahiz eta oso umetan bertatik ihes egindakoa naizen eta orain gure jaiotetxea –Igartubeiti, alegia– baserri museo bihurturik dagoen. A zer metafora! Beraz, interes bereziarekin joan nintzen filma ikustera, baserriaren gainbehera eta belaunaldien arteko gatazka oso hurbiletik ezaguturikoa naizelako.
Amama ikaragarri gustatu zitzaigun arrazoi askorengatik, eta ni neu erabat identifikatu nintzen kontaturiko istorioarekin. Batetik, baserriaren bizi-iraupena planteatzen du ogibide gisa, eta hor ez dut uste etorkizun argirik dagoenik: filmean hiru seme-alabetako inork ez du lurrean nekatzeko asmorik; gu ere lau ginen, eta azkenean inor ez nekazari. Bestetik, oso gai unibertsala planteatzen da, belaunaldien arteko gatazka, baserri giroan ez ezik, edonon ematen dena, batez ere seme-alabak gurasoen ogibide, negozio edo enpresarekin jarraitzeko prest daudenean; baina nola egin ordezkatze hori? Esperientziaz dakit oso zaila dela gurasoentzat garaiz erretiratzen eta ondo erretiratzen asmatzea; oso gaitza gertatzen zaie ardura eta erantzukizun osoa, esku-sartzerik gabe, ondorengoen esku uztea, batez ere hauek gauzak beste era batera egin nahi dituztenean.
Eta azken arazo horren ildotik, zenbat kontu ditugun kitatu gabe gurasoekin! Eta kitatzeko bi bide daude: egindakoa ordainaraztea, edo ulertu eta barkatzea. Eta guri, ondorengooi, dagokigu aurrekoekin eskuzabal izatea: batetik, guk haiek baino aukera hobeak izan ditugulako bizitzan; eta bestetik, horixe delako guretzat ere osasungarriena. Gurasoen bizimodua (beraien haurtzaroa, heziketa, morala, balioak eta sineskizunak…) hobeto ezagutuko bagenu, agian ez genituzke hain erraz errudun joko eta errazago ulertuko genituzke gurekin izandako jokabide osasungaitzak (esaterako, seme-alaba bakoitza jaiotzatik kolore batez markatzeko joera) edo haiek gure gainera botatako hutsuneak, gabeziak eta ezinak… Aurrekari horiek ulertzea eta, aldi berean, aurrekoengandik jasotako gauza onak aitortzea: ba ote bide hoberik seme-alabontzat, Amaia bezalaxe, zauriak osatu eta etxera itzultzeko, nork bere bideari uko egin gabe betiere?