argia.eus
INPRIMATU
Ohepeko sorta
Jakoba Errekondo 2015eko urriaren 28a
Mentha rotundifolia. Mendazuria, astamenda, kukuso-belarra...
Mentha rotundifolia. Mendazuria, astamenda, kukuso-belarra...

Umetako oroitzapen bat. Lotara etzan eta loak harrapatu aurreko tartean edo lo-putzuetan hara-hona ibili bitarte horretan: belaun-katiluaren parean kosk, besape inguruko mami gozoan kosk, lepo-zamarrean kosk... Hozkadaz josita esnatu naiz, hazka batean. Arkakusoen balnearioa dirudi nire oheak. Gosaritarakoan amonak ohekideen erasoaren ondorioak nire azalean ikusi orduko, etxe atzeko baratzera bidali nau, menda bila. Eskuera duen sendabelarren baratzean, menda nagusia mendazuria, astamenda, kukuso-belarra edo mendaurdina da, Mentha suaveolens edo Mentha x rotundifolia

Gosaldu eta lehenengo lana arkakusoen aurkako erabateko gerra, eta arma bakarra: hari mutur batekin lotutako menda sorta eder bat. Ohea ireki, goiko maindirea ondo atzeraino eramanez, eta ohe barrua bera, gainontzeko altzariak eta logelako hormak ondo igurtzi. Arkakuso sarraskiaren ondoren sorta ohearen azpian utzi, handik atzera beste arkakusoren bati inguratzea bururatzen bazaio zer datorkion jakin dezan. Oherakoan, gure arma han zela jakinik, alde ederrean hartzen ninduen loak. Gaztelaniaz matapulgas eta katalanez matapuces deitzen diote gure kukuso-belarrari. 

Astamenda gogotik erabiltzen da sendabelar modura. Ikerketa ugariren gaia da, eta maiz azaltzen da haren mesedeen berri. Adibidez, haren olioa edo ura erruz hartzeak abortua eragiten zuela jakina zen, baina onddo eta bakterioen aurkari bikaina dela erakusten duten gero eta froga gehiago dago. 

Astamenda bizi den tokian, asuna (Urtica dioica) ez da urruti izango. Biek dituzte gustuko lur heze eta ur-asetuak. Asunak heldu eta erretako azalean astamendarekin igurtzi bat eman eta azkura lasaitzen dela esan ohi da. Hozkada eta erredura, astamenda helduetarako erremedio.

Ohepean astamendaren beharrik ez duzu izango baldin eta lastaira ziabelar horiz (Galium verum) osatu baduzu. Belar horrek kumarina du osagai, eta kumarina pozoi indartsua da. Hurbildu ordurako akabatuko luke arkakusoa. Arratoi pozoia egiteko erabiltzen da.