argia.eus
INPRIMATU
Izki inguruan
Edu Zelaieta Anta 2015eko urriaren 29a

Unidad Alavesa berpizteko moduko egoera ikusi dugu Izki inguruan: gaztainak batzen topatu ditugun guztiak, onddo bila zebiltzan pertsonak oro eta paretan eskalatzen ari ziren denak bizkaitxarrak edo giputxiak ziren. Bidaideak ohartarazi didanez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, baso gehienak publikoak dira (sarean ikusi dudanez, %82 dira herri lurrak). Halaber, oihan publikoen kopurua nabarmena da Nafarroan eta Iparraldean: %50 baino gehiago eta %40 inguru, hurrenez hurren.

Auzia argitzen segitu du adiskideak: Euskal Herriaren bihotza omen diren Bizkaian eta Gipuzkoan pribatizatuak daude baso gehienak aspalditxo eta, ondorioz, erabilera industrialeko pinudiz josiak ageri dira maiz bertako bazterrak; horregatik aurkitu omen ditugu hainbeste bizkaitar-gipuzkoar alderdi publiko hauei etekin partikularra ateratzen.

Nolanahi ere, amaierarako utzi nahi izan du solaskideak kolpe ozena: “Euskal natura eta euskal kultura ez datoz bat elkarrekin”. Hori dela-eta, Euskal Herriko berezko natura ikusi edota gozatu nahi duenak hobe du periferiara jotzea; Izki ingurura, kasurako.