"Heriotza duinari buruzko legeek sufrimendu handiegia pasatzea eskatzen dute sedazioa jarri aurretik"

  • Donostia, 1944. Gaztetan ingeniaritza ikasi zuen. Bizitza gehiena arlo horri lotutako lanbideetan aritu ostean, erretiroa hartutakoan antropologia ikasteari ekin zion, EHUn. Amaitutakoan, heriotza aukeratu zuen doktore-tesia egiteko gaitzat, “gutxi landu den eremua delako, eta hutsune demokratikoa dagoelako; jendeak ezin du beti nahi duen bezala hil”. Gero eta pertsona gehiago beren bizitzaren amaiera antolatzeko orduan ahaldundu egiten direla uste du Olaizolak, nolanahi den ere.

Azken urteetan heriotzarekin dugun harremanaz sakon ikertzen jardun du Iñaki Olaizolak. Horren fruitu dira bi liburu; azkenekoa, aurten argitaratutakoa, Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria (Heriotza, hileta-errituala eta dolua Euskal Herrian).
 
Heriotzarekikoak bizitzeko eredu bi daudela diozu, elkarri kontrajarriak: tradizionala, hein handian erlijioari lotua, eta biografikoa.

Horiek muturrak dira, eta bien artean hamaika aukera dago. Bitarte horretan kokatzen da jende gehiena.

Zeuk asmatua da “biografiko” adjektiboa?

Uste dut baietz. Azken batean, heriotza norberaren bizitzarekin lotuta dago. Eta heriotza diodanean epe batez ari naiz, ez hiltzeko une zehatzaz. Momentu batean konturatu egiten zara bizitzaren azken etapan zaudela, eta pentsamoldeak aldatu egiten dira. Gaur egun zaharraren zaharrez hiltzen gara normalean. Eta normalean, gaixotasun edo mendekotasun epe luze bat pasa ondoren. Batez beste 6-7 urte bizitzen gara mendekotasunean. Arazo sozial garrantzitsua da, erakundeek eta legeek kontuan hartu behar luketena.

Liburuan egin dituzun elkarrizketetatik ondorioztatzen da heriotzari berari baino aurreko prozesuari diogula beldurra.

Jende gehienak hiltzeari baino gaizki hiltzeari dio beldurra. Zein da kalitatezko heriotza? Bada, hor daude bi ereduak. Oraindik indarrean dago Elizak daukan ideia: kalitatezko heriotzak sufrimendua behar du. Erredentzioa. Nik uste dut horretan ia inork ez duela sinesten gaur egun. Pertsona askok, eta batez ere emakumeek –zaintzaile izatea zer den ondo baitakite–, ez dute mendeko izan nahi. Hortik datoz bizitzaren zentzuari buruzko hausnarketa batzuk. Bizitza guztiek dute zentzua, lehen esaten zen bezala? Bada, ez. Goraka datorren fenomenoa da: honezkero ez dago diskurtso bakarra, heriotzarekin  harremana gauzatzeko aukera asko dago. Biografiak askotarikoak diren bezala, heriotzak ere bai. Sistemaren aurrean errebeldia apur bat dago hor.

Norberaren bizitzari amaiera emateko hautua beti izaten da eztabaidagai latza...

Orain eztabaida garrantzitsua dago heriotza duinari buruz. EAEko Legebiltzarrean horri buruzko legea ari dira prestatzen, eta Nafarroan badute dagoeneko. Baina Nafarroan egin zutena egiteko, hobe ezer ez egitea.

Zergatik?

Sufrimendu fisikoa besterik ez duelako kontuan hartzen. Baina sufrimendu hori nola neurtzen da? Ez dituzte kontuan hartzen sufrimendu psikologikoa, barne tristura... EAEn ari dira lege proposamen bat lantzen, eta deitu egin zidaten nire iritzia emateko. Ez zait gustatzen egiten ari diren legea. Esaten dute heriotzaren kalitatea hobetu nahi dutela, baina hain baldintza gogorrak jartzen dituzte... Aipatzen dituzte hilurreneko egoera, ezin itzulizko egoera... Hau da, luzeegi itxaron behar da sedazioa lortzeko. Berriz jarriko da modan borondatezko heriotzaz hitz egitea. Orain legeak egiten dira horri buruz, baina zeinek dauka eskubidea zuk bizi nahi ez duzun bizitza biziarazteko?   

Garbi mintzatuz, suizidioaz ari gara?  Hitz gogorra da, oraindik ere.

Hizkuntzaren erabilera makurra dago tartean. Eutanasia aipatzen baduzu –kontuan hartuta beti ere oso egoera txarrean zaudela, ez dela kapritxo bat–, pertsona bati hiltzen laguntzeaz ari zara. Botika batzuk eman eta hilko litzateke handik minutu batzuetara, berak aukeratutako leku goxoan, aldamenean berak nahi duen jendea duela. Aldiz, sedazioa da egoera berean esatea “pertsona honi hiltzen ezin diogu lagundu baina mina kenduko diogu”, nahiz eta jakin emango zaizkion botikekin handik ordu batzuetara hilko dela. Diskurtsoa da desberdina. Sedazioa ematen duenak dio helburua mina kentzea dela, nahiz eta jakin hil egingo dela, eta eutanasia da jakinda dagoen soluzio bakarra hiltzea dela, hitza bera esatea: lagundu diezaiogun hiltzen.

Gauza bera hitz desberdinekin, hortaz.

Bai. Baina oso garrantzitsua da diskurtsoa, haren atzean asmo bat dagoelako. Adibide bat: elkarrizketa hau amaituta hileta batera joan behar dut. Duela bi egun nire koinata hil zen. Goizeko 11:15ean jarri zioten sedazioa, ondo kostata, behar ez zen sufrimendua pasa ondoren. Eta sedazioa jarri eta gero oraindik 22 ordu iraun zuen emakumeak. 22 ordu oso egoera larrian, arnasestuka... Medikuek esaten zuten “ez, ez du minik”. Ez dago eskubiderik. Nik medikuei esaten nien: “Ezin al zaio dosi handiagoa jarri?”, “ez, hori eutanasia litzateke, guk mina kendu diogu eta nahikoa”. Diskurtsoak badu eragina, beraz. Badakizu hil egingo dela baina zure eginkizun bakarra mina kentzea da. Eta tartean daude hamar ordu, edo hogei, edo bi egun... Eta gero, egia da hiltzen dena dela bere heriotzaren subjektua, baina aldamenekoak ere kontuan hartu beharko lirateke.

Erlijioaren eraginaz hitz egin dugu, baina medikuntzaren paternalismoa ere salatzen duzu.

Bai, aipatu dudan EAEko lege proiektua ez zait gustatzen hiru arrazoirengatik. Bat: sufrimendu handiegia eskatzen da; soluzioa etorriko da, baina alferreko sufrimendu baten ondotik. Bi: erabiltzen den diskurtso faltsua; hiltzen laguntzea debekatuta dago, eta mina kentzea da egin behar dena, nahiz eta jakin horrek nora zaramatzan. Hori gezurra da, izenda ditzagun gauzak beren izenez. Eta hiru: nondik datorkie medikuei botere hori? Zergatik egon behar da haien borondatea egoera horretan dagoen pertsonaren borondatearen gainetik? Non ikasi dute horretarako? Heriotzarako eskubidea dagoen edo ez dagoen, ez da gai zientifikoa; gai horretaz hausnartu duen pertsonak gai izan behar du erabakitzeko, ez da titulazioa behar horretarako. Eta tira, hor daude psikologoak, soziologoak, apaizak –nahi duenarentzat–, edo lagunak. Zergatik erabaki behar dute medikuek, nondik datorkie ahalmen hori?

Liburuan diozu 60ko hamarkadara arte Euskal Herrian eredu tradizionala besterik ez dela egon.

Hala da. Orduan hasi zen beste eredua azaleratzen. Aldaketa kulturalak izan ziren, eta sozialak ere bai. Esaterako, lehen esan dugunez, orain zaharrez hiltzen garela, eta sarritan gaixotasun kroniko bat jasan ondoren. Lehen ez zegoen horrelakorik. Gaixotzen zena berehala joaten zen, gehienetan.

Horiek aldaketa sozialak. Kulturalak, berriz, bi izan dira batez ere. Bata da pertsonak hartu duen nortasuna, ahalduntzea. “Nik agintzen dut nire bizitzan”. Bestea da erlijioaren eragina ahuldu dela, harekiko harremana ez da gure lehengoek zutena bezalakoa. Erlijioak bere espezialitate bihurtu du heriotza. Eta Elizak ez du bere lana ondo egiten, heriotza-errituari dagokionez.

Zergatik diozu hori?

Oso kalitate txarreko hiletak egiten dituztelako. Tokatu ahal zaizu egun berean bi hileta egotea; eta ezertaz ezagutzen ez zaituen apaizak botatzen du mitina. Darabilten diskurtsoa ez da sinesgarria gehienentzat. Kontuan hartu beharko lukete zibila dela, edo erdiak behintzat ez direla fededun, ez hildakoa ez gertukoak, eta ekintza sozial batera joaten direla horra. Baina Elizak ez du hori lantzen. Sinestunentzat besterik ez dute hitz egiten, haragiaren berpizteaz eta abar. Bestalde, nahita ere ezingo lukete ondo egin. Ehun pertsonako ia bat hiltzen da urtero. Hernanin, demagun, urtean 200 hileta dira, eta gaur egun apaiz bakarra dago. Nola prestatu hori? Nola prestatu hildako bakoitzari egokitutako diskurtsoa?

Horregatik proposatzen duzu katedral zibilak eraikitzea?

Bai. Antropologian bereizi egiten da leku eta ez-lekuen artean. Lekua, antropologian, goxotasuna, sentimendu politak, elkarrizketa erraza... sortzen diren gunea da, taldeko kide zarela berresten dizun espazioa. Eta ez-lekuen adibidetzat aireportuak aipatzen dira sarritan. Sinestun batentzat, eliza leku antropologikoa da. Baina aurkitu behar da zeintzuk diren denentzako lekuak. Batzuentzat Udaletxea izango da, beste batentzat mendia, itsasoa... Horregatik diot batetik katedral zibilak egin beharko liratekeela; azken agurra egiteko leku antropologikoak. Bestalde, ez dugu ahaztu behar elizak herriaren diruz eraiki direla, eta jende askorentzat, sinestun ez izan arren, leku antropologikoak direla: azken agurra herriko elizan egutea nahi lukete. Beraz, eliza bakoitzak bi kudeatzaile izan beharko lituzke, bata erlijiosoa eta bestea zibila, bi motetako ekitaldiak egiteko. Eta eliza asko dauden auzo eta herrietan, batzuk bideratu litezke ekintza zibiletarako, eta besteak erlijiosoetarako utzi.

Heriotzarekiko eredu biografikoaren zabalkundea goraka datorren fenomenoa dela diozu. Alta, hildakoak ez badu aldez aurretik bere borondatea adierazi, automatikoki sartzen da sistema tradizionalaren gurpilean.

Besteak beste, ez dugu ahaztu behar ehorzte zerbitzuen sektorea oso indartsua dela. EAEn 20.000 hileta baino gehiago egiten dira urtero. Horrek diru pilo bat mugitzen du. Eta sektore horrek gauzak egiteko modu jakin bat bultzatzen du. Beraz, goraka datorren joera hori batzuetan mugatuta dago.


Azkenak
2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten txaleta eraitsi egin behar dela ebatzi dute, legez kanpo eraiki zelako

Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]


Bengoetxeak errektore kargua hartu du eta EHUren finantzazioak segitzen du izaten eztabaidagai

Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]


2025-01-27 | Leire Ibar
Milaka palestinar suntsitutako Gaza iparraldera bueltatzen ari dira

Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat suntsituta dagoela eta... [+]


2025-01-27 | ARGIA
Migrazio politikak salatu eta auzipetuak kargugabetzea eskatu dute epaiketaren atarian

2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]


2025-01-27 | Ahotsa.info
EH Baterak aurtengo Aberri Egunean erabakitzeko eskubidea modu bateratuan aldarrikatzeko deitu du

Euskal Herria Baterak apirilaren 11an Donostiako Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri eman du. Ekitaldia Aberri Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago eginen da. Agerraldian Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Carlos Etchepare bozeramaileek hartu dute parte, eta Manex Fuchs... [+]


2025-01-27 | Aritz Arrieta
Euskaldun harrera herria?

Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]


Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]


2025-01-27 | Behe Banda
barra warroak |
Lehen aldiak

Behin batean gertatu zen eta ordutik aurrera egunero gertatzen da […] ez dezagun ikus hemen gertatzen dena. Halaxen da mundua, eta gaur egunean inor ez da profeta bere mendean”.

Beste zerbaitez hitz egin zidaten behin eta ordudanik, ezin dut ezer bestela... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


2025-01-27 | Bertsozale.eus
Bertsozalez bete da Lesaka Bertso Egunean
Bortzirietako Bertso Eskolarekin elkarlanean, egun osorako egitaraua prest geneukan Bertso Eguna ospatzeko; eta bertsozaleek ere ez dute hutsik egin: giro ederra izan da Lesakan goizetik hasita.

Eguneraketa berriak daude