Bizi Baratzea guztiok irakurtzeko liburua da, batzuek ekoizteko erreferentzia praktikoak ematen dizkigun eskuliburu gisa erabiliko dugu, baina denaren gainetik, liburu honek belaunaldiz belaunaldi bildutako baratzearen gaineko ezagutzaren lekukotza ematen du eta jakituria gaurkotzen du. Gainera, leku bakoitzean eman zaizkien izen zehatzak eta hizkuntza aberatsa berreskuratzen ditu.
Jakoba Errekondok egun galtzeko arriskuan diren zientzia eta ezagutza jaso ditu. Iraultza berdeak dakarren ekoizpen eredua porrota da, eta berau oinarritzen da hazi “hibrido eta hobetuetan”, enpresa agrokimikoen kontrolpean, ongarri kimikoen erabileran, erregai fosilen dependentzian. Eredu horrek kulturalki gutxietsi egin du eta lurperatu nahi izan du baratzezaintza jasangarria, sanoa, osasungarria eta gizartearentzat elikadura subiranotasunerako ezinbestekoa dena.
Jakoba Errekondo, bere bizitza ibilbidean testigu eta aktibista da arbasoen eta egungo ezagutzen ondare hauetan. Liburu hau da ezagutza hori aitortzen eta balioan jartzen duena.
Autore askok idatzi du baratzezaintzari buruz, esaterako John Seymourrek eta Mariano Buenok, baina Bizi Baratzeak gure errealitatea deskribatzen du, gure baserritarren zientzia, gure kulturara eta gure errealitate agronomora egokitutako hizkuntzan. Horregatik, liburu hau erreferentzia da, produktibismora bultzatuak izan garen askorentzat korapilatsuak diren hainbat gaitarako (esaterako, ureztaketa erabili edo ez) ikasteko erabiltzen duguna. Belaunaldi bat bada, egon, galdua eta kultura gabetua izan dena gure ezagutza ondarearekiko.
Ikaskuntza prozesu bat da eta liburu hau bidelaguna da indarrean den logika produktibista utzi eta lurrarekiko gure harremana berrikasteko, Ama-lurra baita osasunaren iturburua, eta kulturalki herri izaera ematen diguna. Kontzeptu hauen dibulgazioa oinarrizkoa da bizitzen ari garen aldaketa sozialean. Jaten duguna, nola ekoizten den, nork eta non ekoizten duen, horrek denak funtsari eragiten dio. Eztabaida politiko eta eraldatzailea da, zeren erabaki horietatik definitzen dugu nola bizi dugun gure harreman soziala eta ekonomikoa eta horrek guztiak ingurumenean duen eragina eta ondorioa klima aldaketan.
Jakoba Errekondoren etengabeko ikerketa eta dibulgazio lana, herrikoia eta elkarrekintzan eraikia, sostengu finkoa izan da gure elikadura subiranotasunaren kontzientzia handitu eta balioan jartzeko, egungo belaunaldientzat, baina are gehiago etorkizuneko belaunaldiaren erreleborako.