argia.eus
INPRIMATU
Adiorik ez
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko urriaren 28a
CERNeko partikula azeleragailua, Genevan. Partikula gero eta txikiagoei buruzko ezagutza handitzeak gailu ahalmentsuagoak sortzeko aukera emango du.
CERNeko partikula azeleragailua, Genevan. Partikula gero eta txikiagoei buruzko ezagutza handitzeak gailu ahalmentsuagoak sortzeko aukera emango du.

2003an abiatutako zientziari buruzko sail honenak egin du. Argiari eta orrialdeak izan duen irakurle orori eskerrak ematea baino ez zait geratzen. Eguneroko zientziari errepasoa ematen saiatu naiz, eta gaiak aukeratzeko askatasuna izan dudanez, ezin uka desorekak izan direla hautatutako gaiei dagokienez.

Garrantzia, jakin-mina, eduki bereziak, harritu nahia eta ulergarritasuna lehenetsi ditut, eta gertatutakoa azaltzeaz gain balorazio pertsonala erantsi diot, berriak hori merezi zuela iruditu zaidanean. 

Azkeneko honetan, agur esatearekin batera, datozen hilabete eta urteetan nire aburuz pil-pilean egongo diren gaiak aipatu nahi ditut.

Energia nuklearrari dagokionez, Fukushimak zeresana ematen jarraituko du, eta horri Garoñaren inguruko erabakiak gehituko zaizkio. Bestalde, berriztagarrien hedapena ez da erraza izaten ari gure inguruan; bi energia iturri moten arteko lehia gogorra izango da epe motzean.

Marten ur gazia eta, horren ondorioz, bizia aurkitzeko aukerari buruzko eztabaidak ugarituko dira. Bitartean unibertsoko hamaika txoko arakatzen segituko dugu.

Volkswagenen aferak auto elektrikoaren bidea indartuko duelakoan nago; batez ere horren aldeko irizpide politikoak indartzea espero dut.

Komunikazioen alorrean telebistak, ordenagailuek eta smartphoneek  konbergentziarako bidea etenik gabe indartuko dutelakoan nago.

Genetikan, ikerketak aurrera egin ahala, beraren inguruko eztabaida etikoak indar hartuko du.

Gero eta partikula txikiagoei buruzko ezagutzak gero eta gailu ahalmentsuagoak osatzeko aukera emango digu.

Azkenik, klima aldaketari eta ozono geruzako zuloari so egin nahi diet.  Izan ere, bere horretan jarraituko duen Lurraren beroketari gehitu behar zaio ozono geruzaren zuloa neurtzen denez geroztik 2015ean izan duela hedadurarik handienetakoa. Zalantzarik ez, ondorengo belaunaldiei arazoak uzten espezialistak gara.