Mugak kontrabandoa eragiten du, gerra gordintzen du, bertakoen jarduera eta izaera taxutzen du. Eman eta kendu egiten du. Beratarrak eta urruñarrak bereizten –edo elkartzen– dituen lerroaren inguruan ederki dakite hori. Mugako Bidea proiektuak telefonoan instalatzeko audio-gida bat prestatu du, banalerro zati hori ibili ahala, mugako fenomeno bereziaren berri entzuteko.
Ibardin gaina da Mugako Bidearen abiapuntu eta helmuga. Baita inguru hauetan mugak duen eragin nabarmenaren froga ere. Hogeitik gora benta, mendi magalean, bereizte-lerroaren hegoaldean lerratuta, saltoki-gune bitxia osatuz. Tabakoa eta alkohola dira oraindik produktu izarrak, baina eskaintza geroz eta zabalagoa da: opariak, altzariak, arropa... Igande goizeko erosleen artean, mendiko arropaz jantzita, lekuz kanpo sentitzen gara ia.
Baina Ibardingo Turismo Bulegora iritsi, entzungailuak belarrietan jarri eta mugikorrean aplikazioa abiaraztean, gidari birtualak leku egokian gaudela baieztatu digu. Lehenik, bere burua aurkeztu du esatariak: sukaldea Urruñan eta komuna Beran dauzkan Erdikobordako Frantzisko Irazoki da; lagunartean, Erdiko Patxiku edo, besterik gabe, Erdiko. Pertsonaia eta haren sortetxea alegiazkoak izan arren, hemendik aurrera kontatuko dizkigunak benetakoak dira.
Gorria Bentako biribilgunean, 13. mugarrian, hasi zaigu berriro hizketan. Joan den mendearen hasieran hantxe egurrezko benta txiki bat, Ibardingo lehena, zegoela esan digu.
Bidegurutze horretan Urruña aldera egingo dugu metro batzuetan. Berehala, errepidea utzi eta eskuinaldeko mandabidea hartuta, Patxiku deika sumatu dugu. Eta “muga non, kontrabandoa han” esakunea baieztatzen duen datu esanguratsua bota du: 1870. urte inguruan, Frantziako mugazainek mugaren alde honetan 283 kontrabando-talde eta 2.556 kontrabandista zenbatu omen zituzten. Bera aldekoak ez ziren askoz gutxiago izango, maiz kontrabando kontuetan nahasita zeuden guardiek zenbatzeko lana hartu izan balute.
Hesiaren ondotik maldan gora egingo dugu hurrena. Ibilbideko zatirik gogorrena da, baina bidelagun birtualaren hitzek arintzen dute aldapa: “... pentsa ezazue zer izanen zen garai batean bidexka hauetan barna 30 kiloko zakua bizkar gainean genuela ibiltzea... eta ilunpean!”.
Bidea laburra eta oro har erraza da. 3,74 kilometroak, audio-gidaren azalpenak lasai entzuteko geldialdiak eginez, bi ordutan egin daitezke; ibilbide osoa 300 eta 400 metroko altitudeen artean dago eta, beraz, garaiera aldeak txikiak dira.
Gure bidaideak kontrabandoaren gorabeherak xeheago azaldu ditu ondoren. Eta, besteak beste, Beran guardiei eltzetzuak esaten dietela jakin dugu –Aezkoan mendizorriak esaten omen diete eta, Eugi aldean, berriz, oihanzorriak–. Bi egunerako muga zaintzera joaten zirenean, guardiek eltze handi bat eramaten zuten jana berotzeko eta haien arropek usain nabarmena hartzen zuten. Horrek eman zien ezizena guardiei eta arriskua urrundik usaintzeko aukera kontrabandistei.
Mugatik bizi bai, baina tarteka hil ere egiten zirela gogorarazi digu, Ezkerreneko Bordako Rafael Elgorriagari gertatutakoa kontatuta: Bilboko ospitale baterako ebakuntza-tresnak omen zeramatzan, guardiek tiroz jo zutenean.
14. mugarrian heldu diogu berriro muga marrari; aitzakia polita harri kozkor hauei buruz gehiago jakiteko: 1856an amaitu omen zituzten zedarriak ipintzeko lanak; Beran 40 jarri zituzten eta, Nafarroa aldenik alde ebakiz, guztira, 276.
15. mugarrian ikuspegia aparta da. Itsasora begira, mendebaldean Hondarribia ikusten da, parean Donibane Lohizune, eta harago Miarritze eta Baiona. Zerua garbi-garbi dagoen egunetan Landetako hondartzak ere ikusten omen dira. Ekialdean Larrun daukagu –beratarrek Larun esaten diote; beraz, gure audio-gidak ere bai– eta handik aurrera, Atxuri, Mendaur, Bianditz eta, erdi gordeta, Aiako Harriak. Entzungailuetatik kontrabandoan pasatzen ziren produktuen zerrenda amaigabea datorkigu: tabakoa, gatza, kafea, irina, kobrea, ardoa, pattarra, musean egiteko kartak, aziendak, bizikletak, orratzak, zapatak, botoiak, zilarra, puntillak, penizilina, traktoreak, irudi erlijiosoak, botikak... Talgo trenaren errodamenduak, esaterako, mendi hauetan barna pasa omen zituzten banaka-banaka.
17. mugarrira iritsi baino lehen, mugikorrak berriro eskatu digu entzungailuak jartzeko. Oraingoan kontrabando kontuak ez dizkigu Frantzisko Irazokik kontatuko; zuzenean, kontrabandoan aritutakoen ahotik entzungo ditugu.
Hortxe utziko dugu muga marra, eskuinera, Bera aldera, egiteko. Hemendik aurrerako bide guztia mugaz hegoaldera egingo dugu. Ez da zaila ibilbidea zuzen egitea eta, gainera, okerreko bidea hartuz gero audio-gidak abisatuko dizu. Baina galduz gero, bidelagunak ez dizu beti errieta egingo eta, hurrengo puntura iritsi baino lehen nahastuz gero, beharbada, Armalako harrobiaren berri emango dizu, opari.
Muga lerroarekin batera, kontrabandoa ere atzean utzi dugu, eta gerra hotsek inguratu gaituzte. “Muga tokia, gerra tokia”. Gune estrategikoa izanik, gatazka askok utzi dute arrastoa bazterrotan: Altzateko jaunak agindutako triskantzak, Napoleonen Gerrek, Karlistadek, 1936ko Gerrak, Bigarren Mundu Gerrak... 1813an milaka soldadu elkartu omen ziren lur hauetan: batetik erretiratzen ari ziren frantziarrak eta, bestetik, aliatuak; ingelesak eta espainiarrak nagusiki. Larrun ingurua berunezko bala biribilez josi zuten eta eskualdean miseria zabaldu, topatzen zuten guztia arpilatuta. Bortzirietan 600 lagun inguru hil omen ziren urte haietan, goseak eta gaitzek jota, hamarretik bat ia.
Bidean behera, Lartzin muinoa dugu parez pare, eta barruan, arrokan zulatua, komunikazio lanetarako bunker bat. Espainiako Gerra amaituta eta Bigarren Mundu Gerra betean, Franco beldur zen aliatuak sartuko ote ziren eta porlanezko defentsa lerro bat eraikitzeko agindu zuen. Bide osoan lagun izan dugun ahotsaren arabera, Pirinioetan 5.000 bunker inguru egin zituzten, Nafarroan eta Gipuzkoan 1.800, eta Beran 180 bat. Milaka eta milaka langilek jardun behar izan zuten horiek guztiak eraikitzeko, eta denak ez ziren militarrak; bunker horietako asko gerrako presoek behartuta eta baldintza latzetan jaso zituzten.
Hala, hurrengo geldialdia Okalarreko bunkerrean egin dugu. Artilleriako bunkerra da eta barruan tankeen kontrako kanoia sartu behar zutenez, sarrera oso zabala du. Putzuren bat kenduta, sartzeko ez du inolako zailtasunik, baina eskuargia eramanda hobe, barruko gelako leihoa itxita baitago.
Azkenean ez zen aliatuen erasorik izan eta porlanezko zulo hauek ez zituzten militarrek erabili. Bertakoek, tarteka, bai, Patxiku Erdikoak esan digunez: neska-mutikoek jolasean ibiltzeko eta kontrabandistek paketeak gordetzeko.
Ibardin bertan dugula, lehengo zerrenda luzean aipatu gabeko gaien kontrabandoari heldu dio telefonoko hitzontziak, giza kontrabandoari. 1936ko gerran ezkertiar eta abertzale asko pasa zen Urruñara, eta Bigarren Mundu Gerran soldadu eta judu andanak igaro zuen muga kontrako noranzkoan. Gerrak amaituta, pobreziak ekarri zituen kanpotarrak, zehazki portugaldarrak, muga honetara. Berako hilerrian bost portugaldar omen daude ehortzita. Mugaren argi-ilunetan hori da ziurrenik alderik ilunenetakoa.
Baina gure bide-erakusleak mezu baikorraz eman dio amaiera Mugako Bideari. Behartutako banalerroari etekina atera diote. Eta eguerdi partean Ibardinen bildutako jendetza ikusita, bistan da aurrerantzean ere aterako diotela. Bereizteko jarritako marrak elkartzeko baliatu dela dio Patxikuk, eta “gaueko lanak sare haundi bat egin zuela, bi aldeetako euskaldunak lotu zituena”. Hori baieztatzeko, bere azken aholkuari jarraitu diogu: “Sartu bertzenaz euskaldunak ibiltzen diren bentaren batean... sartu-sartu eta adittu”.
Mugako Bidea audio-gidaren laguntzaz egiteko, nahikoa da Android G4+ sistema operatiboa duen smartphonea izatea. www.mugakobidea.com webgunean instala daiteke aplikazioa doan eta, ondoren, euskarazko, frantsesezko edo gaztelaniazko ibilbidea kargatu. Ibilbidearen mapa ere bertan deskargatzeko aukera dago. Telefonorik ezean, Berako Turismo Bulegoak lau gailu jarri ditu bisitarien eskura.
Abiapuntura iritsita, entzungailuak konektatu eta aplikazioa martxan jarri besterik ez da egin behar. Telefonoak GPSa erabiliko du uneoro non zauden jakiteko. Ibilbidean dozena bat inguru audio-puntu jarri dituzte eta horietako batera iristean telefonoak bibrazio bidez eta joare-soinuz abisatuko dizu.
Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.
Kontsumismoaren kontrako bizikleta martxa Setem GKE-aren eta Masa Kritikoaren artean antolatu da ostiral honetarako.
2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.
----------------------------------------------
Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]