argia.eus
INPRIMATU
Azal apain
Iñaki Murua 2015eko urriaren 20a

Baserriko lanetan inoiz aritu izan garenok maiz entzun izan dugu, gure eskualdean behintzat, azal-apain hitza, azalekoa jorratu edo apaindu esanahiarekin. Gehienetan, ordea, sakonago landu beharreko alorra, azala apaindu eta ondo landutakoaren itxurak eginda utzi dutela salatzeko, esanahiarekin erabili ohi zen.

Orain ugaltzen ari dira gisa honetako jardunak eta psikologo bat etxean sarrarazten dugu geure nerabeek, umeek eta baita haurrek ere, burutik behera kaka egiten digutenean eta egoera bideratzeko gaitasunik ez dugunean. Personal Trainer bat behar dugu geure osasuna eta elikadura zaintzeko nahiz kirola nola egin orientatzeko; irudia zaindu nahi badugu ere ez dago Personal Shopper baten laguntza kontratatu besterik eta bera izango dugu itsu-aurreko arropa erosterakoan, geure burua edo etxea apaintzerakoan... eta Personal Shopper teknologikoa, gero eta gehiago beharko duguna sega-poto, iPhone, iPod, txartel festa... eta auskalo zenbat teknologia, guretzat ezezagun eta ikastezinezko, taxuz erabil ahal izateko. Antzeko izenduna, oraintsu arte dirudunen eskura baino ez zegoena, txoferra eta batzuentzat txoperra, autoa gidatzeaz gain hainbat aholku eman ere egingo zuena, seguru asko!

Alde batetik, independentzia lortu nahian gabiltza eta bestetik, gero eta besteren mendekoago ez al gara? Gorago aipatu bitartekari horiek denak behar al ditugu geure buruaren jabe izateko? Ala, burujabe izan ez gaitezen sortutako, itxura batean beharrezko diren alferrikako eranskinak ditugu? Zertarako? Ondo pentsatuz gero, gaizki egiteko. Itxurakeria hutsak bete gaitzan!

Zertarako  baino, behar ditugulako ala beharra sortzeko? Denbora izan arren, geuk behar ditugun gauzak ikasteko astirik ez dugulako hartzen? Zertarako hainbeste karrera, gradu eta titulu, sena galtzen ari bagara? Zertarako hainbeste lagun, denbora gehiena bakardade isilean okupatuta bagaude? Hainbeste etxe handi gero eta familia ttikiagoentzat? Hainbeste telesaio komiko irriño bat argazkia ateratzeko soilik egiten badugu?

Bejon diezagula! Teknologian zenbat eta aurrerakoiago garen, orduan eta atzerakoiago gara harremanetan. Zenbat eta aholkulari gehiago inguruan orduan eta geu izatetik urrunago. Bizitza luzaroan irautea dela sinetsita bizia oharkabean doakigu. Inguruan (gauza, aholkulari...) asko izateak, geu (irudimena, sormena...) gutxi izatea dakar.