argia.eus
INPRIMATU
Abkhazia
Kaukasoko nazio txiki baten independentzia prozesua
  • “Independentzia, mundu globalizatu honetan gure kultura eta hizkuntza gordetzeko tresna da”. Abkhaziako atzerri ministro Viatxeslav Txirikbaren hitzak Kaukasoko txoko hartan sufritutako gerra eta zailtasunen ordainsaria azaldu gura dute. Abkhazia 1993tik da estatu burujabe, baina beste herri txiki askoren moduan, nazioarteko komunitatearen aitormenik gabe bizi da.

Ibai TrebiƱo @ibaitrebino 2015eko urriaren 21a
1992an Georgiarekin izandako gudan hildakoen omenezko irudiak.

1992ko abuztuaren 14a. Georgiako armadaren abiazioa Sukhum hiria bonbardatzen hasi zen, abkhaziarren memorian betiko grabatuta geratuko den unea. Hogei egun lehenago, uztailaren 23an, Abkhaziako indarrek herrialdearen independentzia aldarrikatu zuten. 13 hilabetez luzatu zen gerra irabazita, behin betiko independentzia eskuratu zuten.
    Vladislav Ardzinba, Abkhaziako alderdi komunistako buru ohiak gidatu zuen garaipena eta Abkhazia independentearen lehen presidente bihurtu zen. 2010ean hil zen Ardzinba, baino errepublika txiki horretan bere ondarea ez da inoiz desagertu. Edonon topa daitezke bere irudiak, heroia da hemen. Bere gidaritzapean Abkhaziak independentzia berreskuratu zuen. Berreskuratu, Abkhaziako estatua ez baitzen ezerezetik eraiki: “Gure auzia ez da separatismoa, estatu historikoa berreskuratzeko prozesua baizik”, azaldu digu gobernuko funtzionario batek.

Abkhazia estatua eta erresuma izan zen VIII. mendean, baita printzerria ere XIII. mendean. Turkiaren (otomandarrak) eta Errusiarren arteko gerrek mende luzez baldintzatu dute abkhaziarren bizimodua. Bataren zein bestearen menpe bizi eta haien errepresioa jasan behar izan dute. 1917an, boltxebikeen Urriko Iraultzak argi berria ekarriko zion ordea nazioari: Abkhaziako herri kontseilua sortu eta Mendietako Errepublika sortu zuten lehenik. 1921ean sobietar boterea ezarri ondoren, Abkhaziak Errepublika Sobietar Sozialista gisa berreskuratu zuen bere independentzia, subiranotasuna eta lurraldetasuna. Ardzinba bezala, Nestor Lakoba Abkhaziako boltxebikeen buruzagiak ospe handia hartu zuen orduan.

1931ra arte iraun zuen abkhaziarren ametsak. Josif Vissarionovitx “Stalin” presidente sobietarrak Georgiako Sobietar Errepublika Sozialistan integratu zuen Abkhazia, Errepublika Sobietar Sozialista Autonomo gisa. Georgiar etniakoen kopuruak gora egin zuen errepublikan, ordura arte abkhaziar etniakoen aldekoa zen demografia guztiz irauliz. Nestor Lakoba ere “purgatua” izan zen. Veria eta Stalin georgiarren politikek abkhaziar herriaren asimilazioa ekarri zuen arren, Sobietar Batasunarekiko dagoen atxikimendua historikoa estua da eta horren seinale, esate baterako, Bigarren Mundu Gerran nazien kontrako erresistentzian parte hartu eta bizitza eman zutenen kopuru handia. Abkhazia, “sobietar heroi” gehien dituen bigarren errepublika sobietar ohia da. 

Sobietar Batasunaren amaiera eta nazio eraikuntza

Sobietar Batasunaren desagerpen prozesuak nazio txiki batzuen aldarrikapen nazionalak eta autodeterminazio prozesuak piztu zituen errepublika jaio berrietan. Hala, gutxiengo etnikoen arteko tentsioa areagotu zen, besteak beste Transnistrian, Osetian, Txetxenian eta Abkhazian.

Sozialki ere hondamendi handia izan zen eta oligarkek errekurtsoen pribatizazioari ekin zioten. Abkhaziako ekonomia ministro Adgur Ardzinbak azaldu digunez, “pribatizazioei ekin eta industria suntsitu zen SESBren kolapsoarekin batera”. “Abkhazia herrialde garatua eta askea zen Sobietar Batasunean” azaldu digu Teymuraz gazteak. Gagra hiriko alkateorde da bera eta Abkhaziako azken buruzagi komunistaren semea. Oldenburgoko Pedroren ondorengo aristokratak ezagutzera eraman gaitu: “Sobietar garaietan denok bizi ginen ondo”, diote hemen ere. Harrigarria. Aristokratek, langile-klaseak, nekazariek… denek batera ekin zioten Sobietar Batasunaren defentsari, baita Abkhaziaren independentziaren alde ere.

Gerraren ondoren eta nazioarteko komunitateak herrialdearen aurka hartutako neurrien ondorioz, urte luzez isolatua egon zen Kaukasoko errepublika txikia. Errusia munduko lehen herrialdea izan zen Abkhaziaren independentzia onartzen. Hala, bien arteko merkataritzak arnasa eman dio.

Ekonomia ministroak azaldu digunez, “herrialdearen motorra turismoa da”. Azken bi udatan, 3 milioi turista baino gehiagok bisitatu dute herrialdea, gehienak errusiarrak, baita Europar Batasunetik joandakoak ere –georgiarren eta EBren presioaz gaindi–, Itsaso Beltzak, Kaukasok eta salneurri merkeek erakarrita. Errusiako klase baxuek Abkhazian uda igaro dezakete lasai asko, eta Abkhaziak hori ondo probestu du. 

Bestalde, Abkhaziak “eraikuntza nazionalaren” bidea urratzen jarraitzen du. Banku nazionalak kontrolatzen ditu kapital finantzarioak eta Errubloa da moneta ofiziala, Errusiarekin egiten diren transakzioak eta harreman ekonomikoak direla eta. Parlementu, polizia, hezkuntza eta justizia sistema propioak ere eraiki dituzte. Nazioarteko aitorpen zabala ez edukitzeak ez die arazo handirik ekarri abkhaziarrei. 

Independentziaren bide latza: 1992ko gerra

Sobietar Batasunaren desintegrazio prozesua martxan zegoela, Georgiak independentzia aldarrikatu zuen eta herrialde kapitalista izatera igaro zen. 1991ko martxoan, orduko Georgiako presidente Zviad Gamsajurdiak independentziaren aldeko erreferenduma antolatu eta irabazi egin zuen. 

Georgiarrek gehiengoa ez zuten eskualdeetan, Abkhazian eta Hego-Osetian esaterako, erreferenduma boikotatu zuten. Estatu berrien sorrerek beste nazio txiki batzuen subiranotasun nahia piztu zuen. Abkhazia ez zen salbuespena izan, eta 1992ko uztailaren 23an aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen. Horri erantzunez, 1992ko abuztuaren 14an Georgiako armadak Sujum hiriburua bonbardatu eta bi nazioen arteko gerra hasi zen.

Gerra hasi eta berehala Georgiako armadak kontrolpean hartu zituen Abkhaziako lekurik estrategikoenak. Matxinatuak herrialdearen erdialdean isolatzea lortu zuen Georgiak. Abkhaziako miliziek, herrialdeko talde etniko guztiek –georgiarrak izan ezik– osatuta, Gudauta hirian ezarri zuten hiriburua eta erresistentziaren gotorleku bilakatu zuten. Batal Dzhapua borroka horietan izan zen. Egun margolari eta artista famatua denak, Abkhaziako gerraren inguruko zehaztasunak biltzen dituen dokumentala amaitu berri du: “Independentzia lortzea latza da”, aitortu digu burumakur gerrillari ohiak. 13 hilabete luze eman zituzten Georgiako tropek inguratuta, harik eta 1993ko irailean kontraeraso arrakastatsu batekin Georgiako armada Abkhaziatik kanporatzea lortu zuten arte: “Garaipena lortu genuen, zorionez. Aiaaaira”. Garaipena. 

Zailtasunak zailtasun, Abkhaziako Estatua

Viatxeslav Txirikba Abkhaziako atzerri ministroaren ustez independentzia “mundu globalizatu honetan gure kultura eta hizkuntza gordetzeko tresna da”. Baina kostua handia izan da. Milaka hildako ekarri zuen gerra eta 7 urte luze iraun zuen blokeoa, besteak beste. Georgiako muga itxita, Errusiako muga ere blokeatuta geratu zen, Boris Yeltsin presidente errusiarraren aginduz. Emakumeak eta umeak bakarrik irten zitezkeen herrialdetik eta kontrabandoaren bidez sartutako produktuei, nazioarteko erakunde humanitario gutxi batzuei edota Turkiako abkhaziar diasporak itsasoz bidalitako laguntzari esker biziraun behar izan zuen herrialdeak. Harik eta, Vladimir Putinek hauteskundeak irabazi eta blokeo ekonomikoa bertan behera utzi zuen arte.

Abkhaziar historiaren beste kapitulu beltz bat, 2008ko abuztuaren 7an bizi izan zuten. Georgiako armadak Hego Osetiako eskualdea de facto independentea bonbardatu eta gau bakar batean 1.300 lagun, osetiarren %3a, hil zituen. Gertakari horrek Abkhazia-Osetia eta Georgiaren arteko 10 eguneko guda piztu zuen. Georgiako armadaren erasoan 13 soldadu errusiar ere hil ziren. Errusiak zuzenean hartu zuen parte gerran eta egun gutxitan amaitutzat eman zen. 

Gerra labur horrek Errusiaren erantzun politiko eta diplomatikoa ere ekarri zuen eta abuztuaren 26an Errusiar Federazioak formalki aitortu zuen Abkhaziaren zein Hego-Osetiaren independentzia. Aurrerapauso historikoa izan zen 16 urte luzez aitorpenik gabe biziraun zuen errepublika horientzat. 

Errusiaz gain, 2008ko irailean Nikaraguak, Daniel Ortega gerrillari sandinista ohiaren ahotik, Abkhaziaren independentzia aitortu zuen. Baita Venezuelak ere, Hugo Chavez presidentearen bidez, 2009an Moskura egindako bidaian. Asia-Pazifiko eskualdeko hiru estatu txikik (Nauruk, Vanuatuk eta Tuvaluk) ere aintzat hartu dute herrialdearen independentzia, eta horiekin batera, Abkhaziaren egoera berdinean dauden beste eskualde de facto independenteek: Nagorno Karabaj, Transnistria eta Hego Osetiak, esaterako.

Errusiaren laguntzak arnasa eman badio ere, Abkhaziaren aitorpenaren auzia mantso doa nazioartean. Atzerri ministroak argi dauka: “Bruselaren eta AEBen presioengatik ez balitz, herrialde gehiagok onartuko lukete gure independentzia”. Kosovo ez bezala, munduko nazio txikiak nazioarteko aitorpenik gabe eta inperioaren mehatxupean bizitzera kondenaturik daudela erakusten du Abkhaziaren aferak. Gaur Abkhazia eta bihar Katalunia. Zer etorkizun munduko nazio txikientzat?