argia.eus
INPRIMATU
Bertsolari rockeroak
  • Bi bala: Gure eroyak

    Bonberenea Ekintzak, 2015

Joxi Ubeda Goikoetxea 2015eko urriaren 15

Bi Bala taldeak arrakasta handia lortu du oso denbora gutxian, bi urte eskasean. Euskal Herrian zehar egin dituzten emanaldiek eta haien lehen diskoak (Wasabi, 2014) oihartzuna izan dute, eta handik eta hemendik deitzen diete saioak egiteko. Ez da harritzekoa, jendaurrean umorea, gatza eta piperra erakusten baitute eta ikus-entzuleek ederki pasatzen dute, taldekideek beraiek bezala. Emanaldi guztiak desberdinak izaten dira, eta gonbidatu bereziak ere izaten dituzte tokiaren arabera.

Taldekideak gipuzkoarrak dira: Aitzol Barandiaran eta Xabier Etxeberria Pitxu ataundarrak, Iñaki Gurrutxaga oriotarra eta Julen Goikoetxea alegiarra. Aitzol eta Iñaki bertsolariak dira, taldeko abeslariak, Iñakik gitarra ere jotzen du, Xabierrek baxua eta Julenek bateria. Bertsolariak hainbat plazatan arituak dira eta musikariak Manillares Iturriaga, Desordutan, Iratzar eta beste hainbat taldetan.

2013ko urtarrilaren 26an, Donostiako Kursaalen antolatu zen Bertso Egunean, Beatles taldearen doinuetan oinarrituta bertsotan aritu ziren Aitzol eta Iñaki. Saioa arrakastatsua izan zen, eta hainbat tokitatik deitu zieten saio hori bera egiteko. Aitzolek eta Iñakik garbi zuten hori bera ez zutela eskainiko, baina musika eta bertsoak uztartuko zituen zerbait egin nahi zuten. Iñaki musikaria izanik eta Aitzol bertso musikatuetan aritua, Xabierrekin eta Julenekin elkartu ziren eta Bi Bala egitasmoa sortu zuten. Lehen saioa 2013ko apirilean egin zuten, eta gelditu gabe dabiltza, bertso-rocka egiten, taldekideek beraiek beren estiloari deitzen dioten moduan.

Bertso musikatuak egiten dituzte. Hitzak dira egitasmoaren muina. Zuzenak, zorrotzak eta zirikatzaileak. Hitz jokoak erabiltzen dituzte, kritika eta autokritika egiten dute eta beren buruari ere barre egiten diote.

Gure eroyak lan berriko kantuetan ongi suma daiteke taldearen izaera. Bizitasunez eta alaitasunez aritzen dira, eta txantxa eta ironia ere erabiltzen dute. Horren ispilu da azaleko irudia eta diskoaren izenburua: Gure eroyak (heroiak, eroriak, eroak...). Kontraesanak kantua, esaterako, gure eguneroko bizimoduan ikus ditzakegun kontraesanen errepaso bortitza da, eta Ertzainak kantua ereserki sarkastiko bat da. Halaber, Nueva Vulcano talde kataluniarraren kantu baten bertsio dotorea ere egiten dute (Familia sakratua).

Diskoa arina da, oso gustura entzuten da, irribarrea ahoan, eta melodiak politak dira.

Karlos Osinaga arduratu da grabazioaz, nahasketez eta masterizazioaz, Bonbereneako estudioan. Aurtengo udan egin ditu zeregin horiek, bikain, ohi duenez.

Aurkezpena Bonberenean egingo dute, urriaren 17an, eta ondoren Azpeitiko gaztetxean (urriaren 23an), Elorrioko gaztetxean (azaroaren 6an), Donostiako Doka aretoan (azaroaren 20an), Anoetako gaztetxean (azaroaren 27an) eta Orioko Gure bazterrak jaialdian (azaroaren 28an) joko dute.