argia.eus
INPRIMATU
Zerga kontraerreforma Adegiren zerbitzura
Juan Mari Arregi 2015eko urriaren 06a

EAJ eta PSEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundia, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko zerga ezabatzear da. Zerga hura Bilduren gobernuak jarri zuen martxan 2013an, PSEren babesarekin, eta Ondarearen gaineko zergarekin baino %50 gehiago biltzea lortu zen. 2013ko kanpainan Gipuzkoako Ogasunak 57 milioi euro bildu zituen zerga berriarekin, aurreko urtean Ondarearen gaineko zergarekin, aldiz, 38 milioi baino ez ziren izan. Zergadunen %1 baizik ez zen egon zerga berria ordaintzera derrigortuta, eta 7.833 aitorpen horietatik, 7.718k abonatu zuten. Ordaindu beharreko batez besteko kopurua 5.855 eurotik 7.284 eurora igaro zen.

Zergatik kendu nahi dute EAJk eta PSEk zerga hori? EAJk, oposizioan zegoenean esan zuen zerga horren erruz Gipuzkoako enpresariek herrialdetik alde egingo zutela. Egiaz, 2013an 49 enpresak baino ez zuen helbide fiskala aldatu. Jeltzaleen jarrera politiko horren atzean Adegi patronalaren presioa suma liteke. Elkarte horrek lobby moduan funtzionatu du kontraerreforma fiskala lortzeko. Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko zerga ezabatuz enpresa-eliteek pribilegio zaharrak berreskuratu nahi dituzte, desberdintasunak handituz. Modu horretan, Gipuzkoako aberatsek 60 milioi euro gutxiago ordainduko dute urtean, eta beti bezala, langileek ekarpen handiagoa egin beharko dute. Gipuzkoan inposatu nahi den zerga kontraerreforma honekin diru-bilketa txikiagoa izango da eta zerbitzu publikoei eta aberastasunaren banaketa justuagoari erasango dio. Zergei ihes egiteko bide berriak ere irekiko dira, ingeniaritza fiskala prest izango baitute askok.

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko zergak onurak ekartzen dituela frogatuta baldin badago, zer zor diote EAJk eta PSEk enpresa-eliteei? Azal diezaiotela herritarrei.