argia.eus
INPRIMATU
Kutsadura historiaurreko kobazuloetan
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko urriaren 06a

Kutsadura bila, lau kobazulo aztertu ditu nazioarteko ikerlari talde batek: Atapuercako Gran Dolina, Gibraltarreko Gorhams’ (argazkian) eta Vanguard, eta Priegoko (Kordoba, Espainia) El Pirulejo. Gran Dolinan aurkitutako kutsadura duela 450.000 urteko guano jalkinetatik dator eta, beraz, jatorri naturala du. Baina gainerakoetan kutsadura giza jarduerak eragin zuen. Gibraltarreko kobazuloetan neanderthalek piztutako suen ondorio izan zen, eta Kordobako Goi Paleolitoko leizean, aldiz, berunean aberats den galena erretzearen ondorio.

Gaur egungo estandarren arabera, “metal astunez kutsatutako lurzorua” da kobazulo horietakoa, eta bertan bizi zirenenen osasunean eragina izango zuelakoan daude ikerlariak. Neanderthalak desagertzea bultzatzeraino?