argia.eus
INPRIMATU
Gaxi-gaxi
Jakoba Errekondo 2015eko urriaren 06a

Belar bat txarra dela diogunean zer esan nahi dugu? Nik argi daukat: erabilera egokirik ez diogu aurkitu oraindik. Hori gertatzen zaio barrabas-belarrari, Oxalis latifolia. Ez da polita, ez da jaten, ez da sendagai, ez da erritugai... Ez du “balio”. Beste landareen artean enbarazu besterik ez du egiten...

Kultura kontu soila da. Asia aldean ibili berria naiz eta hara non topo egin dudan barrabas-belarrarekin. Hilerri batean, joandako senideen ohorez apaingarri polita barrabasa. Alboko argazkian dotore ikusten da. Gure belar txarra, han dotoreena, ohorezko leku batean. Gero eta toki gehiagotan erabiltzen da apaingarri. Topatu diote-eta erabilera!

Genero eta aldaera edo barietate ugari dago belar honetan: hosto gorrikoak, hosto gorri-berdekoak, lore zurikoak, lore horikoak... Estetika gustu eta disgustu ugari asetzeko adina.

Gurean ere etxeko belarra dugula esan beharko genuke, batez ere urak Atlantikora isurtzen dituzten lurretako etxeetan. Belar petrala, txatxua bailitzan tratatu izan da; azak eta babak mendetan bete duten eginkizuna hartu du barrabasak. Eta txarra eta ugaria den guztiari bezala izen mordoa eman izan zaio, irainerako gaia izan da; bestea nolakoa den azaltzeko erabiltzen da: Txomin-belarra, Patxi-belarra, Lekeitio-belarra, Bermeo-belarra, Barrabas-belarra... Zalantzarik gabe azken izen hori da politena, barrabasa: mokoka aritzeari eta borrokari emana dena. Barrabas-belarra soroa edo baratzea garbi, belar arrastorik gabe, erakutsi nahi duenarekin ari da, etengabe, mokoka!  

Beste era bateko izenak ere baditu belar honek: mingotsa, belar-mingotsa, hiruorri-mingotsa, bedar-garratz, mingospelar, mingarratz... Inoiz kosk egin dionak badaki ozpin punttu nabarmena duela; guk umetan makina bat probatua dugu artasoroaren babesean, gaxi-gaxia zela esaten genuen. Hortik izen mordo hori. Eta belar txar honen mingotsa izatea ontzat jotzen badugu? Belar mingots gisa ongarri bihurtzen badugu? Mahaian mingots punttu hori on bada, belar on izango da barrabasa! Hasi zure entsalada berritzen!