Lankideak kafe orduan mintzo. Halakori euskaraz egin dio betidanik erdalduntzat jotakoak. Horrelakori euskaraz erantzun diote ez dakit nongo enpresan edo badakit nongo dendan. Honelakori leihatilaren gibelean “adios” agurtzen zuenak “agur” edo “adio” egin dio bat-batean.
Nik ere badut zer kontatua. Lehengo asteburuan, fabore eske joan nintzaion herrian dugun etxearen ondoko auzoari. Atsegina da, baina gutitan jotzen dut harengana. Euskalduna da. Euskaraz egiten du seme-alabekin. Hala ere nirekin, auskalo zergatik, erdarara egiten du ihes, mintzatzen natzaion aldiro. Lehengo egunean, euskaraz ihardetsi zidan lehen aldiz 12 urtean.
Eta mikrotik makroagora. Joan den astean eman ziren aditzera Iruñeko Hizkuntza Eskolako aurre-matrikulazio datuak. Prentsako titularrei kasu egitera, aurten ere ez du etenik izan 2012tik hona matrikuletan urtez urte sumatzen den beherakadak. Ingelesa, beheiti. Frantsesa, beheiti. Orobat beheiti alemana edo italiera. Salbuespen bakarra, euskara. Ikastetxe horretan euskarazko matrikulazioek goiti egin dute lehen aldiz hainbat urtetan.
Eskoletako hurrengo matrikulazio kanpainan gertatuko denari begira jarria da bat baino gehiago. Ez bakarrik D ereduen gorakada ikusi nahi dutenen artean.
Zirtzilkeriak, beharbada, iraultza aztarrenik ez dakartzatenak. Adierazgarriak, ordea. Belarria erne eta gogoa belztu gabe duen nafar euskaldunari antzeko pasadizoak aditzen zaizkio azken hilabeteetatik hona, batez ere Iruñerrian bizi bada. Mirari tiki horiek ez dira hutsetik heldu. Maiatzaren 16ko hauteskundeetako emaitzen lurrikararen errepika xumeak.
Aspaldi errana da: haizeak nora gogoak hara. Eta haize berria dabil aspaldi honetan behialako erresuman. Nafarroan, jende mota bat, lotsak, beldurrak, axolagabekeriak edo erosokeriak bultzatuta, armairuan sarturik egon da, urte aunitzetan, euskaltasunari edo euskaltzaletasunari dagokionez. Jende hori armairutik ateratzen ari da orain, haizeak alde jotzen duenean.
“Aldaketa non da?” galdegin izan duenik bada jadanik bazterretan. Hori, Uxue Barkosek lehendakari bi hilabete egin gabe. Jende presatia, inondik ere. Oraino ez dira etorri gure ametsetako dekretu edo lege berriak. Horiek ere beharko ditugu. Bitartean, dekretu eta lege berririk gabe, aldaketa gertatzen ari da Nafarroan.