Ari naiz: sei urte daramatzat eskolak ematen unibertsitateko Lehen Mailako lehen lauhilekoan, karreraren hasi-hasieran, Haur Hezkuntzako Graduan Gasteizko Irakasle Eskolan. Oso une berezia da bigarren hezkuntzatik datozen ikasleentzat, hau da, haietako gehienentzat, unibertsitatean sartzeak, era globalean adierazteko, aldaketa kultural handia baitakar. Hori dela-eta, ikasleak esparru berrira hobeki egokitzeko laguntza espezifikoa ematen saiatzen gara, haien iguripenak arakatuz bidenabar.
Talaia polita da ikusteko gazteak, urduritasunak urduritasun, ilusioz beteak etortzen direla urtero Hegoaldeko lau herrialdeetatik. Nolanahi ere, beste paisaia batzuk ere ikusteko balio du talaia honek. Esaterako, ahozko euskara batuak ez duela ospe onik ikasle euskalkidunen artean: herriko hizkera alboratu gabe, graduan zehar ahoz eta estandarrean ere gaitasuna agertu beharko dutela iragartzean, batuaren pedagogia egin beharra suertatu izan zait azken sei urteotan.
Hauxe da galdera talaiatik, lagunok: zergatik ekartzen dute gazteek ahozko batuaren kontrako jarrera?