Ana Belen Montes: Los Cinco kubatarrak benetan sei ziren

  • Raul Castrok eta Barack Obamak bukatutzat ematean AEBen eta Kubaren arteko gerra hotza, diplomazia berrezarri eta normaltasunerako urratsak abiatuz, batak eta besteak askatu zituzten bere etsaientzako lanean aritutako espiak. Ez denak, ordea. Texasen dago preso Ana Belen Montes, espioi kualifikatu eta oso berezia: sinetsi egiten du. 

Defense Intelligence Agency (DIA) agentziak bere garaian zabaldutako irudi handiak erakusten du Ana Belen Montes bere lan onagatiko sari bat jasotzen, orduan CIAren zuzendari zen George Teneten eskutik. Irudi txikian Montesen kasua ikertu zuen kontra-inte
Defense Intelligence Agency (DIA) agentziak bere garaian zabaldutako irudi handiak erakusten du Ana Belen Montes bere lan onagatiko sari bat jasotzen, orduan CIAren zuzendari zen George Teneten eskutik. Irudi txikian Montesen kasua ikertu zuen kontra-inteligentziako agente Scott W. Carmichaelek plazaratutako liburuaren azala, espetxeratu zutenean Montesi egindako argazkiarekin. Benetako fededuna da liburuaren titulua, eta gaineko titulu txikiak dio: “Ana Montes, Kubaren espia handiena, ikertu eta atxilotzea barnetik kontatua”. AEBen eta Kubaren arteko giro berriaren barruan, Kubak askatu du DIAn zeukaten laguntzailea saldu zuen agente sekretu kubatarra; aldiz yankiek ez dute askatu Montes. Bestalde, 2009tik espetxean dago Walter Kendall Myers funtzionarioa ere, 30 urtez Atzerri Ministeritzan kubatarren alde espioitzan aritu izanagatik bizi osorako kondenatuta.

Biarnoko Monein herri txikia honez gero ongi ezagutzen dute Washingtongo Etxe Zurian: Jacqueline Roussie andereak hilero idazten dio gutuna Barack Obamari.

Joan den urtarrilekoan zioen: “Askatasuna maite duten milioika pertsonak bezala, sekulako poza hartu dut jakitean erabaki duzula aske uztea AEBetan hain injustuki espetxeratuta zeuden bost kubatarren arteko azken hirurak. Lehen urrats honek, eta iragarri duzun moduan zuen herrialdearen eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak berriro ezartzeak, ireki beharko lukete bi herrialdeon artean errespetuzko aro berri bat. Ziur nago erabaki honek zorion ukitu bat ekarriko ziola zuen familiari urte amaierako jaiotan”.

Hilero Obamari idazten dion Jacqueline Roussie –72 urte, matematika irakasle gaur erretretaduna– senar Clauderekin Kubara 2003an egindako bisitan maitemindu zen uharteaz eta hasi zen interesatzen han hain famatuak ziren Los Cinco presoez. Haiei laguntzen ahalegindu da geroztik Biarnotik.

Segidan diotso Roussiek Obamari, Le Grand Soir gune ezkertiarrean publiko egin duen idatzian: “Gutun honekin, idatzi dizkizudan 74.a delarik, aipatu  nahi nizuke beste kasu mingarri bat Kuba eta AEBen arteko harremanei lotua eta isilpean geratzen ari dena: Ana Belen Montesen kasua”. 2001ean atxilotu eta, heriotza zigorrari gutxigatik eskapu eginik, 25 urteko kondena ezarri dioten Montes agentearena, Kubaren alde espioitza lana AEBen inteligentzi zerbitzuen barnean goreneko mailan egin zuen emakumearen istorioa  da.

Asturiastik joandakoen biloba eta jatorriz Puerto Ricokoa zen mediku militar baten alaba, Alemaniako base militar batean sortu zen 1957an. Virginiako unibertsitatean nazioarteko harremanetan diplomatu ondoren, 28 urterekin sartu zen AEBetako inteligentzia zerbitzu militarrean (Defense Intelligence Agency, DIA). Zazpi urtez analista lanetan arituta, nagusiek La Habanara bidali zuten ordezkaritza diplomatikoaren baitan, militar kubanoen antolamendua aztertzera. Beranduago, 1998an Joan Paulo II. aita santua Kubara joan zenean, han zebilen ezkutuko lanean Montes.

Berataz orain batzuek dioten arren Montes hasieratik ari zela kubatarren alde lanean, 1985etik,  atxilotu aurreko urteetan DIAren Kubari buruzko analista nagusia zen. Eliteko agente askok bezala poligrafoaren froga gainditu behar izan zuen zenbait egoera susmagarritan, eta lortu zuen. Familia ere arras fidatzekoa du: Tito eta Lucy bi neba-arrebak FBIn ari dira. Mutil-lagun ohia ere DIAko agentea zuen.

Bitartean, epaiketan demostratutzat geratu zenez, espioitzako nobela klasikoetakoekin parekatzeko moduko lana ari zen burutzen Montes. Bere goi kargutik kontrolatzen zituen bai AEBek Kuban zeuzkaten agente eta sareak eta bai yankiek zekitena kubatarrek AEBetan zeuzkaten agenteez. La Habanako bere kontaktuekin telefono publikoetatik eta irratiz komunikatzen zen informazioa pasatzeko.

Montes izan omen zen, diote, kubatarrei zehaztu ziena El Salvadorren armada yankiak non zeukan base militar klandestino bat; ondoren gerrillari salvadortarrek eraso omen zuten base hori.

Espia fededuna

Kontrainteligentziako agente Scott W. Carmichaeli eman zioten DIAtik Montesi buruzko susmoak argitzeko lana eta 2001eko irailaren 20an atxilotu zuten Montes. Epaiketa eta kondenaren ondoren, Carmichaelek liburua idatzi zuen orain arte kubatarrek AEBetan eduki duten espia kualifikatuenaren bere bertsioa emanez.

Adierazgarria da ipini zion titulua: True Believer, euskaraz Benetako Sinestuna edo Egiaz Konbentzitua ipini beharko genukeena. Carmichaelek kopiatu zion Eric Hoffer (1902-1983) filosofoari, honek titulu bera ipini baitzion masa mugimenduen eta lider eta militante politikoen osagai psikologikoa –kausa handi bati zaion sinesmena, norberari kausaren defentsan aritzeak ematen dion segurtasuna– deskribatzen duen obra bati.

Izan ere, bai epaiketa osoan zehar eta bai gero, espetxetik bidali izan dituen gutunetan Ana Belen Montesek erakutsi du ez zuela Kubako aginte sozialistaren aldeko lana egin diruagatik baizik eta kubatarrek beren bide propioa egiteko eskubidea daukatela sinesten zuelako.

Fiskalarekin negoziatu zuen arren heriotza zigorra saihestuz 25 urteko kondena onartzeko, Montesek esan zuen epaiketaren azken hitzean: “Epaile jauna, zure aurrean nago egin dudalako zenbait gauza legeari ez baina nire kontzientziari jarraituz. Gure gobernuaren Kubarekiko politika krudela da eta bidegabea, sakonki erasokorra, eta behar moral bat sentitu dut uharteari laguntzeko defenditzen guk gure sistema politikoa eta gure baloreak inposatzeko ahaleginaren kontra”.

Eta aurrerago: “Menturaz moralki arbuiagarria gerta daiteke Kubarenganako gure politikari erantzuteko nire modua. Agian Kubak presio ekonomiko eta politikoetatik aske bizitzeko daukan eskubideak ez du justifikatzen nik lagundu izana Kubari informazio sekretuak emanez bere burua defenditu ahal izan zezan. Nik soilik esan dezaket egin dudala injustizia larri bat konpontzeko zuzena iruditu zitzaidana”.

Gaur Ana Belen Montes da  25037-016 zenbakidun presoa Carswelleko presondegi militarrean. Psikiatria atalean daukate, nahiz eta berak arazo psikikorik eduki ez. 14 urte pasata, isolamendu osoan daukate. Aita eta senideak ikusi ditzake tarteka, ez beste inor. Debekatuak ditu telefono deiak, prentsa, liburuak, telebista, kanpotiko paketeak.

Barack Obamak eta Raul Castrok sinatu dutenean AEBen eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak berrezartzea, tratuaren barruan zihoan espoitzagatik atxilotutakoak askatzea. Yankiek askatu dituzte Los Cinco famatuetatik azken hiruak.

Trukean kubanoek libre utzi Alan Gross amerikarra eta kubatar misteriotsu bat, gero jakin dena zela Rolando Sarraff Trujillo, CIAk Kubako zerbitzu sekretuetan infiltratuta zeukan goi kargua. Sarraff Trujilloren lanarekin lortu zuen, antza, CIAk mozorroa kentzea Los Cinco famatuei... eta Ana Belen Montes berari.

2027a arte preso egon behar duen emakumearentzako indultoa eskatuz idatzi dio Obama presidenteari Moneindik Jacqueline Roussiek: “Ana Belen Montes, bere kontzientziari obedituz, nolabait izan da Kubaren eta Estatu Batuen gaurko harreman berrien aitzindaria”.


ASTEKARIA
2015eko urriaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Blokeoaren amaiera?
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


2016-03-21 | ARGIA
Obama Kuban: AEBak iraultzaren problemetako bat baino ez dira

Barack Obama AEBetako presidentea Kuban da bisita ofizialean. Presidente estatubatuar batek irla bisitatzen duen lehen aldia da 88 urtean.


2015-08-14 | Garazi Zabaleta
AEBren enbaxada Kuban: blokeoa pitzatzen hasi da

Bi herrialdeen arteko hurbiltzearen isla da ostiralean La Habanan berriz irekiko duten AEBetako enbaxada. John Kerry AEBetako estatu idazkaria izanen da ekitaldian. Maila horretako diplomatiko amerikarrak azken bisita egin zuenetik 70 urte pasa dira. 


Washingtongo enbaxadatik harago: lau gako Kuba-AEB harremanen egoera ulertzeko

Astelehenean Kubako enbaxada berria zabaldu dute Washingtonen. 1959ko Kubako iraultzatik, irlak ez zeukan bulego diplomatikorik AEBetan.


Habanako espaloi lurmenduak

Kuba eta AEBen arteko bilera diplomatikoak urtarrilaren 21 eta 22an hasiko dira. Bi herrialdeen arteko harremana nola ikusten den ezagutu dugu Habanako kaleetan barrena.


Eguneraketa berriak daude