argia.eus
INPRIMATU
Txina: weiji gora, weiji behera
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2015eko irailaren 23a

Europan krisi ekonomikoa amaitzear zegoela zirudien. Bloomberg, The Economist eta Wall Street Journalek abuztuaren 24an, Txinako burtsa jardunaldiaren ostean, titularretara mundu mailako atzeraldi globalaren mamua eraman dute: Txinaren “astelehen beltza” izendatu dute.

Asiako herrialde handi hori jasaten ari den finantza crash hau azaltzeko, Txinako Gobernuaren zenbait erabaki kontuan izan behar dira. Alde batetik, azpiegitura eta etxebizitza arloan sustatutako inbertsioak, hamaika zero dituen diru kantitatea bideratuz eta espekulazio izugarria sustatuz. Higiezinen gaineko presio hori lasaitzeko, exekutiboak orain dela hiru urte burtsa arloan partikularren parte-hartze politikak bultzatu zituen. Horrela uler daiteke nola 2014ko ekainaren eta 2015eko hilabete berberaren artean, merkatuen balioa %150 handitu izana; 2015eko lehenengo seihilekoa hartuta soilik, %60. Higiezinen eta azpiegituren burbuilak zulatu zirenean, diru hori finantza mundura berbideratu zen, uda honetan burbuila hau zulatu den arte. Elkar loturik dauden hiru burbuilen aurrean gaude.

Prozesu honen gakoa ekonomiaren finantziazioa da, hots, finantza ekonomiaren lehentasuna beste sektoreen aurrean jartzea (nekazaritza, industria...). Ekonomia “errealaren” hazkundea moteldu denez, finantzak erabili dira hazkunde tasa altuak apaintzeko, estatu guztiek erabiltzen duten iruzurra.  Esportazioak murrizten diren epe berean, azpiegitura eta higiezinen burbuilak inbertsio indartsua eskatu du, baina bi burbuila horiek eztanda egin ondoren, diru hori burtsetara joan da irabazi-tasa handien bila. Horrek azaltzen du 2014-2015eko Txinako burtsen hazkundea.

Hala ere, Gobernuak ekonomia bere bidean mantentzeko erremintak ditu; interes tasak oraindik altuak dira eta badirudi beren ekonomiaren barne oreka bilatzen duen politika ekonomikoarekin jarraituko duela. Galdetu dezakegu ea normala ote den hazkunde ekonomikoak amaierarik ez izatea edota zeintzuk izan behar diren langileen lan baldintzak hazkunde helburu zehatzak lortzeko.

Argi dagoena da arazo bat suertatzekotan, ondorio bortitzena ez dela Txinan jasango. Mundu ekonomiak jada nabaritu ditu ondorio horiek, gogorren hartu dutenek lehengai esportatzaileak izanik, Txinan hazkunde ekonomikoa ahuldu denean, honen inportazioak murriztu baitira eta finantziazioa sakondu. Kapitalismo global honetan, Txinaren arazo batek beste herrialde bat hondora dezake.